'Praktika nomadak 2023-25' erakusketa, ikusgai BilbaoArte Fundazioan
Azaroaren 9ra arteikusi ahal izango da Uribitarte40 aretoan
Datorren ostiraletik azaroaren 9ra arte Juana García-Pozuelo, Harald Gmeiner, Héléna Guy Lhomme, Víctor Ortuño, Caterina Morigi, Javier R. Perez-Curiel, Saray Pérez Castilla eta Matteo Vettorello artisten lanak biltzen dituen 'Praktika nomadak 2023-25' erakusketa kolektiboa ikusgai egongo da Bilbao Arte Fundazioaren Uribitarte40 aretoan.
Proiektu honetan, BilbaoArtek sustatutako nazioarteko mugikortasun eta truke-programan parte hartu zuten zortzi artistek 2023 eta 2025 artean egindako egonaldi artistikoetan ekoiztutako lana jasotzen da. Programa horretan, Fondazione Bevilacqua La Masa (Venezia, Italia), Kunsthaus Bregenz (Bregenz, Austria) eta JAD Le Jardin des métiers d ‘Art et du Design (Paris, Frantzia) biltzen dira.
Programa Bilboko Udalaren laguntzari eta Otaola Ubieta Familiaren lankidetzari esker garatu da. Programak aukera ematen du hautatutako sortzaileek iraupen desberdineko egonaldiak egiteko Europa-mailako ekoizpen-zentroetan; era horretan, Bilbo, Bregenz, Paris eta Veneziako artisten, erakundeen eta testuinguru kulturalen arteko lotura sustatzen da.
Irailaren 26an, ostirala, Uribitarte40 aretoan 19:00etan egingo den erakusketaren inaugurazioan izango dira, besteak beste, Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Kulturako alkateordea; Javier Riaño, BilbaoArte Fundazioaren zuzendaria; nahiz erakusketan parte hartzen duten artistak.
Erakusketa Bilbon eta Venezian
Bilbo izango da erakusketa honen lehen egoitza, eta, ondoren, eta Veneziako Bienaleko Nazioarteko 61. Arte Erakusketarekin bat eginez, Fondazione Bevilacqua La Masan izango da ikusgai, Giudecca 621 (San Cosmo, 30133 Venezia) 2026an, irailaren 17tik azaroaren 3ra bitartean.
Ekoizpen artistikorako zentroek proiektu artistikoak egiteko denbora, espazioa eta baliabideak ematen dituzte, inskribatutako testuinguruetan. Praxiaren, trukearen, hausnarketaren eta espezialistekin, artistekin eta askotariko eragile kulturalekin batera egindako lanaren bidez, esperientzia horiek proiektuak sustatzen eta profesionalki garatzen laguntzen dute. Lan-ildo horretan, BilbaoArtek hitzarmenak eta lankidetzak ditu finkatuta ekoizpen artistikoko beste zentro batzuekin; hots, Europa-mailan, helburu eta xede berberekin lan egiten dutenekin eta egoitzetan dauden artistak trukatzeko aukera ematen dutenekin.
Erakusketaren “Praktika Nomadak” izenburuak, hain zuzen ere, truke artistikoko programaren funtsa laburbiltzen du, artistek beren egonaldietan zehar egiten duten lanaren izaera aktiboa eta praktikoa nabarmentzearekin batera, eta hori sormen-prozesuetan eta leku bakoitzean garatutako praktiketan fokalizatzen da. Aldi berean, mugikortasun- eta bidaia-zentzuari eusten dio, protagonistek Bilbo, Paris, Bregenz eta Venezia artean egiten dituzten joan-etorriak islatuz. Horrek, gainera, esplorazio- eta ikaskuntza-espiritua ez ezik, artisten eta erakundeen arteko lankidetza eta sare-lana ere ahalbidetzen du, ideiak, kulturak eta inspirazioak elkarri lotuz.
Oro har, proiektuan askotariko gaiak eta ikerketa-ildoak jorratzen dituzten lanak biltzen dira, eskultura, bideoa, soinu-instalazioa edo pintura bezalako lengoaia eta adierazpenen bitartez. Horietan agerian geratzen da praktiken, tekniken, ikaskuntzen eta horiek egiteko erabilitako testuinguruaren eragina.
