Bilboko Udalak operatibo berezi bat diseinatu du, abenduaren 21ean, igandean, San Tomas Azoka egingo denez gero.
Festa garbi, seguru eta erasorik gabea izan dadila da Udalaren xede nagusietako bat. Aurten ere, gomendatzen du autoaren ordez garraio publikoa erabiltzea, ahal dela metroa edo trena.
ALDAKETAK ZIRKULAZIOAN
Urtero bezala, azoka egiteko trafikoa aldatu beharko da, batez ere Areatza inguruan, eta horrek oinezkoen mugikortasunari ere eragingo dio.
Zirkulazioko aldaketa horiek Bilbobusen hainbat linearen ohiko ibilbideak eta geltokiak aldatu beharra ekarriko dute, eta Bizkaibusen zenbait lineatan eta tranbian eragingo dute.
Era berean, kendu egingo dira Arriaga plazako eta San Nikolas plazako BilbaoBizi zerbitzuko guneak, eta Areatzan eta Zingira kalean dauden taxi-geltokiak.
Mozketak Areatza inguruan
Goizeko 7:30etik hasi eta 23:30era arte, gutxi gorabehera, itxita egongo dira zirkulaziorako Zingira kalea (Ernesto Erkoreka plazaren parean), Erribera (Mesedeetako zubiaren parean) eta Areatzako zubia (Bailen kalearen parean).
Goizeko 9:30era arte, garraio kolektiboko ibilgailuak igaro ahalko dira, baina ordu horretatik aurrera ordezko ibilbideak ezarriko dira, eragiten zaion lineetako bakoitzarentzat programatutakoak.
Zazpikaleetan zamaketa-lanetarako sartzen utziko da 11:00etara arte, salbu eta Udaltzaingoak jendetzarengatik eragozten duen kasuan.
Plaza Barriko aparkalekura eta Epaltzaren Alargunaren kaleko, Prim kaleko eta Erribera kaleko erkidego-garajeetara sartu ahal izatea Udaltzaingoaren iritzira izango da, betiere biltzen den jende-kopuruaren arabera ahal bada.
Behin Erkoreka plazatik sartzeko bidea itxitakoan, seinalistek Prim eta Aurrekoetxea kaleek bat egiten duten bidegurutzetik bideratuko dute ibilgailuen joan-etorria Prim-Dolaretxe inguruko aparkalekuetara.
Erkoreka plazatik Areatzako aparkalekura sartzea zilegi izango da, salbu eta Udaltzaingoak segurtasunagatik eragozten duen kasuan, eta sarbide hori itxita egongo da San Nikolas plazatik.
Era berean, 9:00etik 22:30era bitartean, gutxi gorabehera, ezin izango da joan Bailen kaletik Erripa kalerantz eta Plaza Biribilerantz (garraio publikoa). Plaza Biribilera ibilgailuan iristeko San Frantzisko-García Salazar-Hurtado Amézaga bidea hartu behar da.
Garraio publikoa
Areatzako jai-esparrua ixteak aldaketa puntualak eragingo ditu Bilbobusen 19 lineatan: 03, 11, 22, 28, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 72, 75, 77, 85, A1, A2, A5, A7 eta A9.
Areatzatik igarotzen diren autobusen zerbitzua goizeko 09:30era arte normaltasunez eskainiko da (ahal dela, betiere). Ordu horretatik aurrera, programatutako ordezko ibilbideak ezarriko dira.
Aldaketa hauei eta ordezko ibilbideei buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, aldatutako geralekuetan, Bilbobusen aplikazioan eta sare sozial ofizialetan, eta 010 (944 010 010) telefonoan eskainiko da.
Zona honetatik ibiltzen diren Bizkaibuseko autobusen ibilbideetan aldaketak egongo dira kaleak ibilgailuen zirkulaziorako ixtearen ondorioz. Bailen kaleko geralekua zerbitzuz kanpo geratuko da goizeko lehen ordutik aurrera, eta Hurtado Amezagara aldatuko da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, webgune hau kontsulta daiteke: https://web.bizkaia.eus/es/web/bizkaibus. Telefonoz, 946 12 55 55 zenbakira dei daiteke (dohainik da).
Taxi-zerbitzuari dagokionez, kendu egingo dira Areatza pasealekuko 4 zenbakiko eta Zingira kaleko 7 zenbakiko geralekuak. Haien ordez, geraleku berriak jarriko dira Mesedeetako zubian eta Erripa kalean (Printzipe eta Buenos Aires kaleen artean).
Bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzuari dagokionez, Arriaga plazako eta San Nikolaseko Bilbaobizi guneak zerbitzutik kanpo egongo dira egun osoan, eta ezin izango dira bizikletak itzuli edo alokatu haietan. Gainontzeko puntuak normal funtzionatuko dute.
Bestalde, Metroak eta Euskotrenek beren zerbitzuak indartuko dituzte, San Tomas azokak sortzen duen joan-etorrien eskariari erantzuteko.
