Urtero bezala, Bilboko Udalak 'Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespena' sariak banatu ditu. Aurten ekimen honen seigarren edizioa ospatu da, eta Amaia Arregik banatu dizkie sariak migratzaileak diren sei emakume bilbotarri, oso ezagunak hiriko bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalari egiten dioten ekarpenagatik.
Oraingo honetan, 19 hautagaitza aurkeztu dira. Bilboko Udaleko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Sailak, Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak eta aurreko urteeran aitortza jaso duten emakumeen ordezkaritza batek egindako balorazioaren ondoren, emakume hauek hautatu dira sei kategorietarako: Emakume Politikaria, Lida Nori (Afganistan); Emakume Zientzialaria, Stephania Mosquera López (Kolonbia); Emakume Komunitateko Eragilea, Anita Hichaicoto Topapori (Ekuatore Ginea); Emakume Artista, Karina Senatore (jatorri venezuelarreko afrikarren ondorengoa); Emakume Gaztea, Fatima Ezzahra Zaakari (Maroko); eta Emakume Ekintzailea, Patricia Once Acosta (Ekuador)
Amaia Arregi Bilboko alkateak finalistak zoriondu ditu, eta Bilbo Kulturarteko Hiri izan dadin duten eginkizuna nabarmendu du; "Zuen istorioak indarraren, erresilientziaren eta aniztasunaren boterearen testigantza bizia dira", eta eskatu die "egiten duzuen lan garrantzitsuarekin jarraitzeko eta beste emakume batzuentzat erreferente izateko. Izan zaitezte ispilu, emakume eredugarri, inspirazio-iturri eta euskarri".
Aniztasuna aintzatestea
Zazpigarren edizioa betetzen duen udal-ekimen hori Immigrazioko Tokiko Kontseiluaren (ITK) proiektu estrategikoa eta finkatua da. "Emakume Migratzaileen Aintzatespena" ekimenaren helburu nagusia da Bilboko bizitza sozial eta publikoan emakume etorkinak duen garrantzia aitortzea; baita Bilbon aniztasunari aitortza egitea eta aniztasunaren erreferentziazko agertokiak sortzea ere.
Ekimena Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barruan kokatzen da (martxoak 8), eta Bilbo, kulturarteko hiria planean txertatutako proiektu bat da, emakume migratzaileen ahalduntzea eta ikusgarritasuna sustatzeko lan-eremu espezifiko bat jasotzen baita bertan.
Era berean, proiektu honek bat egiten du "Bilbao Balioen Hiria" proiektuaren Balioen Agiriarekin, zeinak inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza bultzatzen dituzten ekintzak garatzearen aldeko apustua egiten baitu kultura-aniztasunaren ikuspegitik, tartean izanez beti justizia soziala, giza eskubideen errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta parte-hartzea bezalako balioak. Baita 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuekin ere.
Bilboko Emakume Migratuen Komunitatea
Ekimen horren ondorioz, 2023an Bilboko Emakume Migratuen Komunitatea sortu zen. Komunitate horren helburua emakume migratuak ahalduntzea da, topaketarako, hausnarketarako, elkarrizketarako, lagun egiteko eta proposamenak egiteko guneak sortuz, ikuspegi feministatik, eta Bilbon emakume horien errekonozimendu soziala sustatzea.
Gaur arratsaldean bertan, Bilboko Emakume Migratuen Komunitateak urteko topaketa egingo du Bilbao Arena Cluben (18:00etatik 20:00etara). Topaketan, edizio honetan saritu diren eta parte hartu duten emakume berriak komunitatean sartuko dira, elkarrizketarako gune bat partekatuko da, eta proiektu honetarako atxikimendu berriak ospatuko dira.
Jatorri atzerritarreko emakumeak Bilbon
Bilboko emakume migratzaileei buruzko datu soziologikoei dagokienez, atzerritar jatorriko biztanleen erdia baino gehiago emakumeak dira. Udal Erroldako datuen arabera, 33.254 emakume daude erroldatuta, eta profil ohikoena emakume latinoamerikarrena da.
Bilbon bizi diren emakume horien artean, presentziarik handiena Kolonbiako, Nikaraguako, Boliviako, Venezuelako, Paraguaiko, Marokoko, Errumaniako, Txinako, Ekuadorreko eta Peruko jatorrikoek dute.