BILBO. Zergatik, Kionita, Eder Aurre, Amanerak eta Skunfunk arropa marka euskaldunak Turismo Astearen azkeneko ekitaldiaren protagonista izan ziren atzo Itsas Museoaren Zabaldegian jarri zen pasarelan. Bertan, euren proposamenak aurkeztu zituzten, berezitasuna, jasangarritasuna eta turistentzako Euskadiko produktuen erakargarritasuna oinarri izanik.

“Turismoaren Mundu Erakundearen arabera, sektore gutxik esan dezakete hazkundeari hauspoa eman eta lana sortzeko boterea dutela turismoak eta erosketek egiten duten moduan. Erosketa ardura- tsuko turismoak gero eta indar gehiago dauka turismoaren balore katean, eta ez da jada aisi aktibitate bat soilik”, azaldu zuen Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak. Honekin bat, desfilearen gidari izan zen Laura Chamorro LCN Comunicación moda katearen fundatzailea, turismo mota honen abantailen inguruan mintzatu zen: “Bidaiariari esperientzia paregabe bat eskaintzen dio helmuga turistikoan dauden eta fabrikatu diren produktuak ezagutu eta erosteko. Gaur egun, Euskadin halako produktuak eskaintzen dituzten marka asko aurki daitezke”.

Gisa honetako turismo hau hedatu ahal izateko, Basque Country identitatearen baitan landuko dira produktuak. Modu honetan, global izatera heldu nahi da, aldi berean, bidaiarien jarrera normalizatuz eta denboraldi baterako biztanle bezala tratatuz. Hau da, hemengo gustuen partehartzaile eta denda lokalen erosle bihurtzea da jomuga gertutasun sentsazioa garatzeko.

“Zenbat eta gehiago, hobeto” premisari jarraituz, desfilea osatzeko nazioartean ospetsuak diren euskal marken lanak ikusteko aukera egon zen zabaldegian. Hala nola, hasieran aipatutako markekin batera, Sophie et Voilá, Mar Cadarso, Amaia Txabarria, Minimil, Mercedes de Miguel eta BOX San Sebastián markek lekua izan zuten pasarelan. Haiek ere, berezko kultura-identitatearen eta beren produktua susta- tzeko garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten dute.

“Momentu honetan turismoak eta merkataritzak 236.000 langile ditu, alegia, Euskadiko enpleguaren %25 eta BPGd-aren %17. Jarduera-eragile izateaz gainera, hurbileko merkataritzak gure herri eta hirietako gizarte- eta lurralde-kohesioan laguntzen du eta gure auzoei identitatea eta berezitasuna ematen die”, ziurtatu zuen Pérezek. Alabaina, identitate hori ez da bi egunetan eraikiko. Izan ere, lan eskerga egin beharko da Espainia osoan dagoen egoerari buelta emateko. “Espainian merkataritza jasangarriko 1500 denda baino gehiago existitzen badira ere, gehienak enpresa txikiak edo autonomoak dira. Hortaz, aldaketa enpresa ertainen eta handien eskutik etorri beharko da”, aitortu zuen Chamorrok. Eta jakina denez, handien eskuetan geratzen da etekin eta ondare handiena.

Bien bitartean, Monitour plataformak Euskadi arlo turistikoan leihakorrena den komunitate bezala izendatu du. Eta azken asteko ekitaldiek gaitasun hori aprobetxatzeko inten- tzioa dagoela erakusten dute. Atzokoarekin batera, ostegunean “Euskal turismoko enpleguaren erronkak”, asteazkenean Lehiakortasun turistikoa: Euskadi erreferente gisa eta asteartean Euskaltour, Turismo sare euskaldun berria aurkeztu ziren. “Proiektu berritzaile eta jasangarri bat da gurea, aberastasuna eta lana sortzen duena, balorea ematen diena herriko dendei, bisitarien esperientziak indartzen dituena, eta turismo eta merkataritza konbinatuz finantzak sortzen dituena”, laburbildu zuen Isabel Muela sailburuordeak.