Proiektuak eta ikerketa-ildoak
Proiektuen eta ikerketa-ildoen artean, besteak beste, honako hauek aurkitzen dira: Estatu Batuetako hiri inguruko etxebizitzaren irudikapena edo Estatu Batuetako ikus-entzunezkoen ekoizpenaren hegemonia estetikoa eta horrek mendebaldeko imajinario kolektiboan duen eragina Juana García-Pozueloren pinturaren bidez; gizakiaren nozioak eta interpretazioak esploratzea bizi-inguruneak kontuan hartuta (kasu honetan, Bilboko hiria) eta hori formatu handiko pinturetara eramatea, Harald Gmeiner-en kasuan bezala; merino ardiaren artilearekin egindako objektuak eta elementuak ekoiztea, sentsibilizatzeko eta giza espezieak beste izaki bizidun batzuekiko hartzen duen jarrera-moduak zalantzan jartzeko bide gisa, Héléna Guy Lhommeren kasuan bezala; itsas izakien exoeskeletoei buruzko ikerketa biomedikoak (hala nola, maskorrak eta itsas trikuak), mikroa eta makroa batzen dituen eta mundu garaikidearekin paralelismoak ezarri eta giza izaera iraultzeko aukerak jorratzen dituen ikerketa ireki gisa, Caterina Morigiren kasuan.
Eta horiekin batera, Europako paisaiaren desertifikazio ekologiko eta kulturaleko prozesuak, irudia, soinua eta Muranoren kristalezko prozesu eskultorikoak eta zeramika esploratuz, Saray Pérez Castillaren praktikan; beira leunduz eraikitako eskulturak, kolore desberdinetako kristal distiratsu txikiz osatutako materiala, iragazle gisa erabiltzean elementuen artean (ura, harria, airea) modu desberdinean lotzen dena, Víctor Ortuñoren eskutik; gorputzaren eta barruko espazioen arteko harreman emozionalen irudikapenaren bilaketa, Javier R. Pérez-Curielen bideo-instalazio eta eskulturen bitartez; edo gailuen sorkuntza, pertsonen arteko harremanak orekatzen dituzten sintonizadore biometrikoak, eta eraginkortasunaren nozioa zalantzan jarriz, berriz elkartzeko eta partekatzeko espazio bihurtzen direnak, Matteo Vettorello artistaren eskutik.
Erakusketarekin lotutako jarduerak
Irailaren 26an, ostirala, izango da inaugurazioa, eta, egun horretan, Matteo Vettorelo artistak RESPIRO – PROY [GIGIA] (2025) piezaren performancea eta aktibazioa burutuko ditu. BilbaoArten egindako egonaldian ekoitzi zuen. Hain zuzen ere, instalazio biometrikoa da, eta giza arnasketa gorputz eskultoriko interaktiboarekin lotzen du, publikoaren parte-hartze aktiboari esker eta arnasketa koordinatu eta kontzienteko ariketen bidez.
Era berean, hainbat bisita gidatu egingo dira, euskaraz (urriaren 8an) eta gaztelaniaz (urriaren 22an); entzuteko dibertsitate funtzionala duten pertsonek ere egin ahal izango dituzte, aldi berean zeinu-hizkuntzaren bidez.
Azkenik, Uribitarte40 aretoan, urriaren 16an, “Egonaldi artistikoak eta truke-programak: ikaskuntza-ereduak aztergai” mahai-ingurua egingo da, nazioarteko truke-sareek egitura kulturalen tokiko garapenean eta artisten profesionalizazioan duten garrantziaren inguruan hausnartzeko. Jarduera honetan, honako hauek hartuko dute parte, hurrenez hurren: Marta Rincón, Espainiako Kultura Nazioartekotzeko (PICE) AC/E Programaren ordezkari gisa; Veronika Valentini, Hangarreko (Bartzelona) Egonaldien eta Nazioarteko Ikerketa Sarearen Programaren arduraduna; eta Juana García-Pozuelo eta Javier R. Pérez Curiel, BilbaoArteko artista gisa eta Le JAD, Le Jardin des métiers d ‘Art et du Design (Paris, Frantzia) eta Kunsthaus Bregenz (Bregenz, Austria) erakundeekiko truke-programaren onuradun gisa.