Ekainaren 23an, Ugao-Miraballesek San Juan jaiak ospatuko ditu eta horretarako, Jai batzordeak adin guztiei zuzendutako ekintzaz beteriko egitaraua antolatu du. Horien artean, kalejira, trikitilariak, meza, txokolatada eta dantza ikuskizunak aurkitu daitezke
Eguna 11:00etan hasiko da Markio auzoko igoera tradizionalarekin. Bertan, beste urte batez, jada ohikoak diren paella lehiaketa eta dantza jaialdia egingo dira Etorki dantza taldearen eskutik. Etorkik, Riazako (Segovia) abesbatsa eta dantza taldearekin batera dantza ikuskizuna eskainiko du Herriaren Enparantzan.
Jai egunean zehar, bestelako jarduerak ere egongo dira. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: puzgarriak, meza San Juan baselizan, trikitilariek alaitutako luntxa, buruhandien kalejira Herriaren enparantzatik, eta abar luze bat. Jardunaren amaiera gisa, Dantzaldia ospatuko da Arizgoiti taldearen eskutik eta lehenengo eta bigarren pasearen artean, txokolatada bat ere antolatu da. Bukatzeko, urteko gau laburreneko ekintzarik nabarmenena egingo da: su piztea, alegia.
Hona hemen egitaraua bere osotasunean:
- 11:00: Markiorako kalejira (Herriaren enparantzatik irtengo da).
- 12:00: Umeentzako puzgarriak Markion, ohe elastikoak eta puzgarriak.
- 12:00: Meza San Joan Baselizan.
- 12:30: Luntxa Markion, trikitilariek alaituta.
- 14:00: Lehiaketara aurkeztutako paellen aurkezpena Markioko plazan. Jarraian, paella txapelketaren sari-banaketa.
- 18:15: Buruhandien kalejira Herriaren enparantzatik.
- 20:00: Dantza jaialdia Herriaren enparantzan Riaza (Segovia) koro eta dantza taldea eta Etorki dantza taldeen eskutik.
- 21:30: Dantzaldia Arizgoiti taldearekin Herriaren enparantzan (1. pasea).
- 22:30: Txokolatada.
- 23:00: Dantzaldia Arizgoiti taldearekin Herriaren enparantzan (2. pasea).