Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du gaur, urriaren 1ean, ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Egunarekin. Hori dela eta, hiriko adinekoen elkarteek udaletxea bisitatu dute goizean. Bertan, Juan Mari Aburto alkateak harrera egin die, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta beste zinegotzi batzuekin batera. Arabiar aretoan egindako ekitaldian azken urteotan Bizkaiko hiriburuko auzoetako hainbat elkartetan laguntzen jardun duten zortzi pertsonari aintzatespenak eman dizkiete.
Aurten, hauek izan dira omenduak:
- Celedonio Martín González, ACOTE Hirugarren Adinekoen Kultura eta Aisialdirako Elkarteko presidentea orain arte.
- Pedro Canive Gutiérrez, DEISA Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteko presidentea orain arte.
- Fernando Renovales Ahedo, Indautxuko Etxe Zuri Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko egungo presidentea.
- Juan Antonio Palazuelos Cardaño, Nabalur – Hogar Navarro Erretiratuen Elkarteko presidentea orain arte.
- Ascensión Astiz Díaz, aipamen berezia Sagrada Familia Elkartearen diruzaintzan 30 urtez emandako laguntzagatik.
- María Dolores Bilbao Valle andrea, Nagusilan – Adinekoentzako Gizarte Boluntariotzako elkarteko presidentea orain arte.
- Asunción Fernández González, Zurbaranbarriko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko presidentea orain arte.
- José Antonio Salazar Murga, Bego-Oña Erretiratuen Elkarteko presidente ohia (duela gutxi hil da).
Aipamen berezi bana egin zaie, halaber, aurten hildako bi presidenteri: Luis Campo San Millán, APURIZAR Iralabarri – Torre Urizarreko Pentsiodunen Elkarteko ohorezko presidentea, eta Marcelino Rodríguez Antón, Zurbarango Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidentea.
Harreran, alkateak pertsonalki zoriondu ditu omendutako pertsonak, eta adinekoen elkarteetatik egindako ibilbidea eta lana nabarmendu ditu. Entitate horiek hirian egiten duten lan handi eta eraginkorra aintzatetsi du bere hitzaldian, hainbat udal-eremutan aktiboki parte hartzen baitute pertsona zaharrenen ongizatearen alde: "elkarte guztiok hiriari eta auzoei egunero egiten diezuen ekarpen handiak duen balioa eskertu eta nabarmendu nahi dut,... Zahartze aktiboari aurre egiteko eta komunitatea sortzeko, partaidetza eta aisialdia sustatzeko eta adinekoen artean nahi ez den bakardadeari aurre egiteko duzuen gaitasuna. Ez izan zalantzarik: zuen alboan egongo gara urratsak ematen jarraitzeko, zuen bizi-kalitatea optimizatzeko helburuz, gurea eta gure hiri osoarena ere baita".
Bilbon 65 urtetik gorako ia laurogeita hamar mila pertsona daude erroldatuta, hau da, Bilboko biztanleria osoaren % 25, EUSTATen arabera.
'Bilbo adinekoen lagun' gala
Urriaren 1eko ospakizunek jarraipena izango dute gaur arratsaldean, Campos antzokian, "Bilbo Adinekoen Lagun" galarekin. Gala horretan, "Bilbo, adinekoen lagun" sariak emango zaizkie Carmen Badiola, María Jesús Lanciano eta Víctor Iturbururi.
Sari horiekin pertsona horien ibilbide pertsonal eta altruista nabarmendu nahi da, eta Bilboren, auzoen eta auzotarren bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzearekin duten konpromisoa aitortu.
Era berean, orain arte "Talde Eragileko" kide izan diren sei adineko pertsonei aintzatespena egingo zaie. “Bilbo, Adinekoekiko Hiri Lagunkoia" III. Planaren (2020-2024) testuinguruan, udalerriko lagunkoitasun-plana garatzen, ezartzen eta gauzatzen parte hartu dute.