Arriaga Antzokiak Bilbainaden Galaren edizio berri bat hartuko du abenduaren 14an, igandea, 11:30etan. Topaketa musikal honetan, XXXVII. Bilbainada Lehiaketako konposizio irabazleez gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Konposizio horiek CD batean ere bildu dira.
Bilboko Udalak antolatzen du gala hau, Radio Nervión eta TeleBilbao enpresen laguntzarekin, eta gala zuzenean jarraitu ahal izango da komunikabide hauetan ere. Joseba Solozabal eta Yaiza Arrizabalaga, hedabide hauetako profesionalak, Bilbori buruzko ekitaldia eta obra irabazleen interpretazioak aurkezteaz arduratuko dira. Biltzen den diru guztia Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaio.
Galan zehar, ikusleek zuzenean ikusi ahal izango dituzte konposizio irabazleak: "Lily Bilbon", José María Larrazabal Alzagarena, euskarazko bilbainadarik onena, eta "La cuadrilla de Bilbao", Matías Berrocal Morer-ena, gaztelaniazko bilbainadarik onenaren saria jaso zuena.
Gainera, edizio honetako zortzi akzesitek lortu dituzten lanak entzun ahal izango dira: "Susedidos de Bilbao", Alberto Núñez Baracaldorena; "Bilbotar bikotea", Juan Carlos Arzamendi Fernándezena; "Dena hau da Bilbao!", Alberto Núñez Baracaldorena; "Si te gustó París", Natacha Loyolarena; "Gabriel Arestiri Gorazarre", Jon Ander Urkiaga Egidazu eta Josune Barroeta Etxebarria bikoterena; "Paseando por Bilbao", Zaira Robles Pérezena; "Del Botxito a Nueva York", Natacha Loyolarena, eta "El Botxo más cuco", Alberto Núñez Baracaldorena.
Bilbainadak sarean
Beste urte batez, eta lehiaketa beterano honen abestiak zabaltzen laguntzeko, Bilboko Udalak Interneten jarriko ditu abesti irabazleak. Horrela, Bilbainada Lehiaketako konposizioak doan entzun ahal izango dira YouTuben eta Bandcampen, abenduaren 14ko galaren ondoren. Aurreko edizioetako gaiak eskuragarri daude jada.
Bilbainadak, hiriaren memoria musikala
Bilbainaden lehiaketa, urtez urte, Hiribilduaren gaurkotasuna errepasatzen duten abestien bilduma bihurtu da. Gai hauek Bilboren historia deskribatzen dute, pertsonaiarik esanguratsuenetatik edo maitatuenetatik, arkitektura-lanetatik, instituzioetatik edo gaurkotasuneko gertaeretatik abiatuta, besteak beste.