IKUSKATZAILE zorrotz eta zintzo aldra bati egin behar izan zioten aurre atzokoan Gernika-Lumoko alkateak eta Ingurumen arloko zinegotziak. José María Gorroñori eta Aloña Arronategiri herrian antzemandako hutsuneak helarazi zizkieten berrogei bat neska-mutilek euren ikastetxeko ikaskideen izenean.

Ikasturtean zehar ikastetxeetan landutako konpromisoak eta ingurumenerako proposamenak aurkeztu zizkieten ikasleek. Guztira 28 aldarrikapen desberdin adostu zituzten, gehien bat mugikortasunean zentratuta, hauxe izan baita aurten landu duten gaia. Gogotsu etorri ziren, gainera, izan ere aurkezpenak egiten ari zirela Barrutialde ikastetxekoek euren lehen kexa bota zuten, guztien barre algare artean. "Asteleheneko azoka egiten denean, hondakin guztiak zaramara botatzen dira, birziklatu beharrean", aurreratu zuen.

Hauxe izan zen guztien artean adostutako bost aldarrikapen handienen arteko bat. Izan ere, Barrutia eta Gernikako Institutuak, Seber Altube eta San Fidel ikastolek, eta Allende Salazar, Mertzede eta Barrutialde ikastetxeek bakoi-tzak bere azterketa propioa egin bazuen ere, Udal ordezkariak etorri orduko bozketa bat egin zuten atzoko ekitaldia bost aldarrikapen nagusitan zentratzeko.

Merkatuko hondakinen bilketa selektiboa izan zen birziklapenaren inguruko gai bakarrenetako bat, gehienak mugikortasunaren inguruan zentratu zirelako. Horrela, Institutukoek euren ikasketa zentroko espaloia oinezko eta bizikletadunentzat banatzea eskatu zuten; Mertzedekoek herria alderdi batetik bestera zeharkatzen duen trenbidea lurperatzea; eta San Fidel ikastolakoek Urbietarako bidera eskailera batzuk egokitzea errepidearen zubi berritik eta bidegorri sare bat osatzea. "Iparragirre kaletik hasi eta Beheko Ibarratik, Arabietatik eta saihesbide berritik Carlos Gangoitira egin ahal izango zen, horrela klasera bizikletaz etorri ahal izango ginen", zehaztu zuten.

Bitartean, alkatea eta Ingurumen zinegotzia arretaz entzun eta euren koadernoetan notak hartzen ari ziren -kazetariek ere bai, esklusibaren bat sortuko zelaren itxaropenarekin-. Aloña Arronategi izan zen ikasleei erantzun zien lehena eta, eurek egindako ekarpenak eskertu ostean "nota hartu" zutela agindu zien. Zinegotziak bidegorriaren proiektua euren buruetan dagoela esan zuen baina bera gauzatzea "errazagoa izango zela" onartu zuen. Bestalde, "azokako hondakinen bilketa selektiboaren inguruan gauza asko" egin daitekela aurreratu zuen.

Dena dela, jendaurrean azaldutako bost aldarrikapen hauez gain, hogeita zortziak ere banan-banan zerrendatu zituzten ikasleek -gero idatziz aurkeztu zituzten Udalean, erantzuna ere idatziz jasoko zutela agindua izanik.

kazetari lanak egiten

Udalaren jardunean garrantzi handiko gaiak aipatu ziren

"Autoen erabilera komodoari "kaña" ematea" eskatu zuen batek, "kaleak peatonalizatzen jarraitzeko" eskaria ere gehituz. Horretan ari zirela eta "Gabonak orduko Geltoki Plazaren aurreko bidearen zatia oinezkoen-tzako erosoagoa egingo dugu, askotan arrisku egoerak sortzen direlako trena hartzen doazenentzat", gogoratu zuen Gorroño alkateak.

Bestalde trenbidea lurperatzea eta saihesbide berriko zubitik Urbietara bidera eskailerak jartzea ere eskatu zuten. Gai interesgarriak dira biak, izan ere lehen aldarrikapena EAJ alderdiak jaso zuen bere hauteskunde programan eta legegin-tzaldi honetan ez da horren inguruan ezer entzun. Bigarrena ere alde batera geratu dela ematen du Udal Gobernuak duela urte bete Aldundiarekin izan zuen lehiaren ostean.

Alkateak ikasleen lana eskertu zuen -"guretzat garrantzi handia du"- eta "denon laguntza" eskatu zuen helburuak lortzeko. Gorroñok azaldu zuen Udalak 2,4 milioi euro bideratzen dituela garbiketara eta gero "askotan pipak jan eta behera botatzen ditugu, zaborrontzia bertan badago ere", kexatu zen. Aparkalekuak egin eta oinzkoentzako kaleak egokitu izana gogoratu zuen, bidegorria azterketa prozesuan dagoela aurreratuz -"ideia ondo dago, baina autoentzat ere irtenbidea bilatu behar da".

Ikasleek aurreko urteetan egindako eskarien jarraipena ere egin zutela argitu zuten, Udalak oztopo arkitektonikoak saihesten, oinezko kaleak egiten, farola egokiak jartzen eta Institutu aurrean semaforoak jarri izanagatik eskerrak emanez, baina oraindik "lan handia egiteko" dagoela gogoratu zuten. Eskariez gain, eurek ere zenbait gauzatan hobetzeko konpromisoak hartu zituzten.