BILBO. Arkeologi Museoak bere hamargarren urteurrena ospatuko du ekainaren 13tik 16ra. Arkeologiako hitzorduaren 1. edizioa Bizkaian ospatuko da egun horietan.

Gauzak horrela Arkeologi Museoak topaketak koordinatu ditu gure Lurraldean arkeologiaren garapenean eta zabalkuntzan inplikatuta dauden agente batzuen laguntzarekin, adibidez UPV/EHUren Paisaia Kulturalen eta Ondarearen Unesco katedra, Ondare Babesa arkeologiako enpresa eta Lurraldean dauden eta material arkeologikoak biltzen dituzten museo batzuk: El Pobal burdinola, Euskal Museoa, Bilbok Berreginen Museoa eta Enkarterriko Museoa.Arkeologiarekiko hitzordu hau arkeologiako ikerkuntzen, bildumen eta ondarearen ikerkuntzaren sustapenari eta zabalkuntzari dedikatuta dago. Bere helburu nagusia interesa duen jendeari diziplina honen ezkutuko kontuak erakustea da, hasi indusketetatik eta museoetako eta ikerkuntza-zentroetako laborategietan egiten diren lanetaraino, hau da, arkeologia ezkutuko altxorrekin identifikatzen duen topikoa hautsiz.

Jarduera hauei esker normalean mugatuta eta murriztuta egoten diren espazioak ikusteko aukera egongo da.

Arkeologi Museoko arkeologiaren eta errestaurazioaren arloko profesionalek lagunduta bisitariak Museoko erraietan sartuko dira arkeologiari esker azken 100 urte hauetan Lurraldean berreskuratu diren materialak gordetzen diren tokiak ezagutzeko; hurrengo belaunaldiek ere aztertzeko aukera izan dezaten derrigorrez gorde eta zaindu behar diren benetako agiri historikoak dira.

Halaber aukera egongo da mugatuta egoten diren beste espazio batzuk bisitatzeko, adibidez Punta Begoñako Galeriak Getxon; toki horretan UPV/EHUren Paisaia Kulturalen eta Ondarearen Unesco katedrak hausnarketarako gonbidapena egingo du 20 minutuko hitzaldien, mahai-inguruen eta elementu hori lehengoratzeko eta aintzatesteko proiektu integralari lotutako arkeologiako esku hartzei buruzko `Arqueología de la destrucción o de lo efímero´ gaiari buruzko dokumentalaren proiekzioaren bidez. Jardunaldi horretan bisitariek argazkiak atera ahal izango dituzte Arkeologi Museoak eta Punta Begoña Galeriek antolatutako lehiaketarako.

Bisita gidatu batzuen bidez arkeologiak zaharberrikuntza arkitektonikoko edo hiri-plangintzako proiektu askotan duen garrantzia ezagutu ahal izango da, besteak beste aipatu diren Punta Begoñako esku hartzeetan gertatzen den bezala, baina baita Bilboko Mariaren Bihotza plazan egin zirenetan eta San Frantzisko komentuko aurriak agerian utzi zituztenetan ere, edo Urtubiagako burdinolaren kasuan bezala bertan behera utzita eta landaretzak janda dauden Sopuertako edo Eako eraikin zaharrak zaharberritzekoetan ere.

Bisitariek toki bereiziak eta bakarrak ezagutu ahal izango dituzte, gure arbasoen bizitzeko erak erakusten dizkigutenak, oraina hobetu ulertzen eta etorkizunari begiratzeko gonbidapena egiten laguntzen digutenak.

Azkenik, Bilboko Berreginen Museoak `El XIX: un siglo de campañas´ bideoa proiektatuko du, ikuspegi desberdin batetik Museoko bilduman gakoak diren obretako batzuk ezagutzeko aukera emango diguna, hau da, obra horiek XIX. mendearen erdialdean argitaratu zituzten kanpaina arkeologikoen ikuspegitik.