Deustu Arraun Taldeak traineru berri bat estreinatuko du hastear dagoen ACT Ligan lehiatzeko. Asteazken honetan arratsaldean, ekainaren 3an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Errotetak trainerua entregatu diete San Ignazioko arrauneko udal-pabilioian egindako ekitaldi batean.

Trainerua arraun-ontzi tradizionala da, 12 metro luze da eta 200 kiloko pisua; karbono-zuntzez eta epoxi erretxinez eginda dago, eta arraunaren kategoria gorenean lehiatzeko homologatuta dago.  Trainerua Orioko Amilibia ontziolan fabrikatu dute, traineruak egiten espezializatutako lantegian. Gaur egun, estropaden lehiaketa nagusietan ari diren ontzi gehienak ontziola horretatik atera dira.

Bilboko Kirol Estrategikoak

2025-2028 aldirako Bilboko kirolerako estrategiaren arabera, arrauna, pilota, herri-kirolak, txirrindularitza eta errugbia hiriko kirol estrategikoak dira, Bilboko eta Euskadiko kirol-tradizioaren eta -nortasunaren parte direlako.  

Arraunaren kasuan, 2025-2028 aldirako, Bilboko kirolerako estrategiak Deustu Arraun Taldeari eta arraun-eskolari laguntzea proposatzen du, Arraun Taldea ACT Ligara igotzeko helburuarekin, Bilbo diziplina horretako erreferente gisa sendotuz. Traineru berri hori eskuratzea funtsezko mugarria da helburua lortzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu duenez, "Bilboko Udalak arraunketaren aldeko apustua egiten du, kirol estrategikoa eta herrikoa den aldetik". Ildo horretatik, Aburtok berretsi egin du Udalak Deustu Arraun Taldearekin duen konpromisoa. "Bat gatoz haren kirol-proiektuarekin eta helburu guztiekin. Badakigu helburuotan aurrera egiteko kalitatezko instalazioak behar ditugula, eta, instalazio horietan, espazio nahikoa eta arrauna ahalik eta baldintzarik onenetan garatzeko behar den guztia behar dugula. Instalazioak badaude, eta orain traineru berri hau gehituko dugu, aurrerapauso bat Bilboko kirol-estrategian".

Deustu Arraun Taldea

Deustu Arraun Taldea Bilboko arraun talde bakarra da. Kluba 1981ean sortu zen, Zorrotzaurreko erriberako lonja batean. Ondoren, Deustuko zubiaren azpian kokatu zen, autobusen garajeen ondoan eta Deustuko HZIaren ondoan. 1983an, Deustuko Botikazar erriberako antzinako garagardotegiaren instalazioetara aldatu zen, dagoeneko desagerturik den zamalekuaren ondora, eta, han, uholdeek material guztia suntsitu zuten. 1984an inauguratu zen Deustuibarreko 10. zenbakiko udal-pabiloia.

Gaur egun, 200 pertsona inguru daude klubean: Arraunlariak eta klubeko entrenatzaileen taldea eta zuzendaritza osatzen duten hogeita hamar pertsona.