Tranbiaren zirkulazioa, Arriaga eta Abando artean, bertan behera geratuko da 9:00etatik 23:15era arte. Mozketa horren ondorioz, tranbiaren ohiko maiztasunak aldatu beharko dira.
Euskotrenek trenez edo tranbiaz joango diren herritarrei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko, bai APP ofizialean, bai web-orriaren bilatzailean (www.euskotren.eus). Telefonoz ere deitu daiteke (944 333 333).
HERRITARREN SEGURTASUNA
Ohikoa den moduan, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bateratu eta berezia ezarri dute herritarren segurtasunaren arloan, eta Gabonetan eta merkealdietan egongo da indarrean. Dispositiboa abenduaren 12tik urtarrilaren 18ra bitartean egongo da indarrean, eta hiriko eremu jendetsuenetan zaintza indartzea ahalbidetuko du.
Dispositiboak, halaber, arreta berezia eskaintzen die San Tomas bezalako egunei, jende asko etortzea espero baita.
Hala, San Tomas egunean, zehaztutako ordutegian, polizia-kidego bietako patruila uniformatuak egongo dira hirian, Areatza barruan eta inguruan. Patruila horien egitekoa disuasioa eta prebentzioa da.
Haiekin batera, uniformerik gabeko agenteak ere egongo dira, behar denean esku hartzeko prest, baita segurtasunik eza egon daitekeen egoeretan ere, bai bertaratzen direnen kasuan, bai egun horretan lanean egongo direnen kasuan.
Azokaren inguru guztia kontrol finkoekin zainduko da, besteak beste Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribila eta Nafarroa kalea elkartzen diren gunean, herritarren segurtasuna une oro zaintzeko.
Aginte Postu Aurreratua Udalaren eraikin nagusian egongo da. Bilboko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agintariek osatuko dute, eta zaintza-eremuetan hedatutako baliabideak koordinatzeaz arduratuko da, baita larrialdi konplexuak eta balizko esku-hartzeak koordinatzeaz ere.
Ebasketak izaten dira deliturik usuenak, hirian jende asko biltzen den egunetan, eta egun horietako bat dugu San Tomas eguna. Izan ere, 2024an, 17 delitu salatu ziren Bilboko Udaltzaingoan abenduaren 21eko 6:00etatik abenduaren 22ko 6:00etara arte. Haietatik 15 ebasketak izan ziren.
Ildo horretan, Herritarren Segurtasuneko Sailak aholku praktiko batzuk helarazi nahi dizkie herritarrei, eguneroko egoeretara egokituak, ebasketak prebenitzeko. Ondasunen babesa, bereziki gailu mugikorrena, funtsezkoa da toki publikoetan, hala nola establezimenduetan eta terrazetan.
- Zaindu telefono mugikorra une oro, eta ez utzi terrazetako, kafetegietako edo jatetxeetako mahaien gainean. Ez eta establezimendu edo txosnetako barretan ere.
- Gorde mugikorra eta baliozko beste objektu batzuk poltsiko seguru batean, poltsa itxi batean... Ez eraman zintzilik eta agerian.
- Kontuz "distrakzio-trikimailuekin" edo "hurbilketa" susmagarriekin. Lapurreta-taktikak izan litezke.
- Erne egon ordaintzean: Mugikorra ordainketetarako erabiltzen baduzu, erabili eta berehala gorde behar zenuke.
- Eraman zorroak eta poltsak posizio seguruan: barruko edo aurreko poltsikoetan. Ez utzi inoiz azalera publikoetan.
- Eraman poltsak gurutzatuta eta gorputzari itsatsita, aurrealdean. Halaber, motxilak eta gerriko poltsak aurrealdean eramatea gomendatzen da.
- Terrazetan, lotu poltsak eta motxilak mahai azpian edo aulkiaren bizkarraldean, ahal dela lapurreten aurkako gakoak edo mosketoiak erabiliz.
- Eraman dokumentazioa eta etxeko giltzak leku desberdinetan, biak batera ez lapurtzeko.
- Aukera egonez gero, erabili funtsezkoak ez diren dokumentuen bertsio digitalak.
- Eskudirua eramaten baduzu, banatu arropan, ahal den neurrian.
- Mugikorrarekin ordaintzeko, erabili autentifikazioa datu biometrikoekin, hala nola gailu mugikorren bidezko aurpegiaren ezagupena edo hatz-marken irakurketa.
- Lapurtzen badizute, salatu berehala.
Gainera, gomendatzen da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egitea, eta larrialdietan agenteengana jotzea. Jarri arreta berezia adingabeei, adinekoei edo desgaitasunen bat dutenei.
GARBIKETA ETA HONDAKINEN BEREIZKETA
Honelako ekitaldi jendetsuetan ohi duenez, Bilboko Udalak ahalegin berezia egingo du garbiketan eta hondakinen bilketan, azoka-eguna ospatu bitartean eta ondoren uria egoera ezin hobean egongo dela bermatzeko.
