Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak 751 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

Udalaren historiako zifrarik handiena da, etxebizitzaren, segurtasunaren, enpleguaren eta zerbitzu publikoen kalitatearen arloko baliabideak lehenesteko helburuarekin

Bilboko Udalak 751 milioi euroko aurrekontua izango du 2026anB. U.

Bilboko Udalak historiako aurrekonturik altuena izango du datorren ekitaldian. Ostiral honetan egindako osoko bilkura berezian 751 milioi euroko aurrekontua onartu egin da 2026rako, hau da, aurtengoa baino % 4,5 handiagoa. Aurrekontu bateratua, Udalaren mendeko entitate publikoak barne hartzen dituena, 813 milioikoa da.

Berriz ere Bilboko Udalaren historiako zifrarik handiena da, herritarrek planteatutako eskaerak eta itxaropenak lehenesteko helburuarekin, hala nola etxebizitza, segurtasuna, enplegua, zerbitzu publikoen kalitatea eta hiria hobetzen duten hiri-proiektuak. Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, "aurrekontu honen bidez, gainera, gastu soziala indartu nahi dugu, adinekoei, familiei eta kolektibo kalteberei arreta emanez, eta Bilbo bultzatu nahi dugu erreferente kultural gisa, auzoetarako ekintzei helduz. Kontu hauek orainaldiko eta etorkizuneko ikuspegia dute, eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arau fiskalak betetzen dituzte".

Zinegotziak zehaztu duenez, 2026ko aurrekontua egiteko, zehatz-mehatz islatu da egoera ekonomikoa, diru-bilketa handiagoko testuinguru batean.

Zifra handietan sartuta, diru-sarreren kapituluan, lehenik eta behin udalkutxafuntsari dagokion zenbatekoa aipatu du: 462 milioi euro (2025ean 408 milioi euro izan ziren). Kasu zehatz honetan, adierazi du 17 milioi euro itzultzetik 10 milioi euroko aurrelikidazio positibo batera igaro garela, 2025eko ekitaldiarekin alderatuta.

Udalkutxaz gain, udalaren zerga eta tasei dagozkien 247 milioi euro biltzea aurreikusten da (aurrekontuaren % 33), eta beste diru-sarrera batzuei dagozkien 41 milioi (% 5). Ordenantza fiskalei dagokienez, azaldu du 2026ko proposamenean zenbait aldaketa onartu zirela, baina aldaketa horiek ez dutela eragin nabarmenik izango diru-sarreren aurreikuspenetan. Aitzitik, 2022/7 Legeari jarraikiz, hondakinen tasa berriak berezia, bereizia eta ez-defizitarioa izan beharko du, eta hondakinen bilketaren, garraioaren eta tratamenduaren benetako kostua islatu beharko du. Europako Suspertze, Transformazio eta Lehiakortasun Funtsetatik datozen diru-sarrerak ere mantendu egin dira, zenbateko txikiagoan bada ere. 2026rako aurreikuspena 2,6 milioi eurokoa da.

Gastuen atalean, kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoetan egindako inbertsioa (argiteria, garbiketa, saneamendua, garraio publikoa, gizarte-zerbitzuak...) 356,8 milioi eurora handitu da (2025ean baino 19 milioi gehiago), eta udal inbertsio publikoa 132,4 milioi eurokoa izango da (10,1 milioi euroko hazkundea). "Inbertsio horiekin –zehaztu du Marta Ajuriak– hiri-garapeneko eredu bat sustatzen dugu, hiria birgaitzea, hiri-berroneratzea eta etxebizitza-berrikuntza bultzatuko dituena, irisgarritasuna, energia-efizientzia eta eraikuntza jasangarria hobetuz."

Kopuru horiei udaleko langileei/plantillari dagokiena gehitu behar zaie: 203 milioi euro, hau da, 6,7 milioi euroko igoera 2025ekoarekin alderatuta.

Proiektu nabarmen batzuk

Marta Ajuriak 2026rako aurreikusitako proiektu batzuk nabarmendu ditu.  Segurtasunean, baliabideak jarriko dira Udaltzaingoa hobetzeko eta modernizatzeko, eta Santutxun auzo-ikuskaritza berri bat egiteko obrei ekingo zaie, 1,2 milioi euroko inbertsioarekin. Deustuko suhiltzaile-etxe berriaren obrak ere aipatu ditu, 13,5 milioi eurorekin.

Etxebizitza publikoa eskuratzeko apustuari dagokionez, Udal Etxebizitzak sozietateak kudeatuko dituen ia 28 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira, 2025ean baino 5 milioi gehiago. Horien erdiak inbertsio publikora bideratuko dira, 20 milioi euroko inbertsioarekin 2026-2027 aldirako. Era berean, Surbisak 5,7 milioi euroko aurrekontua izango du etxebizitzak birgaitzeko, aurten baino % 12 gehiago.

