Sirenek berriz ere etsaiaren hegazkinak Gernikarantz datozela iragarriko dute 2012ko apirilaren 26an. Egun horretan Condor Legioak herria bonbardatu zuela 75 urte beteko dira eta gernikarrak dagoeneko hasi dira prestatzen duela hiru mende laurden hildakoen oroimena omentzeko ekintzak.

Horietako bat aurtengo apirilean estreinatu zen Gernika Sutan an-tzezlan musikatuaren interpretazioa izango da. Duela urte batzutako asmoa zen omenaldi hau herritarrek gauzatutako antzerki baten bitartez egitea eta, izan zuen arrakasta ikusita eta 2012an urteurren biribila izango dela kontuan hartuta, berriz ere entseguekin hasi ziren atzo bertan.

Bertan edozein herritarrek parte hartu ahal izango du eta estreinaldian 150 abesle-aktore izan baziren ere, aurten gehiago egotea espero dute antolatzaileek. "Orduan hogei bat bakarlarik abestu zuten eta aurten gehiago beharko dira, eszena gehiago direlako", aurreratu zuen Eneritz Artetxe aktore gernikarrak. Bera da saioko koordinatzailea eta aurten asti faltagatik egiterik izan ez ziren eszenak zeintzuk diren azaldu zituen. "Hasiera eskola baten izan behar zen eta trinkotu egin zen eszena Mercurio iturrian antzeztu genuen saio baten. Datorren urtean Auditoriumean izango da, aurreikusi zen bezala".

Horrez gain, Andra Mari elizaren aurrean -"bertan ere jendea hil zen eta leku aproposa dago antzezlanerako"- eta Artekale kaleko Euskaltegiaren balkoian ere agerraldiak egingo dira -honetan Guernica margolanaren sorrera antzeztuko da-. "Aurten izan duen oihartzuna eta arrakasta ikusita handitu egin behar dela uste dugu", Artetxeren arabera. Horretaran zeresana izango dute erakundeek ere, 75. urteurrenak merezi arren, hauen egoera ekonomikoa ez da onena sasoi hauetan.

Estreinaldiaren arrakastak, halere, ezustean harrapatu zituen antolatzaileak eurak ere. "Bagenekien ekintza honek zeukan garrantzia eta traszendentzia, trauma bat izan delako gai hau gogoratzea, baina oihartzuna exajeratua izan zen", onartzen du koordinatzaileak. Hori dela eta, eszena batzuk ikusteko arazoak eman ziren, leku faltarengatik. "Datorren urterako okindegian hil zirenen eszena, iheslariena edota suhiltzaileena Ocho de Enero kalean barik, Iparragirreren eskulturaren inguruan egingo dira".

Gernika Sutan tradizioa eta abangoardia uztartzen dituen lana da, historia, jantzi eta doinu tradizionalak -Marijesien eta Santa Agedaren musikarekin abesten da- eszenaratze modernoarekin tartekatzen direlako, aktoreak urdinez margotuta edota eszenak eskultura gainetan eginez. "Parte hartzeko abesteko gaitasun apur bat besterik ez da behar". Sentimendua gernikarrek geneetan daramaten saminak jarriko du.