Izenaduba, gure mitoen bizilekua
sENDABELARRAK ditu Martzelina sorginak bere baratze ederrean. Lamiak, Maritxu teilatuetakoa, Tartalo edo galtzagorriak gaixotzen direnean, ospitalera joan beharrean bertara hurbiltzen dira sorginak bere ukendu eta edabe magikoekin osatu di-tzan. Sorginak izaki zitalak direneko uste hori ez baita Mungiako Izenaduba Basoan, euskal mitologia ezagu-tzeko lekurik aproposenean.
2007ko abenduan ateak ireki zituenetik egun arte, 200.000 bisitari baino gehiago izan ditu zentroak, horietatik 40.000 inguru ikasleak izan direlarik. Izenaduba Basoa, aisialdirako alternatiba den heinean, erreferente bilakatu da azken zazpi urte hauetan. Urtero jasotzen dituen 30.000 bisitari baino gehiagoren artean, bai adin ezberdinetako pertsonak, bai Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak daude, helduak, umeak, ikastetxeak, elkarteak, familiak, kuadrilak?
2013 urtean 40.000 bisitatik gora jaso zituzten, Euskal Herriko interpretazio zentrorik bisitatuena bilakatuz. Erronka handia dute beraz aurretik kalitatezko esperientzia kulturala eskaintzen jarraitzeko, eta horretarako lanean ari dira. “Lamiak, Tartalo eta basoko beste izakiak txukun mantentzen ditugu” diote zentroko arduradunek. “Pertsonaiak eta instalakun-tzak berriztatu egin ditugu eta basoa gero eta ederrago dago”, ziurtatu dute. Eta hori lortzea merkea ez bada ere, “gure basoak eta bertan bizi diren izaki guztiek merezi dute”.
Etengabe ari dira Izenaduba Basoa edertu eta hobetzen: bide berriak sortuz, sorginen baratzean haziak landatuz edo bizikide berriak hartuz. Izan ere, prest dute jada Mungian Napo astoaren etxea izango dena. “Napo Olentzerorekin aritzen da eta gabonetan opariak aldean eramaten ditu”, adierazi dute. Baso magikora bisita egiten duten umeek Napo ezagutzeko aukera izango dute, eta, agian, opariak nora eraman behar dituen ere esateko aukera izango dute.
Bizkaiko baserririk zaharrenaren inguruan dago eraikia zentroa, Landetxo baserria hain zuzen. Horixe da Olentzeroren bizilekua aspalditik eta bertan Mari Domingi ere egoten da, jentilen inguruko istorio miresgarriak kontatuz.
Ez da Landetxo baina Izenaduba basoan aurkitu daitekeen altxor bakarra. Tartaloren laberintoan barrena, baseliza bat zegoen, denboraren poderioz higatu eta kolorgetua. Baseliza berria, Emerandoko Santa Elenaren erreprodukzio bat izango da eta bertan ekintza anitzetarako lekua izango dute: Erakusketa eta programa didaktiko ezberdinekin bat datozen tailerrak, ipuin kontalariak, magia ikuskizunak, zinema etabar. Mungiako Udala goitik behera berreraikitzen ari da momentu honetan eta hil honen bukaerarako prest izango dute.
BISITA LUDIKOAK Izenaduba Basora bisitan doazenak bost zentzumenak gozatzeko esperientzia bizitzeko aukera dute. Sorginen baratzeko landareak usaindu, ikutu, dastatu! Labirinto ikusgarrian zehar korrika egin, Tartaloren begiradapean, Mariren koba miragarrian murgildu... irudimenezko mundu koloretsu eta magikoan barrena dantzatu, Herensugea, Basajaun eta Akerra lagun jentilen istorioak ikasi; 3D simulagailua, joko interaktiboak, eta hamaika bazter ezagu-tzeko daude Izenaduban.
Gainera, orain tradizioak, ohiturak, euskal kultura eta mitologia teknologia berriekin uztartuko dituen gune berria ere izango dute bertan. Hamabi ekipo informatiko egongo dira eskuragarri ukipen-pantailekin eta 43 hazbeteko bideo pantaila. Horrela, jarduera ludiko -didaktikoetan jolasteko abagunea izango dute ikasleek, “euskal Curriculumarekin lotutako edukiak landuz” eta alor ezberdinak garatzeko lagungarri izango diren gaitasunak trebatuz, hots, hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna , matematikarako gaitasuna, teknologia digitaletan trebakuntza,...
“Indarberrituta eta gogo handiz” hartuko dituzte ume, gazte zein familiak Izenaduban kurtso hasiera honetan. “Sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen dugu, batez ere taldeka badatoz”, diote. Izan ere, askotan “bisita egunak bete-beteta izaten ditugu”, azaldu dute. Eta datuak hor daude, Bizkaiko museo eta interpretazio zentroetan seigarren baita Izenaduba Basoa bisitari kopuruan. 2007an ateak ireki zituztenetik Olentzeroren etxe izatetik Mungiako ikur hau euskal lurraldeetako lehen parke mitologiko izatera pasatu da eta zalantza barik, eskualde eta Bizkaia osoan ezinbestean bisitatu eta gomendatu beharreko kultur ekimena.