Lekeitio, kale artez blai
Bihar ekingo zaio 2019ko Kalekari, bere 30. urteurrena betetzen duen edizioan. Guztira 18 kolektibo eta konpainia hartuko ditu igandera arte Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak Lekeitioko kale eta plazak agertoki bilakatuz
EDUKI, formatu eta hizkuntza anitzak batuko duen Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiari, Kalekari, bihar emango zaio hasiera. Edizio berezia izango da oso, izan ere festibalak 30 urteurrena ospatuko du “bere barnean aurkitzen diren hiru ataletan banatutako ekintza anitzekin”. Eserimentazioarako guneak, keinu antzerkia, dantza, zirkua, clowna, esperimentazio espazioak, kabareta, piroteknia, txotxongiloak eta proposamen instalatiboak izango dira eskuargarri igandera arte.
Hamaika emanaldi izango ditu Kalekaren sekzio ofizialak. Uztailaren 19an ekingo zaio programari, Zero en Conducta izenburupeko konpainiaren Trashhhhhh lanarekin, Abaroa parkean izango dena 11:30etik aurrera. Ostean, 18:30etan, La Nordica taldearen Rojo Estandar obraren txanda izango da; 21:00etan Sincronicadasen Ohlimpiadas eta 22:00etan, azkenik, Lökkeren The Big Game 8 ikusteko txanda izango da. Tala zein plaza hartuko dituzte ikuskizunok.
Hurengo jardunaldian, uztailaren 20an, larunbatean, Kalekaren momentu berezienetako bat helduko da. 18:30etik 23:30era “Euskal Herrian inoiz izan den su jairik handiena izango da”, antolatzaileen esanetan. “Lekittoko Deabruak talde piroteknikoak, jaialdiaren 30. urteurrenean, azken urteetan elkarlanean ibili diren Kataluniako 5 talde batuko ditu, larunbat gaua suaren jai handia bilakatzeko”. Orotara 200 profesionalez osatutako deabru taldea “batu eta mugimenduzko piroteknia erraldoia” ekarriko du Lekeitiora, plazatik hasita. Ostean Chiara Marchese italiarraren Mavara ikuskizuna -19:30, Talan-; Cia Y tu que pintas taldearen Jojo -20:00, plazan- eta Txileko Murmuyoren ¡Fuera! -20:30 Gamarra plazan- ikuskizunak izango dira ikusgai. Igandeari dagokionez, uztailaren 21ean zehazki, Zanguangoren Al otro lado -13:30- eta 7 Bubbles konpainiaren Burbuja antzezlanak -18:00etan, Elizapean- izango dira eskuragarri.
Hala ere, Lekeitioko Kalekak baditu beste bi sail, “garatzen diren testuinguru politiko, sozial eta kulturalari sendotasuna emateko helburuarekin: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch”. Lehenengoari dagokionez, “garapenean edo sorkuntza prozesuan dauden lanak biltzen ditu, eta espazio bat proposatzen du eragile kulturalen, artisten, publikoen eta abarren arteko sormen harreman-trukaketa gunea bilakatuz”. Guztira 20 eskaera jasotam horietatik “bost kolektiboren lanak aukeratu dira” Kalekarako: LaBuena Compañía, Cie Dé-Chaînée, Compañía La Intrépida, Cia Es Circ eta L?kke/Olatz De Andrés”.
Bestetik, Kaleka Scratch sailari dagokionez, “jaialdiaren ekintza-markoaren barruan, urtean zehar testuinguru lokalean egiten diren jardueren sustapena bultzatzen jarraitzea bilatzen du”. Besteak beste Lökkeren tailer bat eta Zanguangoren entsegu irekia programatu dira. Modu berean, “hiru esperimentazio espazio landuko dira”, Truca Rec, Creatura eta 7 Bubbles konpainien eskutik. Azkenik, “eta ohikoa bihurtzen ari den bezala, Lekeitioko kultur elkarteekin kolaboratzen jarraituko du”. Honen adierazle dira Arropaineko Arragua sorkuntza espazio bilakatuko dela Ulua(k) Teatro konpainiaren ren eskutik eta Malekoia Txiringitoak ikuskizun bat eskainiko duela.
21