Astelehen honetan goizean, abenduaren 15ean, hiriko sei udal-merkatuen presentzia, garrantzia eta balioa indartzea helburu duen Bilbao Zerbitzuaken kanpaina estrategiko eta sortzaile berria aurkeztu dute. Ekimenak belaunaldi berriekin konektatu nahi du, merkatuen pertzepzioa modernizatu, eta Bilboren identitatearen funtsezko espazio gisa duten zeregina indartu.
Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotzi eskuordeak adierazi duenez, "merkatuak tokiko merkataritzaren bihotz gisa biziberritzea da helburua. Bilboko sei udal-merkatuen presentzia, garrantzia eta balioa indartu nahi dugu, herritarrekin duten lotura sustatuz eta kontsumo arduratsuaren, auzoko ekonomiaren eta Bilboko bizitzaren funtsezko espazio gisa kokatuz".
Kanpainaren protagonista "Merkati" da, Bilboko Udal Merkatuen ikur bisual berria. Pertsonaia ikonikoa da, eta bereziki diseinatuta dago identitate bisuala indartzeko, erosketa-orga klasikoa berrinterpretatuz. "Figura hori kanpainaren euskarri eta mezu guztiak zeharkatzen dituen ardatz nagusia da. Nortasuna, koherentzia eta etorkizuneko aintzatespen-potentzial handia ematen ditu", zehaztu du Pérezek.
Kanpaina honen bidez, Bilbao Zerbitzuak-ek publiko gehiago erakarri gura du –batez ere gazteak eta familiak–, tokiko dinamizazio ekonomikoa bultzatu, bezeroak fidelizatu, eta itzulkin soziala indartu, erosketa jasangarritasunarekin, osasunarekin eta ongizate kolektiboarekin lotuz. Gainera, kanpaina honen bidez, merkatuen ikusgarritasuna areagotu nahi da, tokiko identitateari, produktuaren kalitateari eta hurbileko ekonomiarekiko konpromisoari balioa eman, eta merkatuak topagune, kulturgune eta jasangarritasunerako gune gisa kokatu.
Iraganari begiratzea, etorkizuna eraikitzeko
Kanpainak baieztatzen du, kontsumo-ohiturak aldatu diren arren, Bilboko udal merkatuek ez diotela sekula kalitatezko eta konfiantzazko topaguneak izateari utzi.
Mezuei dagokienez, Bilbao Zerbitzuak honako kontzeptu honetan oinarritu da: "Gauza batzuk beti daude boladan. Aititak eta amamak ondo zekiten". Lelo horrek herri-jakinduria merkatuen berezko balioekin lotzen du: produktu freskoa, hurbiltasuna, gertuko tratua eta jasangarritasuna. Pérezek aurkezpenean azaldu duenez, "omenaldi bat da, modu kontzienteagoan eta jatorragoan kontsumitzeko modu bat era naturalean transmititu duten belaunaldientzat".
Eta lelo nagusiaren hedapen gisa, kanpainaren mezuak merkatuen muina laburbiltzen du: "Erosi produktu freskoa. Erosi bertoko produktua". Emozioa mugimendu bihurtzeko, kanpainak ekintzarako dei fresko eta zuzeneko bat integratzen du: "Igo gurdira!". Esaldi horrek kontsumo-modu gizatiarrago eta jasangarriago bat barneratzera animatzen gaitu, eta oraina bizitzera eta produktuen behin-behinekotasuna eta merkatuen autentikotasuna baloratzera gonbidatzen gaitu.
Álvaro Perezek adierazi duenez, "Bilbao Zerbitzuak-ek aldarrikatzen du udal-merkatuak oraindik ere espazio biziak eta funtsezkoak direla hiriko bizitzan, non tradizioa eta modernitatea elkarrekin bizi baitira kalitatea, hurbiltasuna eta komunitatea eskaintzeko. Proiektu horrek beti hor egon dena berriro deskubritzera gonbidatzen gaitu: izaera autentikoa, tokikoa, konektatzen gaituena".