Deustuko Unibertsitateak etorkizuneko ikasleei zuzendutako informazio saioak hasiko ditu larunbatean, azaroaren 15ean, 2026-2027ko ikasturterako ikasketen eskaintza bertatik bertara ezagutarazteko. Ekimen honen bidez, unibertsitateak aukera eman nahi die interesdunei gradu, titulu propio eta bestelako prestakuntza-aukeren inguruko informazio zehatza jasotzeko, erabakia hartu aurretik.
Deustuko Unibertsitatetik azaldu dutenez, saioak abenduaren 2ra arte luzatuko dira, eta parte-hartzaileek aurrez aurreko, sareko edo modu hibridoko topaketak aukeratu ahal izango dituzte, bakoitzaren beharretara egokituta. Helburua da orientazio pertsonalizatua eskaintzea eta unibertsitatearen eguneroko errealitatea gertutik ezagutaraztea.
Topaketa horietan, irakasleek eta gaur egungo ikasleek parte hartuko dute, eta hainbat gairen inguruko zalantzak argituko dituzte: ikasketa planak, lan-irteerak, onarpen prozesua, praktikak, nazioarteko truke programak eta, oro har, unibertsitateko bizitza. Saioetan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude deusto.es/sesiones webgunean.
Datorren ikasturteko berrikuntza nagusien artean, nabarmentzekoa da ‘Ikus-entzunezko Sorkuntza’ titulu propio berria, oso-osorik euskaraz eskainiko dena eta Komunikazioko graduarekin lotuta egongo dena. Titulazio horren bidez, unibertsitateak ikus-entzunezko sorkuntzan espezializatutako profilak garatu nahi ditu.
Testuinguru gero eta digitalago eta bisualago batean, programaren helburua da gaur egungo ikus-entzunezko narratibak erabiltzeko eta kalitatezko edukiak sortzeko gai diren profesionalak prestatzea, formatu berrien aurrean ikuspegi sortzaile eta kritikoarekin.
Bestalde, Hizkuntza Modernoak edo Euskal Hizkuntza eta Kultura ikasten ari direnentzat, ‘Language & Technology’ titulu propioa eskainiko da. Programa ingelesez emango da, eta adimen artifiziala, itzulpen automatikoa edo txatbotak bezalako tresna digitalak landuko dira, eraldaketa digitaleko eta hizkuntza aniztasuneko proiektuak gidatzeko prestatutako profesionalak hezteko.