Istorio honen protagonista aita anonimo bat da, bere haur txikia paseatzera ateratzen den bakoitzean inork jaramonik egiten ez diola sentitzen duena, ikusezina balitz bezala, nonbait. Bestetik, bere alaba nagusia Eleneren amodiozko gorabeherak ere kontatzen dira Nire aita ikusezina da nobelan. Julen Gabiriak (Galdakao, 1973) idatzitako obra honek Mikel Zarate haur literatura saria jaso berri du. Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sariketa hau antolatzen dute "Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez". Aurtengo bigarren edizio honetan 19 lan aurkeztu dira orotara, eta Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak aho batez ebatzi du Connemara gure bihotzetan eleberriaren egilea saritzea. "Familiako gorabeherak umorez eta sentiberatasunez kontatzea asmatu du egileak Nire aita ikusezina da obran", irizten dute epaimahaikideek.

Sariketan parte hartu dutenek hainbat baldintza bete behar izan dituzte bere lanetan, alegia: Lehen Hezkuntzako ikasleentzat -hots, 6 eta 12 urte bitartekoentzat-, euskaraz sortutako kontakizunak izan behar ziren, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Lehiaketaren estreinako deialdian Asier Mendoza zarauztarra suertatu zen irabazle, banpiroei buruzko Beste gu izeneko liburuarekin, hain zuzen. Aurten, Gabiriak jaso du 3.000 euroko saria. Horrez gain, bere lana argitaratuta ikusiko du laster. Elkar argitaletxeak eleberria udazkena aldera kaleratzea espero du.

Idazle euskaltzalea Joan den 2009an Mikel Zarateren heriotzaren 30. urteurrena bete zen. Efemeride hori aintzat hartuz, Udalak erabaki zuen haur literatura sariketa martxan jartzea bere omenez. Zarateren senideei ere ideia polita iruditu zitzaien eta ados azaldu ziren egitasmoarekin. "Bere jaioterritik abiatuz, Zaratek lan mardula burutu zuen idazle bezala, baita euskaltzale bezala ere", azpimarratu du Lezamako alkatea den Alaitz Etxeandiak.