‘Gandarias Etxea’, gazte zaurgarrientzako Aldundiako programa bat
Proiektuak ere ‘Enplegu bizkorgailu’ bat jarri du martxan lanpostu aurkitzea errazteko
BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiako ‘Gandarias Etxea’ programa martxan dago, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren eta Caritasen laguntza. Bere helburua da gaztekalteberentzat emanzipaziorekin laguntzea.
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako eta Caritasekin batera hitzartutako proiektu horrek ‘Enplegu bizkorgailu' bat du, gazteei lanpostu batera sartzeko bidea errazteko banakako ibilbideak garatzen dituena.
‘Gandarias Etxea’ zerbitzu berritzaile bat da, programa eta zentro bakarretik helduen bizitzarako bidean dauden gazteentzako arretan oinarritutako esku-hartze mistoa (egoitza-zentroa eta eguneko zentroa) eskaintzen duena. Planteamenduak emantzipazio-prozesuetan dauden gazteak sartzeko inklusio-prozesuak babesteko sare baten beharra du. Egoitza-laguntza ez da orokortua izango, pertsona bakoitzaren arabera, beharra dutenei soilik eskainiko zaie.
‘Gandarias Etxea’ programan parte hartuko duten pertsonak familia-estaldura egokia ez duten (edo estaldura oso ezegonkorra duten) 18 eta 23 urte bitarteko gazteak izango dira. Eremu pertsonalean, afektiboan eta harreman- eta hezkuntza-eremuan gabezi nabarmenak dituzten pertsonak dira. Zerbitzuak hainbat laguntza eskaintzen ditu gazte bakoitzak helduen bizitzarako bidea arrakastaz garatzeko aukera izan dezan.
Proiektuak 15 kasu artatu ahal ditu era konbinatuan (egoitzakoa + egunekoa) eta 17 kasu eguneko arreta esklusiboan. Caritasekin sinaturiko hitzarmenak 19 hilabeteko indarraldia du eta ia 750.000 euroko aurrekontu-zuzkidura.
ARRETA Eguneko arretan, balio anitzeko zerbitzu bat eskaintzen da, emantzipazio-prozesuak babesteko eta inklusio-prozesuetan banakako laguntza emateko. Zentroa ‘Gandarias Etxea’ programaren erreferentzia fisikoa izango da, behar denean, toki zehatz horretatik haratago joango diren ekintzekin. Esku-hartze prozesuak egituratuko dira programarekin loturiko egoitza-zerbitzuan ostatu hartzen duten pertsonekin zein etxebizitza normalizatuetan bizi diren pertsonekin.
Psikologiako, etxeko sorospeneko, integrazio- edo hezkuntza-hezitzailetzako langile kualifikatuek osatzen duten diziplina anitzeko talde batek darama ‘Gandarias Etxea’.
‘Enplegu bizkorgailuari’ dagokionez, banakako ibilbideei esker, 32 gazte lagunduko ditu, horiek ahalduntzea eta autonomia sustatzeko eta beraien baliabide pertsonal eta sozialak indartzeko. Aktibazio-ekintzen eta lan-orientazioaren bitartez eraikiko da, laneratzeko plan pertsonal batetik abiatuta.