Basoaren unibertsitatean ikasi du bere lana Floren Txurrukak. Larretan eta baserrian lan eginda pilatu du gaur egun artzaintzari buruz duen jakituria zabala, bere jaiotetxean lehenengo -Mallabiko Urizaretxebarri baserrian- eta gaur egunera arte bere emaztearen baserrian, Markina-Xemeingo Barroeta Torren. Joan den astean omenaldi beroa jaso zuen Arantzazun, Ar-tzain Eskolaren XV. ikastaroaren itxiera ekitaldian, bere lanari gorazarre eginez.

Gaur egun ia 400 ardi ditu herri bien artean banatuta, baina 500 buru ere izan ditu. Horrela, denbora-pasa moduan hasi zuen eginkizuna ogibide bihurtu zuen, o-raintsu, 65 urterekin, jubilatu den arte. "Mari Carmen -Ugartetxea- emaztea eta Igor semearekin gaztagintzaren prozesu osoa egiten dugu: ardiak zaindu, jetzi eta gazta egin", dio Txurrukak. Barroeta gaztagin-tzan egiten duten lan onaren erakusgarri, hormatan eskegita duten txapel bilduma da.

Santa Eufemiako mendi komunalean edota Barroeta zein Mallabi inguruetan bere txakurrekin ardi zaintzan ikustea ohikoa bada ere, Txurrukak erabat batzertzen du ar-tzainaren irudi idilikoa, egun luzeetan txakurraren laguntasuna besterik ez duen gizon bakartiarena. Izan ere, "ardiak kortatik atera eta sartu besterik ez dira egiten, gaur egun aurrerakuntza asko daudelako laguntzeko, ikuiluak eurak, larretako artzain elektrikoak…", desmitifikatzen du. "Gehienez ere bizpahiru ordu egiten nituen Mallabin gaztea nintzela". Hori bai, txakurraren laguntza berebizikoa aldarrikatzen du. "Txakur barik artzaina inutila da", ziurtatzen du, Zar, Yaco eta Baltz-en lana goraipatuz.

Aspaldiko garaietan bezala, o-raindik ere dedikazio handia eska-tzen duen eginkizuna da artzain-tzarena -"egunean 25 ordu egin behar da lan, gaixo egon zein ez"- baina hobekuntza nabarmena izan duela onartzen du Txurrukak. "Ikusi ez duenak ezin du imajinatu ere egin aldaketa. Lehen eskuz jetzi behar zen eta denetara 20 litro lor-tzen ziren, gehienez. Instalaziorik ez zegoen, ardiak behien soberakinekin elikatzen ziren... Orain ondo elikatzen da, hobekuntza genetikoak egin dira, esnearen kontrola egiten da…", aipatzen du mallabiarrak.

Ikastaroak Jaiotetxetik artzain-tzaren nondik norakoak ezagutu izanagatik, Txurrukak ez du gutxiesten Artzain Eskolaren lana eta bertan erakusten den guztia. "Ikastaroak beti dira onak. Askok esango dute ez dela ezer ikasten baina ez da horrela. Nik ez badut inoiz egin gazte ginenean horretarako aukerarik ez zegoelako izan da, bestela egin izango nuke", dio. Izan ere, hitzaldi desberdinetan ikasitakoa oso baliagarria izan zaiola onartzen du. "Erakutsi ziguten, esate baterako, elikaduran nahasketak egiten. Soja eta bestelako hiruzpalau produkturekin konpuestoarekin asko igarri zen esne produkzioan". Horri esker, ia 4.000 gazta egiteko 30.000 litro esne jasotzen dute gaur egun. "Ikastaroetan ez da bakarrik ardiak zelan ibili erakusten. Ardien ondoan ibilita bakarrik jai daukazu! Paperak zelan egin, beste artalde batzuk ikusi… asko erakusten da. Artzaintza enpresa moduan hartu behar da, bestela ibilbide motza dauka", epai-tzen du artzain beteranoak.

Aurten 11 ikasle izan dira artzain diploma jaso dutenak ikastaroa burutu ostean, beste urte batzuetan baino gutxiago, sektore honen etorkizuna ere iluna izango dela erakutsiz. "Krisiarekin ere ez da jende gaztea hurbildu. Gogoratzen dut 1980ko krisialdian hainbeste jende etorri zela industriaren gainbeherarekin; baserri inguruko jendea zen, baina gaur egun kaletik datozenak telebistan ikusten dutena errealitatean ikusten dutenean… Hau lan gogorra da", dio esperien-tziaren ahotsak.