LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Bilboko Udalak
Ekainaren 24tik 28ra bitartean Doña Casilda parkeko Pergolako iturria eta Abandoibarrako farolak eta Moyua plazako iturria argiztatuko dira
Datorren igandean, ekainaren 28an,LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du LGBTIQ+ pertsonen eskubideak ikusgai egiteko, babesteko eta sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina batekin.
Ekimen honen bitartez, Udalak berriro berresten du berdintasunarekiko, aniztasunarekiko, askatasunarekiko eta giza eskubideekiko duen konpromisoa, diskriminaziorik eta gorroto-diskurtsorik gabeko gizarte inklusibo baten alde eginez.
Berdintasun eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek azaldu duenez, “pertsona guztiek askatasunez eta beldurrik gabe bizi duten Bilbo bat nahi dugu, haien orientazio sexualagatik edo genero-identitateagatik epaituak izan gabe. Udaletik etengabe lan egiten dugu LGBTIQ+ kolektiboaren benetako berdintasuna bermatuko duten politika publikoak bultzatzeko, eta gero eta inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa den hiri bat eraikitzen laguntzeko”.
Kanpaina hau 2025-2030 aldirako Sexu eta Genero Aniztasunaren I. Udal Planaren garapenaren barruan kokatzen da; tresna estrategiko bat da, LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideak bermatzera bideratutako politika publikoak bultzatzeko eta haien ikusgarritasuna gizartearen arlo guztietan sustatzeko Udalaren jarduera gidatzen duena. Plan honen bidez, Udalak modu zeharkakoan lan egiten du diskriminazioa prebenitzeko, bizikidetza indartzeko eta hiri justuago, pluralago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko.
Bilbo, hiri anitza
“Bagara eta bagaude harro. Con orgullo, somos y estamos” lelopean, kanpainak Bilbo erdigunean kokatzen du, aniztasuna aitortu, hartu eta ospatzen duen hiri gisa. Sormenak hiriko izena aurkezten du LGBTIQ+ kolektiboaren errealitate desberdinak irudikatzen dituzten koloreetatik abiatuta eraikia, “identitate guztiek bat egin eta Bilboren orainaren eta etorkizunaren parte diren gizarte plural bat sinbolizatuz”, adierazi du Itziar Urtasunek.
Apirilaren 26ko Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin eta maiatzaren 17ko Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin gertatu zen bezala, kanpaina hainbat euskarri fisikotan egongo da ikusgai: hiri-altzarietan, udal egoitzetako pantaila digitaletan eta webgunean. Era berean, Udalaren sare sozialetako kontuetan ere zabalduko da.
Ortzadarrez argiztatutako hiria
Era berean, Bilboko Udalak LGBTIQ+ banderaren koloreekin argiztatuko ditu Doña Casilda parkeko Pergolako iturria, Abandoibarrako farolak eta Moyua plazako iturria ekainaren 24tik 28ra bitartean, Bilbao Bizkaia Harro —Bilbo Bizkaiaren harrotasuna— ekitaldiarekin bat etorriz.
Bestetik, udaletxeko eraikinaren fatxada nagusia ortzadarraren koloreetako argiz apainduko da ekainaren 28ko gauean, LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den egunean.
Bilbao Bizkaia Harro
Bilbo musikaz, kolorez, harrotasunez eta karrozez beteko da ekainaren 25etik 28ra bitartean, Bilbao Bizkaia Harro plataformatik antolatutako egitarau zabal bati esker. Ekimenak Bilboko Udalaren laguntza du,
Data horietan bertan, hiriak Zinegoak Gay-Lesbi-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren XXII. edizioa ere hartuko du, ekainaren 22tik 29ra bitartean. Udalak jaialdiarekin lankidetzan aritzen da Lesbianismoa eta Generoa Saria babestuz; sari horren bidez, lesbianismoa genero-ikuspegitik ondoen lantzen duen obra —film laburra, dokumentala edo film luzea— aitortzen da. Lankidetza honek emakume lesbianen eta bisexualen parte-hartzea eta ikusgarritasuna sustatzen laguntzen du, istorio lesbikoak eta arlo honetako emakumeen lana balioan jarriz, eta gizarte-salaketa nahiz giza eskubideen defentsa indartuz.
1969tik
Urtero legez, Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen dira ekainean. 1969ko istilu haiek eman zieten hasiera LGTBIQ+ aldarrikapen- eta borroka-mugimenduei, identitatea eta sexualitatea duintasunez bizitzeko eskubidearen alde. Egutegian markatutako data hori gogoan, Bilboko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekainaren 28ko egunaren harira egiten diren kanpainan, mobilizazioetan eta aldarrikapen-jardueretan aktiboki parte hartzera.