Kale Garbiketako eta Hondakinen Bilketako Zerbitzuak lanerako txandak, ekintzak eta lana bera antolatu ditu, ospakizuna ahalik eta jasangarriena izan dadin ingurumenarentzat eta Garapen Jasangarriaren Helburuen araberakoa izan dadin.
Horregatik, garbiketarako operatibo berezia diseinatu da, 157 lagunek osatua, abenduaren 21eko goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan eta hurrengo eguneko goizeko txandan (abenduak 22) arituko direnak; une horretan, operatiboa amaitutzat joko da.
Egun osoan zehar, sei langilek hondakinak jatorrian bereiztearen garrantzia gogoraraziko diete handik dabiltzanei, eta salmenta-postuetan –produktuen saltokietan eta, batez ere, txosnetan– horren harira sor daitezkeen zalantzak argituko dituzte. Postuei ontziak emango zaizkie, behar bezala identifikatuta (organikoa, beira, kartoi-papera, ontziak), zaborrak bereizita bildu ahal izateko.
Langile horiek, gainera, egun osoan zehar, ontzietan utzitako hondakinen kalitatea zainduko dute, eta neurtuko dute ea ez dagokion hondakinik ba ote den haietako bakoitzean, eta zenbateraino bete diren ontziak.
475 edukiontzi eta hainbat motatako ontziak jarriko dira, hondakinak gaika bereizita biltzeko: hondakin organikoetarako 106 ontzi, plastikorako 86, paper eta kartoirako 95, beirarako 161, oliorako 24 eta errauts beroetarako 3.
Egun osoan zehar, halaber, langileak ibiliko dira lurrean botatako hondakinen gaikako lehen bilketa bat egiten (beirazkoak, ontziak, organikoak...).
Eta gaueko txandan, halaber, makinak jai esparrura sartu aurretik (erratz-makinak, urez garbitzeko makinak eta beste...) ostera ere bilduko dira hondakinak gaika lurretik, eta zein bere edukiontzira botako da. Handik, tratamendu-instalazioetara eramango dira.
Itsasadarreko barandan babes-sare bat jarriko da, jarduerak egiten diren esparruetan, uretara hondakinik ez botatzeko. Eta, horrekin batera, itsasadarreko garbiketa-ontzia garbiketa-lanetan arituko da egunean zehar.
2024an, 77 tona hondakin baino gehiago batu ziren: 51,96 tona, beira; 5,98 tona, papera eta kartoia; 11,16 tona, plastikoa; 0,3 tona, olioa; eta 5,72 tona, errefusa.
2023an, % 84,49 gaikako bilketa izan zen, eta 2024an, % 90,43. Beraz, esan daiteke ezartzen joan diren neurri guztien ondorioz aurrerapen nabarmena lortu dela sortutako ia hondakin guztiak jatorrian bereizita biltzeari dagokionez.
ELIKAGAIEN KONTSUMOA ETA SEGURTASUNA
Azkenik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek elikagaien erakusketa- eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte San Tomaseko Azokan, saltokiek araudietan eskatzen diren baldintza higieniko-sanitarioak betetzen dituztela bermatzeko eta saltzeko dituzten produktuen kalitate sanitarioa, jatorria, erakusketa, kontserbazioa, etiketak edo identifikazioa eta jatorrizko agiriak behar bezala daudela ziurtatzeko.
San Tomas Azokarako egiten den operatibo berezi honez gain, sailak aldian behin ikuskapenak egiten ditu jatetxeetan, tabernetan, kafetegietan edo elikagaiak saltzen dituzten establezimenduetan, bai San Tomas Azokaren inguruan, bai hiriaren gainerakoan, urte osoan zehar egiten den kontrol higieniko-sanitarioko ohiko jardueraren testuinguruan.
Bestalde, kontsumo-jarrera arduratsua izateko eta neurriz gastatzeko helburuarekin, Osasun eta Kontsumo Sailak aholkatzen du elikagaiak edota edariak saltzeko administrazio-baimenik ez duten saltoki edo dendetan erosketarik ez egiteko. Halaber, gomendatzen da behar-beharrezkoa soilik erostea, erosketak mailakatuta egitea, etiketak argiak izateko eskatzea edo “bidezko merkataritzako" produktuak kontsumitzea (ingurumena, haurren eskubideak eta gizon-emakumeen berdintasuna errespetatzen dituztenak).
Azkenik, gogoratu garrantzitsua dela erositakoaren faktura edo tiketa gordetzea; izan ere, faktura ezinbestekoa da bermeak erabiltzeko edo erreklamazioak jartzeko.
Bukatzeko, aurten ere drogei buruzko informazio-gune bat jarriko da Arriaga plazan (ikurrinaren ondoan), eta kaleko lan bat ere egingo da plazaren inguruan, 13:30etik 16:30era, gazteen artean (batik bat 18 eta 35 urte bitartekoen artean) autozaintza eta droga-erabilerari buruzko erabakiak arduraz hartzea sustatzeko.