Zabalik Zabalguneko aparkaleku berrituan egoiliar-partzelak eskatzeko epea
Plaza baino eskaera gehiago badaude, zozketa bidez esleituko dira partzelak
Zabalik dago jada Zabalguneko aparkaleku berrituan egoiliar-partzelak eskatzeko epea, eta lau hilabete egongo da zabalik, hau da, martxoaren 31ra arte. Abando iparraldeko, Abando hegoaldeko eta Abando ipar-mendebaldeko koadranteetan bizi diren pertsonek egin ahal izango dute eskaera, edo aparkaleku horren mugetatik 400 metro baino gutxiagora bizi direnek, baldin eta indarrean dagoen aparkaleku-ordenantzan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte: ibilgailua jabetzan, renting/leasing moduan edo enpresak lagata izatea, gidabaimena indarrean izatea eta udalarekin zorrik ez izatea.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak adierazi duenez, "plazak aurreikusitakoaren arabera egongo dira erabilgarri 2026ko azken hilabeteetan, obrak aurreikusitako erritmoan doaz-eta". Nabarmendu duenez, "Zabalguneko aparkalekuan plazak gehitzeak –solairu oso bat egoiliarrentzat ipinita– kanpoan aparkatze-plazak kentzea konpentsatuko du. Kanpoan kentzen diren aparkalekuen espazioa oinezkoentzat eta berdegunerako irabaziko da, zuhaitz-sare handi batekin eta atsedenleku zabal batekin".
Instalazio berrien bosgarren solairua egokituko zaie egoiliarrei. 109 partzela izango ditu autoentzat, eta horietatik 5 mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuentzat izango dira. Gainera, 4 plaza egongo dira motorrentzat, eta 14 bizikletentzat. Etxebizitza bakoitzeko, gehienez 2 aparkatze-txartel eskatu ahal izango ditu etxebizitza bakoitzeko, eta hirugarren bat motorren partzelarako. Bizikleten plazen kasuan, ez da mugarik ezarri.
Izena emateko epea amaitu ondoren, partzela baino eskabide gehiago erregistratzen badira, zozketa bidez adjudikatuko dira partzelak. Plazarik esleitu ez zaien eskabideak itxarote-zerrendan sartuko dira, zozketan ezarritako ordenan. Emakida, kasu guztietan, urtebeterako izango da, eta berritu ahal izango da.
Partzelaren eskaera egiteko, formularioa bidali beharko da egoitza elektronikoaren bidez, baldin eta erabiltzaileak BakQ txartela edo ziurtagiri elektronikoa badu. Herritarrentzako Arreta Bulegoan / Erregistro Orokorrean edo hurbilen dagoen barrutiko udal-bulegoan ere egin ahal izango da. Hartara, komeni da aurretik hitzordua eskatzea.
549 plaza (lehen baino 198 gehiago), bizikletentzako espazioa eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak.
Aparkaleku berriak 5 solairu izango ditu (aurreko azpiegiturak 3 zeuzkan), eta 549 plaza (lehen baino 198 gehiago). Plaza guztietatik, 17 mugikortasun urriko pertsonentzat izango dira, eta 8 motorrentzat. Gainera, bosgarren solairuan bizikletentzako aparkaleku bat egongo da.
Instalazio berriek ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere izango dituzte. Printzipioz, txandakako erabiltzaileei eta egoiliarreiemango diete zerbitzua, baina etorkizunean % 100eraino zabaltzeko aukera dago. Aparkaleku berriak bi igogailu izango ditu (haietako bat bizikletentzat), matrikulak irakurtzeko sistema bat izango du, eta egoiliarrek sartzeko kontrol independentea izango dute. Barruko ikusgarritasuna ere hobetuko da, puntu ilunak saihesteko. Zaintza-kamerak jarriko dira.
Aparkaleku berrirako sarrera mendebaldean egongo da (osasun-zentroa dagoen tokian), eta irteera, berriz, hegoaldean, Colón de Larreategui kalean. Sarrerako kalea aparkalekura sartzeko baino ez da izango; gaur egun ibilgailuek erabiltzen duten espazioa oinezkoentzat izango da eta plaza berrian integratuko da.
Temas
Más en Bilbao
-
El aeropuerto de Bilbao amplía su parking en 600 plazas y perfila nuevas obras para los próximos 30 años
-
HIESaren Munduko Egunarekin bat egin du Bilbok
-
Bilbao abre el plazo para solicitar parcela en el parking del Ensanche: estos son los precios
-
Bilbao tendrá vuelos directos a este paraíso africano en verano 2026