Igande honetan, azaroaren 30ean, Bilboko La Bolsa eraikina, Yohn jauregia alegia, kolore horiz argiztatuko da 18:00etatik 20:30era bitartean. Arrazoia? Udalak 'Hiriak bizitzaren alde/heriotza-zigorraren aurka' izeneko ekimenarekin bat egin duela. Horrez gain, sentsibilizazio-jarduerak eta musika egongo dira, eta adierazpena irakurriko da baita ere.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da. Ordu horretan, argiak piztuko dira, eta Amnistia Internacionalek karpa bat jarriko du; han, boluntarioek heriotza-zigorra munduko hainbat tokitan zer egoeratan dagoen azalduko diote jendeari, eta «Hiriak bizitzaren alde / Heriotza-zigorraren aurka» mugimenduaren berri emango dute.
18:30ean, jardunaldiari lotutako adierazpena irakurriko dute eta, jarraian, Bilboko Kontserbatorioko hiru musikarik kontzertu bat eskainiko dute (Naiara Hernández oboarekin; Asier Torre eta Beñat Muniozguren gitarrarekin). 20:00etan berriro irakurriko dute adierazpena, performance batekin batera, ekitaldiari amaiera eman aurretik.
'Hiriak bizitzaren alde / Heriotza-zigorraren aurka' ekimenak hainbat arrazoi azaltzen ditu heriotza-zigorra indargabetzeko, adibidez: bizitzeko giza eskubidea urratzen du; ezin da desegin eta errugabeak hiltzen dira; zigorra ez da eraginkorra disuasio-neurri gisa; diskriminatzailea da, batez ere kolektibo minoritarioei aplikatzen baitzaie; oposiziogileen aurkako tresna politiko gisa erabiltzean da, eta berme nahikorik ez duten sistema judizialetan erabiltzen da.
Amnistia Internazionalak 1.518 exekuzio erregistratu zituen 2024an: % 32ko igoera (365), 2023an ezagututako 1.153 exekuzioekin alderatuta. Amnistia Internazionalak erregistratutako zifrarik altuena da, 2015ean 1.634 exekuzio (kopuru bereziki altua) egin zirenetik.