Antton Irusta, haur eta gazteentzako hitz eta ikasbideak
Idazle usansolotarrak ‘Euskal Herriko kondaira onenak’ ipuin bilduma argitartu berri du Irakasle honek 35 liburu baino gehiago kaleratu ditu, gehienak gaztetxoei zuzenduta
Bilbao - Egunak eskaintzen dituen orduak labur geratzen zaizkio Antton Irusta usansolotarrari. Gizon jantzia, konprometitua eta gogotsua, hainbat saltsatan sartuta ibiltzen da beti. Bilboko Urretxindorra ikastolako maisu honek 35 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta bere azken lana Euskal Herriko kondaira onenak deritzo. Aitzakia hori bailatuta, bere idazle jardueraz, bere herriaz eta egungo gazteez duen ikuspegiaz galdetu dio DEIAk.
Argitaratu berri duen azken liburua haurrei zuzenduta dago, kasu honetan 6 eta 12 urte bitartekoei. Oraingoan, baina, hainbat berezitasun dituen ipuin bilduma ederra dakar. “Oso edizio zaindua atera du Susaeta argitaletxeak. Enrique Morente galdakoztarra marrazkilari itzela da eta bera arduratu da alde horretaz. Basajaun, Ttarttalo edo Maridomingi bezalako pertsonaia ezagunak hartu ditut, baina gaur egungo egoeratan kokatu ditut. Olentzero, esaterako, Benidormera eraman dut. Irakurzaletasuna bultza-tzea da helburuetako bat”. Irustaren lan gehien-gehienak gazte eta haurrei zuzenduta daude, hurbiletik ezagutzen duen mundu bat bere irakasle lanagatik eta bi semeren aita delako. “Haur eta gazte literaturan hasi nintzen, beharra egon zelako, eta oso gustura senti-tzen naiz. Gaztetxo bati istorioa kontatuko banio bezala idazten ditut horrelako liburuak, eta oso ariketa emozionala da. Esaten dute denok daramagula ume bat barruan, eta kasu hauetan atera egiten dut. Ipuinaren transmisioa ere asko interesatzen zait, baita tradizioena”, azaldu du.
Usansoloko Taberna Txiki baserriko semea da Antton eta egun Galdakaoko auzoa den leku honetan igaro zuen bere haurtzaroa, kirolari oso lotuta: “Frontoian egoten ginen beti eta futbola ere gustoko nuen; hirugarren mailan jokatu nuen”. Eskolan ere ikasle fina zen Irusta, batez ere gustoko ikasgaietan, eta zaletasun horretatik bideratuko zuen gerora bere jarduna. Eubako Pasionistetan ikasten ari zenean, 17 urte zituela, euskara irakasle moduan ere hasi zen, ikastegian bertan. Harrezkeroztik ez da arbeletatik urrundu: “Derion magisteritza ikasi nuen geroago eta, amaitutakoan, Deustuko Unibertsitatera joan nintzen, Euskal Filologia ikasteko”. Ikasketa hauek ere burutu zituen, baita garaiko giro kulturalean murgildu ere. “Gaztetatik liburutegietan zorion-tsu izan naiz ni. Ipuin zaharretan, tradizioetan eta mitoetan arakatzen nuen, eta kontu kontari hasi nin-tzen”, gogoratu du.
Usansolora oso lotuta egon da Irusta urte hauetan guztietan, eta bertatik bertara jarraitu du kultura zein kirol arlotan gertatu den guztia. Datozen bi urteotan biziko den segregazio prozesua ere interes handiz jarraituko du. “Usansolo herri bat da, sentimendu hori dago eta nortasun bat badago. Galdakaoko erdigunetik 2,5 kilometrora egoteak ondorioak ditu. Udaleko jendeak zein galdakoztarrek ulertzen dute, eta 2017rako usansolotarrek erabakiko dute, zergatik ez?”.
Ikasgeletan hiru hamarkada eman ostean, irizpide interesgarria dauka egungo gazteen izaeraz. Eta badu kezka: “Oso kritikoa naiz. Balioen galera argia dago, eta dena erraz ematen zaie. Azken 15 urtean gauzak nabarmen aldatu dira. Hala ere, gazte eredugarriak ere badaude. Etxean heziketa landu behar da eta guk ere lanean segituko dugu”.
Más en Bizkaia
-
Jakin-Mina 2024-2025 ziurtagiriak banatu ditu Etxanobek
-
La copa de la Europa League, de chocolate y pintada a mano
-
Bilboko erdigunean bizi direnek gaueko abonua izango dute Azkuna Zentroko eta Indautxuko udal aparkalekuetarako
-
Encuentro entre deporte y vivienda: el Bilbao Basket visita Hegoalde Bat y Bi