751 milioiko aurrekontua izango du Bilboko Udalak 2026an
Udalaren historiako kopururik handiena izango da
Bilboko Udalak historiako aurrekonturik altuena izango du 2026an. Juan Mari Aburto alkateak astelehen honetan, azaroaren 3an, hurrengo ekitaldirako aurrekontuen proiektua aurkeztu egin du, 751 milioi eurokoa, aurtengoa baino 32 milioi altuagoa.
Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziarekin eta Gobernu Taldearekin batera, hiria arautuko duten kontuak prestatzeko oinarri izan diren gakoak eta ardatzak azaldu ditu Aburtok, onartu eta Udalbatzako talde politikoei azaldu ondoren.
Alkateak aurreratu duenez, "aurrekontu jasangarri eta koherentea da, eta, lehentasunezko helburu gisa, herritarrek planteatu dizkiguten beharrei eta erronkei erantzun nahi diegu, segurtasuna, etxebizitza, hirigintza-hobekuntzetako inbertsioa, zerbitzu publikoen kalitatea eta enplegua indartuz".
Premisa garrantzitsu gisa, alkateak adierazi du datorren urteko kontuak foru ogasunek "diru gehiago bildu izanaren testuinguru" batean egin direla, arau fiskalak betez (aurrekontu-egonkortasuna, gastu-araua eta finantza-jasangarritasuna).
Oinarri horrekin, aurrekontu berriaren gakoek lehentasuna emango diote "herritarrentzako kalitatezko udal-zerbitzu publikoak mantentzeari, esate baterako garraio publikoa, garbiketa, kultura- eta kirol-ekipamenduak, eta adinekoen eta pertsona zaurgarrien zaintza eta arreta". Horrez gain, Juan Mari Aburtok azpimarratu du helburua "Pertsonak, Auzoak eta Garapen Ekonomikoa gure eguneroko jardueraren erdigunean jartzea”.
2026rako aurreikusitako "jarduketa guztiak "zero zorra" duten aurrekontuei eutsiz egingo dira, eta soberakinak gordeko dira etorkizuneko proiektuetarako, trenbide-azpiegitura garrantzitsuak egin ahal izateko konpromisoa bermatzeko. Azpiegitura horien artean daude Zorrotzan trenbidea lurperatzea, AHT, Peñascal berroneratzea... Hiriaren alde lan egiten dugu epe labur, ertain eta luzean, konprometitutako ekintzak alde batera utzi gabe, eta horretarako prest egon behar dugu eta funtsak eduki behar ditugu. Arduragabekeria litzateke aurreikuspen hori gabe jardutea, Bilbok aurrera eta hobera egiten jarraituko duela ziurtatu behar baitugu".
Aurrekontua, kopuru handitan
Lehen esan bezala, 2026rako guztizko aurrekontua 751 milioi eurokoa da, ekitaldi honetan baino 32 milioi gehiago (% 4,5 gehiago).
Zifra handi gisa, nabarmentzekoa da udalkutxa funtsari dagokion zenbatekoa: 463 milioi euro (2025ean 409 milioi euro izan ziren).
Diru-sarreren kapituluaren barruan, Udalkutxaz gain, udalaren zerga eta tasei dagozkien 247 milioi euro biltzea aurreikusten da (aurrekontuaren % 33), eta beste diru-sarrera batzuei dagozkien 41 milioi (% 5). Europako funtsak ere mantentzen dira, zenbateko txikian bada ere, 2,7 milioi euro.
Gastuen atalean, berriz ere handitu da kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoetan egindako inbertsioa (argiteria, garbiketa, saneamendua, garraio publikoa, gizarte-zerbitzuak...), 356,8 milioi eurorekin (2025ean baino 19 milioi gehiago), eta udal-inbertsio publikoa 132,3 milioi eurorekin (10,1 milioi euroko hazkundea).
Kopuru horiei udaleko langileei/plantillari dagokiena gehitu behar zaie: 203 milioi euro, hau da, 6,7 milioi euroko igoera 2025ekoarekin alderatuta.