BILBO. Horrela, ekimenaren arduradunek nabarmendu dutenez, "euskara euskaraz partekatzea da" Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiak eta Bilboko euskaltegien sareak bosgarren urtez egingo duten Berbagunearen asmo nagusia.

Edizio honetako erronka, berriz ere, euskara kalera ateratzea eta adin guztietako euskaldunek mahai baten inguruan zenbait gairi buruz euskaraz aritzea da, hau da, besteak beste, kulturari, kirolari, aisiari, sare sozialei eta beste gai batzuri buruz euskaraz hitz egitea, eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada ematea.

Berbaguneak euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai diren pertsonak bilduko ditu, giro atseginean, kezka bera duten pertsonekin hizketan aritu nahi badute. Horretarako, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean jarriko dira 09:30etik 18:00etara bitartean, hainbat elkarrizketatan parte hartzeko.

LAU TXANDA

Jarduera egun osoan izango da Azkuna Zentroko atrioan, baina txandaka, eta guztira, 1.600 pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenengo txanda 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 16:30etik 18:00etara.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. 20 minutu pasata, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte hartzaileak, hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, mahai bakoitzean pertsona bat egongo da gaia proposatu eta elkarrizketa gidatzeko.

Aurten, gainera, hiriko zenbait ikastetxetako ikasleen eta Bilboko euskaltegietako euskara ikasleen laguntza izateaz gain, antolatzaileek nahi dute herritarrek parte hartzea arratsaldeko txandan, hau da, 16:30etik 18:00etara bitartean.

Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politikako eragileek ere parte hartuko dute eta mahai berean egongo dira Berbaguneko partaideekin. Helburuak dira euskara ageriagoa izatea, kalean presentzia handiagoa izatea eta euskara erabiltzeak eguneroko bizimoduan duen garrantzia azpimarratzea. Berbaguneak IKEA, El Corte Inglés, Kutxabank eta Deiaren babesa du.