Síguenos en redes sociales:

HIESaren Munduko Egunarekin bat egin du Bilbok

Begizta gorri handi bat jarri da Bilboko Udaletxeko balkoian

HIESaren Munduko Egunarekin bat egin du BilbokB. U.

Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du astelehen honetan, abenduaren 1ean, ospatuko den HIESaren Munduko Egunarekin, 'Eskubideen komunitatea eta bizitza duina' lelopean martxan jarritako kanpainaren bitartez. Horren helburua gaixotasun hori duten pertsonei eta kolektibo zaurgarriei laguntzeko jarduerak eta prebentziorako jarduerak bultzatzearen garrantzia nabarmentzea da.

Bilboko Udalak begizta gorri handi bat jarri du udaletxeko balkoian Hiesaren aurkako Munduko Egun honetan, batetik, gogora ekartzeko beti egon behar dugula erne gaixotasun honi dagokionez, oraindik ere inpaktu handia baitu gure gizartean eta laguntza behar duten pertsona zaurgarriei eragiten baitie askotan, eta, bestetik, azpimarratzeko prebentzioa eta prestakuntza funtsezkoak direla gaixotasunaren eragina murrizteko.

Asmo horrekin, Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmen bat dauka HIESaren aurkako T4 elkartearekin. Urtero, elkarte horrek aintzatespen berezia egiten die HIESaren aurkako borrokarekin duten konpromisoan ibilbide positiboa egin duten pertsona edo entitateei. Aurtengo aintzatespena Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailarentzat izan da.

Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak aintzatespena eskertu du. Esan duenez, "Udalak eta T4 elkarteak hiru hamarkada baino gehiagoz partekatutako bidea ikusarazteko modu bat da. Ibilbide horretan, HIESaren birusak infektatutako pertsonentzako eta haien senitartekoentzako Babes, Prebentzio eta Osasun Sustapeneko programak garatu dituzte". Aurtengo leloaz, Álvaro Pérezek hau azaldu du: "elkarrekin egiten ditugun jarduketek erakusten dute komunitatearen indarra edozein birus baino indartsuagoa dela".

Udalak, gainera, lankidetza hitzarmen bat dauka Hiesaren Aurkako Bizkaiko Batzordearekin, Oinarrizko Arreta Integraleko / Ohitura Osasungarriak Hartzeko Programak eta Harrera eta Laguntza Soziosanitarioko Programa garatzeko.

Beste alde batetik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek sexu-osasunari eta sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioari buruzko prestakuntza-saioak eskaintzen dituzte urtean zehar Bilboko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetan. 2025ean oinarrizko eta erdi-mailako prestakuntza-zikloetako 21 ikastetxetan esku hartu dugu, 63 tailerretan, 889 parte-hartzailerekin.

Profesionalen kolektiboarentzako prestakuntza-saioak ere egiten dira, “Zaintzailea zaintzen” proiektuaren bidez. Proiektu hori HIESaren aurkako borrokan diharduten entitateetako pertsonei zuzenduta dago, besteak beste T4 Elkartea, Hiesaren Aurkako Batzordea, Caritasen Hontza Zentroa edo Siervas de Jesús-Jesusen Zerbitzariak.

Azkenik, Osasun eta Kontsumo Saileko talde teknikoak laguntza eskaintzen die Bilboko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasleen familiei, hezkuntza afektibo-sexualaren arloko prestakuntza-saioen bidez, infekzioen transmisioa prebenitu ahal izateko. 2024-2025 ikasturtean 16 prestakuntza-saio egin dira gai honekin zuzenean lotuta, eta uriko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako 179 gurasok hartu dute parte.