Ander Goyoaga

Zeanuri - Uribe auzotik abiatuta, Enrique Etxebarria artzainak bere baserria eta familia utziko du atzean gaur hilabete luze emateko Lekandapeko bere etxolan. 200 ardi inguruko artalde batekin emango du uztaila inguruko larreetan eta aberea zaintzea zein gazta egitea izango dira bere zeregin nagusiak. Ohitura horri eusten dion Gorbeialdeko artzain bakarrenetakoa da eta Ipizki Taldearen gonbiteari erantzungo dioten hainbat herritarren laguntza izango du gaurko trashumantzian.

Ipizki Taldetik adierazi dutenez, antzinatik datorren jarduera da trashumantziarena, Neolitikotik datorrena, hain zuzen ere. Azken hamarkadetan desagertzen joan da eskualde honetan eta, horren jakitun, trashumantzian laguntzeko ekimen hau burutu zuen elkarte honek. Etxebarria baino lehen, beste artzain bat laguntzen zuten Ipizkiko lagunek, baina azken hamarkadan berak hartu du lekukoa. Hala ere, berarekin batera Arrabako landetara igoko diren 50 herritar inguru horiek itzuli egingo dira arratsaldean. Eta gaua bakarrik emango du bera, datorren abuztuaren 1era arte egingo duen bezala.

Orain dela sei urte arte, bi hile ematen zituen Elexartza bere baserritik kanpo: “Gazteagotan hiru hile ere egon izan naiz, baina orain hilabete nahikoa izaten da. Osasuna dudan bitartean igotzen jarraituko dut”. 71 urte ditu orain eta sasoiko ikusten zaio. Dioenez, ez da bakarrik egoten, Lur bere txakurra ere berarekin batera egoten baita. Eta 200 ardi inguru. Hainbat mendigoizalerekin ere topatuko da egunero eta beste zenbait artzainekin ere izango da noizean behin. “Orain dela zenbait urte hainbat ginen txaboletan bizitzen geratzen ginenak. Uste dut orain bakarra naizela, Gorbeialdearen alde honetan behintzat. Hala ere, artzain ba-tzuk badaude oraindik ere”, azaldu du.

Zeanuriko Uribe auzoko Elexar-tza baserrian, Josefina Egiluz bere emaztea eta bere semerik gazteena utziko ditu gaurtik. Hiru seme-alaba dituen arren, inork ez dio eutsi aspalditik zetorren artzaintzaren tradizioari. “Gazteenak laguntzen nau, baina beste bizitza bat daukate eta ez dut uste etorkizunean baserriko bizitza honi eutsiko diotenik”, adierazi du. Bere bizimodua maite duen arren, ez du penaz aiortzen. “Oso gustoko izan behar duzu, bestela gogorra egingo zaizu ziurrenik. Alde onak zein txarrak ditu, baina niri asko gustatzen zait”, adierazi du.

Izaera alaia eta baikorra du Etxebarriak, ez du irribarrea kentzen. Bere Arrabako txabolan denetarik duela dio eta bizitza osoko eskarmentua du ondo baino hobeto moldatzeko. “Literak ditugu, baita sukaldea eta komuna ere. Eguzki-energiaz funtzionatzen du. Ez naiz txarto egongo”, dio. Dudarik ez du horretaz bere emazteak: “Bere bizitza da eta gu ohituta gaude”. Bisitaren bat ere egingo diote datozen asteotan.

gaurko ekimena Ipizki Taldea bera laguntzen hasi zenean, besoak zabalik hartu zuen Etxebarriak ekimena. “Oso jende ani-tza etortzen da. Batzuk Zeanurikoak dira eta beste batzuk Gipuzkoatik ere datoz. Baserrikoak zein kalekoak daude eta uste dut interesa daukatela trashumantziaren ohitura ezagutzeko”, aiderazi du.

Gaurko ekimena, goizeko 9.00etan abiatuko da Zeanuriko herrigunetik Elexartza baserrirantz. Enrique Etxebarria eta bere familiarenera ailegatzean, Ana Mari bere arrebak familiako tradizioari ekinez, artaldea bedeinkatuko du: “San Joanek jagon daizala Arrabako landan”. Hortik aurrera, Gorbeiara abiatuko da taldea eta eguerdiko 12.30erako hamaiketakoa dago aurreikusita. Etxebarriak bere txabola ere erakutsiko die bisitariei, datorren hilean zehar bere etxea izango dena. Horren ostean, agurtuko dira eta Uribeko artzainak bere bizitza berriari ekingo dio.

Arraba inguruan ibili ohi da Etxebarria bere artaldearekin lehenengo elurteak heldu bitartean eta udan ere han izango da. Egunean bi biderrez eraitsi egiten ditu bere ardiak udan zehar, gazta egin ahal izateko bere txabolako atzekaldean. “Goizez eta gabez jetzi egiten ditut eta egunean zehar larretan egoten naiz, leku batetik bestera. Bolada atsegina izaten da niretzat. Txikitatik bizi izan dut”. 14 urte zituela hasi zen artzain lanetan bera, eskola utzi eta Basilio Etxebarria bere aitaren pausoak jarraitu zituen. Lau hamarkatetan zehar Euskal Herriko Mendi Federazioaren aterpetxea zaintzeaz ere arduratu zen bere familia eta oso oroi-tzapen onak ditu garai horretaz. Artzain lanetan eman dituen ia 60 urte hauetan ehunka pertsona ezagutu ditu eta bere ogibidea garai berrietara egokitzen ere ikasi du. Hilabeteko oporrak hartzen dituenetako ez da Etxebarria, baina zinez estimatzen ditu astebeteko egonaldiak Mediterraneoan. Han kargatu izan ditu bateriak behin baino gehiagotan Uribe auzora itzuli baino lehen.

Hiriko jendea baserritik lar urrun bizi dela pentsatzen duenetakoa da Etxebarria. “Supermerkatuan ikusten duten gazta borobil hori nondik datorren jakingo ez duenik egongo da, bai”. Berak pozik eta alai erakusten dio beti nolakoa den prozesua beregana hurbiltzen den edonori. Gaurkoa horretarako egun aproposa izango da. Arrantzaleak itsasora jotzen duen bezala, berak mendira egiten du. Lekandapean izango du bere babesleku gaurtik aurrera.