Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak Familia eta Komunitate Eremuan Elikadura Osasungarria Sustatzeko NAOS Estrategiaren saria jaso du, "Talde kalteberekin elikadura osasungarria sustatzea, prozesu parte-hartzaile komunitarioen bidez" izeneko programari esker.

Letizia erreginak eman du saria, Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiako Agentziaren (AESAN) egoitzan egindako ekitaldian. Bertan, Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi eskuordeak eskuratu du saria, Udalaren izenean.

Sari hau NAOS Estrategiako Sarien XVII. edizioan eman da, eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko Bilbok egindako ahalegina eta hartutako konpromisoa aitortzen du, batez ere gizarteko sektore ahulenen artean.

Saritutako programa Osasun eta Kontsumo Sailak garatu du eta elikadura osasungarria sustatzea du helburu, premia espezifikoak dituzten kolektiboei egokitutako tailerren eta parte hartzeko jardueren bitartez, hala nola adineko pertsonei, migratzaileei, desabantaila-egoeran dauden familiei eta desgaitasuna duten pertsonei. Ekimen horren bidez, 40 saio teoriko baino gehiago eta 97 sukaldaritza-tailer egin dira, eta hainbat kolektibotako mila pertsona inplikatu dira, Bilboko Goi Mailako Ostalaritza Eskolaren eta Erriberako Merkatuaren laguntzarekin.

Sari horrek indartu egiten du Bilboko Udalak osasun-politika inklusibo eta jasangarriak ezartzeko duen konpromisoa, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta NAOS Estrategiarekin lerrokatuta.

Sariak azpimarratu egiten du Espainia osoan osasuna eta elikadura orekatua sustatzen dituzten ekimenen garrantzia, eta obesitatearen aurkako borrokan eta herritarren elikadura-ohituren hobekuntzan erreferente gisa finkatzen da.

NAOS Estrategia (nutrizioa, jarduera fisikoa eta obesitatearen prebentzioa) osasun-estrategia bat da eta, nazioarteko osasun-erakundeek (Osasunaren Mundu Erakundea, Europar Batasuna...) ezarritako politiken ildoari jarraituz, obesitatearen prebalentziaren joera alderantzikatzea du helburu, elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa egitea sustatuz, eta, horrekin batera, transmititu ezin diren gaixotasunei egotz dakizkiekeen gaixotasun- eta heriotza-tasa handiak nabarmen murriztuz.