formatuak aldatuz doaz: Zortzi, Super Zortzi, VHS, DVD... baina Lekeitioko Zine Bilerak era honetako beste jaialdiengandik desberdintzen dituen oinarrizko osagaiak izaten jarraitzen du hogeita hamalau urte geroago: zinea, euskara eta Benito Ansola Erkiaga -Lekeitio, 1928). Ansola 1977. urtean abade moduan bere herrira itzuli zenean, Markinako eskola laboralean berak ematen zituen zine klaseetako ikasle izandako herritar gazte batzuk zirikatuta jarri zuen martxan hurrengo urteko Zine Bilera izango zena eta oraindik ere kementsu jarraitzen du eginkizun horretan. Hemendik Omenaldi Sarirako merezimendua eman dion lanean.

Izatez, Benito Ansolaren bizitzako bokazioa erlijioa da, zinearena afizioa izanik. Bizitza oso bat iraun duen bokazioa, halere. Biak Barinagako abade zela elkartu ziren 1955 urte inguruan. Bertakoa zen José María Arizmendiarrieta abadea, euskal kooperatibagintzako sortzaile izanagatik ezaguna, eta harek eman zion zineari lotutako lehen eginkizuna. "Eliza alboko etxea berreraiki zen eta han egin zen areto baten filmak emateko esan zidan, zine zalea nintzelako. Orduan 16 milimetroko makinarekin egiten zen eta hainbat pelikula zeuden", gogoratzen du Ansolak.

Bere apaiz ibilbideak Etxebarria eta Markinara ere eraman zuen Ansola eta, horri lotuta, erlijio klaseak ematen zituen Elizakoa zen eskola laboralean. Bertan zegoela, zinema klaseak emateko ere agindu zioten. "Eskolako zuzendariak Donostiako Zine Klubaren udako ikastaroetara joateko esan zidaten eta klaseak ematen ibili nintzen, 1958tik 1968ra, zinea ikusi eta sakontzen".

Ekuadorren tarte bat igaro ostean, elizgizon honen azken geltokia bere hasierakoa izan zen. Bere jaioterria hain zuzen ere. Izan ere, 1977an Lekeitiora ekarri zuten -24 urtez parroko izan da, orain laguntzailea da- eta hemen ere bere zinezaletasunak laster eman zion berak gustora hartuko zuen lan gehigarria. "Zestoan egiten ziren euskarazko zine topaketak eta nire ikasle izandako gazte batzuk Lekeition ere gauza bera egitea proposatu zidaten", aipatzen du. Gazte haietako batzuk Jon Grande, José Luis de la Torre edota Amias ziren eta, eragileak izateaz gain, oraindik ere Bilerari lotuta jarraitzen dute. "Eurek mugitu nunduten". Hor jaio zen Euskal Zine Bilera.

Zestoako jaialdia zuten ispilu lekeitiarrek eta hasierako asmoa bertan botatzen ziren filmak Lekeitiora ekartzea baino ez zen izan, Bizkaian ez zelako ezaguna hango jaialdia. "Gainera kostaldeko herrietan hainbat jendek grabatzeko tresnak zituen, tomabistak..., marinel eta arrantzaleek kanpotik ekartzen zituztelako. Haiek jaiotzak, bataioak, jaunartzeak... grabatzen zituzten eta pentsatu genuen gazteen artean ea pizten genuen sortzeko grina; herriko ohiturak, monumentuak… dokumental moduan egitea".

Hasiera zailak izan ziren haiek. "Diru bila joaten nintzen eta jendeak ez zekien zer izango zen hura. Udalak, esate baterako, 5.000 pezeta eman zizkigun. "Orduan ez zen saririk ematen, baina aurkezten zirenei zinta birjinak eta materiala ematen genien lanean jarrai zitzaten". Urrezko eta Zilarrezko Antzarrak lauzpabost urte beranduago agertu ziren.

Bileraren arrakasta handia izan zen ikusleen artean eta Ansolaren hasierako asmoa beste batzuk egindako pelikulak sartzea bazen ere, handik bi urtera berak egindako dokumental bat aurkeztu zuen Super 8an eta gero argumentuzko lan bat. "Euskal Herrian Super 8-an egindako argumentuzko lehen filma izan zen; 'Beranduegi'. Hitchcock-en estilokoa. Nahiko sinple eginda", dio apaltasunez. Urteekin, gainera, Zestoako topaketak desagertu ziren eta gaur egun Lekeitiokoa da euskara hutsez egiten den Zine Bilera bakarra. Antolatzaileek garrantzi handia eman diote betidanik euskarari.

Bileraren 30. ekitaldian antolatzaileek jaialdia amaitutzat ematea pentsatu zuten, gehiegizko lana ematen zietelako urtean zehar eta euren hasierako eginkizuna egindakotzat ikusten zutelako. "Cazalis alkateak deitu zidan eta 'zelan itxiko dozue?' galdetu zidan". Harrez gero, Udalak hartu zuen idazkaritza eta produkzio lanen ardura eta Ansola eta bere taldekideak "goitik superbisatzen" jarraitzen dute, programazioa osatzen, filmak ikusten...

Benito Ansola Euskal Zine Bilerako presidentea da eta bera eta bere laguntzaileen lanari esker osasuntsu jarraitzen du joan den astean burutu zen jaialdiak. Iaz, gainera, Topaguneak bere izena daramatzaten Bekak sortu zituen, euskal zineari laguntzeko. Omenaldi bata bestearen atzetik, beraz, bere bizitza osoa jaungoikoari ez ezik, euskal zineari ere eman dion gizonari.