Kulturaren alorrean, Euskal Museoko eta Arte Ederren Museoko lanak bukatuko dira. "Zorrotzaurreko Pabellón 6 eraikina egokitzen hasiko gara, 4 milioi euroko inbertsioarekin –esan du".  Emakumeen Etxea eraikitzeko lehen urratsak ere iragarri ditu, 3,8 milioi euroko aurrekontuarekin. Hezkuntzan, berriz, San Ignazio, Elejabarri, Zamakola eta Txurdinagako haurreskolak amaituko dira, eta Ametzolakoa hasi.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloan, baliabideak bideratuko dira berrikuntzako, prestakuntza teknologikoko, ekintzailetza bultzatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko programetara, hiriko sektore guztiei mesede egingo dien sare ekonomiko sendoa, dibertsifikatua eta erresilientea sortzeko. Enplegu Plan Arruntak eta Gazte Enpleguaren Planak 8,6 milioi euro dituzte 2025 eta 2026 urteen artean, eta 491 enplegu sortzea aurreikusten da. Langabeak, oro har, emakumeak eta, batez ere, gazteak lan-merkatuan sartzea lehentasuna izango da.

Aberastasuna sortzen eta Bilbo kanpoan sustatzen laguntzen duten ekitaldietatik, datorren urteko errugbi-finalak nabarmendu ditu.

Zerbitzu publikoak hobetzeari dagokionez, Bilbo irisgarriago bat egiten jarraituko dugu, elementu mekaniko berriekin (5 milioi euro gehiago); egoiliarren aparkalekuak elektrifikatuko dira, eta bizikleta-sarea konektatzeko eta hobetzeko obrak egingo dira. Halaber, saneamendu-sarea eta ur-hornidura berrituko dira, 8,5 M eurorekin 2027ra arte. Badaude beste proiektu garrantzitsu batzuk ere, hala nola Olabeagako hiri-berroneratzea (18 M €) edo Zorrotzako trenbide-integrazioa (24 M €).

Arlo sozialean, zinegotziak gogorarazi du Bilbok erronka eta eraldaketa garrantzitsuei egin behar diela aurre, hala nola bilakaera demografikoari, biztanleriaren zahartzeari, berdintasun ezaren murrizketari, gizarte-kohesioari eusteari, migratzaileen gizarteratzeari, adingabeen babesgabetasunari edo indarkeria matxistari, besteak beste. Bide horretan Gizarte Ekintza Saila, Osasun eta Kontsumo Saila, Gazteria Saila, Berdintasun Saila eta Lankidetza Saila daude inplikatuta (90 milioi euro inguruko aurrekontua dute guztira).

Marta Ajuriak azpimarratu du Bilboko Udalak kontu onbideratuak, zorrotzak eta zorrik gabekoak izateko borondatea duela. Horrek "aukera emango digu funtsezko zerbitzuen jarraipena ziurtatzeko, inbertsio estrategikoei aurre egiteko eta herritarren beharrei azkar erantzuteko. Udal fidagarria nahi badugu, gure konpromisoak betetzeko gai izan nahi badugu, zorroztasun ekonomikoz jardun behar dugu. Herritarrek arduraz joka dezagula espero dute. Horregatik, hiria zuhurtziaz, koherentziaz, estrategiaz eta gardentasunez kudeatu behar dugu".

Eztabaida eta bozketa

Gaurko osoko bilkurako eztabaida-saioa amaiturik, 2026ko ekitaldiko aurrekontu-proiektua onartu da, oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak ezetsi ondoren.

Era berean, Udalaren Gobernu Taldeak (EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatua) oposizioko udal taldeen 15 zuzenketa partzial onartu ditu, guztira 1.171.000 euro egiten dutenak.

  • EH Bilduren zuzenketa partzial 2 onartu dira, guztira 550.000 euro egiten dutenak.

Udal-merkatuak berroneratzeko plana eta arte- eta kultura-ekoizpena bultzatzea.

  • Elkarrekin Bilbaoren 7 zuzenketa partzial onartu dira, guztira 260.000 euro egiten dutenak.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak zabaltzea, hitzarmena UNRWArekin (Palestinako errefuxiatuekin lan egiten duen NBEren agentzia), Gazteleku, udal-merkatuak sustatzea, emakumeen eta nesken aurkako indarkeriari buruzko ekimena enpresetan eta saltokietan, berdintasunaren inguruko ekimenak eskolan, osasun emozionala eta mentala hobetzea.

  • PPren 6 zuzenketa partzial onartu dira, guztira 361.000 euro egiten dutenak.

Puntu beltzak bidegorrietan, Udaltzaingoko droneak, udal-merkatuak sustatzeko kanpaina, Down Sindromearen Fundazioaren programa zabaltzea, Modaren Astea, Santutxuko adinekoen zentroko mantentze-lanak.

Azken irizpena, 2026ko ekitaldiko kontuei argi berdea eman diena, gehiengo osoz onartu da. Gobernu Taldeko alderdi politikoek aldeko botoa eman dute, eta oposizioko talde politikoek, berriz, kontrako botoa.

Eztabaida eta onarpen saio horren ondoren, abenduaren 29an egingo den beste osoko bilkura berezi batean berretsi beharko da aurrekontua. Izapide hori nahitaez bete beharko da, urtarrilaren 1etik aurrera datorren urtean Udalaren jarduna arautuko duten kontu berriak abian jartzeko.