Síguenos en redes sociales:

Artxandako Funikularrak TripAdvisor 2016ko bikaintasun agiria lortu du

Gehienbat bidaiarientzat eta turistentzat den web erreferentea da mundu osoan

Artxandako Funikularrak TripAdvisor 2016ko bikaintasun agiria lortu duBorja Guerrero

BILBO. Bilboko Udaletik jakinarazi duenez, bikaintasun agiri hau argitalpen horietan oinarritzen da eta turisten eta bidaiarien iritzi onak sarri jasotzen dituzten lekuei eta establezimenduei ematen zaie. Hartara, funikularraren gainean adierazitako iritzi gehienei esker, "bikain edo oso ondo" kalifikazioa eskuratu du goi mailako kalitateko zerbitzua eskaintzeagatik.

Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak agiria jaso izana goraipatu eta funikularrak egunetik egunera erabiltzaile gehiago dituela baieztatu du. "Artxanda, inolako ezbairik gabe, amu turistikoa da Bilbo bisitatzera datozenentzat", esan du.

Horren erakusgarri da funikularrak erabiltzaileen kopuruan azken hamar urteotan egin duen gorakada, batez ere, 2015etik aurrera, hain zuzen ere, lehen mendeurrena bete zuenetik hona, urte hartan 728.921 bidaiarik erabili baitzuten funikularra. 2016ko aurreneko hiletan ere bidaiarien kopuruak gora egiten jarraitu du.

EHUN URTE

Gaur egun Castaños auzoa eta Artxanda lotzen dituen funikularraren sustatzaileek 1915eko urriaren 3an inauguratu nahi zuten, baina azkenean 1915eko urriaren 7an egin zuten, 12.20an, garai hartako kronikek diotenez. Alkatea Ricardo Power Zabala zen (izendatu berria, Benito Marco Gardoquik dimititu ondoren), bidaiak zazpi minutuko iraupena zuen eta trenbideak metro bateko zabalera.

Gaur egun funikularrak Castaños auzoa eta Artxanda lotzen ditu hiru bat minututan. Astegunetan 07.15etik 22.00etara bitartean dago zerbitzuan; jaiegunetan, berriz, 08.15etik 22.00etara bitartean funtzionatzen du, eta udan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) 23.00etara arte luzatzen du zerbitzua.

Funikularrak 15 minutuko maiztasuna du, bidaiarien pilaketa dagoenean izan ezik, orduan handiagoa baitu bidaiariek geltokiak libre utzi ditzaten.