BILBO. Bilboko Udalak orain arte 4 urtetik beherakoei salbuesten zien ordaintzetik Bilbobus zerbitzuan, baina hemendik aurrera 6 urtetik beherakoek Bilbobus zerbitzuan doan bidaiatzea erabaki du, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak hartutako erabaki hau mugikortasun jasangarria sustatzeko eta denen eskueran jartzeko neurri berriak hartzeko apustuaren barruan dago.

Hala, Alfonso Gil zinegotziak azaldu duenez, ume txikiak dituzten familiei Bilbobus garraio publiko jasangarri gisa aukeratzea erraztu nahi izan diete. Neurri honekin, familien ekonomian eragin negatiborik gabe familietako kide guztiek Bilbobus zerbitzua erabili ahal izatea ahalbidetu nahi da.

Ildo honetatik, inguruko urietako eta Espainiako uri nagusietako autobus-zerbitzuek baino prezio merkeagoa eskaintzen du Bilbobusek.

Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren asmoa Artxandako Funikularrean neurri berbera jartzea da, horretarako hurrengo Administrazio Kontseiluan 6 urtetik beherakoek doan bidaiatzearen proposamena egingo du.

Gainera, 2015ean Bilbobusen bidaiari-kopurua 26 milioitik gorakoa izan zen. Aurreko urtean baino 50.000 bidaiari gehiago. Udalaren garraio-zerbitzuak 43 linea ditu; 27 arrunt, 8 auzolinea eta 8 gautxori. Guztira 147 autobus ditu eta geralekuak 516 dira; hau da, biztanleen % 99,8k etxetik 300 metrora edo gutxiagora du geraleku bat.

Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak egindako inkestaren arabera, Bilbobus zerbitzuaz erabiltzaileek duten gogobetetze-maila sendotu da; izan ere, nota oso ona da: hamarretik 7,32.