Asteazken honetan goizean, irailaren 24an, Garapen Jasangarrirako Helburuak sinatu izanaren hamargarren urteurrenean, Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza bisitatu du Juan Mari Aburto alkateak. Berarekin batera Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia izan da.
Han, Sébastien Vauzelle 2030 Toki Koalizioaren Idazkaritzako buruak harrera egin dio, eta hamar urte bete dituen gertakari horretaz eta Bilboko egoitzan egin berri diren hobekuntzez jardun dute.
2030 Agendak bete dituen 10 urteak, hasiera-hasieratik, ekintza-plan batean daude: "Bilbo Jasangarria: 2030 Agenda eta GJH". Plan horrek epe labur eta luzeko 23 ekintzako bide bat marrazten du, tokiko garapen jasangarrian aurrera egiteko. Bizkaiko hiriburua NBEren 2030 Tokiko Koalizioa ekimenaren egoitza da. Ekimen horren helburua da GJHak tokikotzeko erreferente gisa sendotzea, beste lurralde batzuekin lankidetzan arituz, eta konpromiso globalekin lerrokatutako tokiko politikak ezarriz.
2015ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuen, 2030erako etorkizun jasangarriagoa lortzeko plan globala. Bilbok, konpromiso horri aurre egiteko, aipatutako ekintza-plana erabili zuen: Bilbo Jasangarria: 2030 Agenda eta GJHak. Plan horren bidez, tokiko ekintza zehatz eta politikoak egin nahi ditu GJH globalak lortzeko. Plana 5 ardatz estrategikotan egituratzen da, eta horiek Udalaren Agintaldi Planean identifikatutako 17 ildo estrategiko eta 136 ekintza barne hartzen dituzte, baita beste entitate batzuen 85 ekintza ere. Epe labur eta luzera, 2030 Agenda hirian ezartzeko eta jarraipena emateko 23 ekintza espezifiko proposatzen dira.
Konpromiso ukaezina
Bilborentzat, 2030 Agenda ezinbesteko bide-orri bat da. "Garapen Jasangarrirako Helburuak gida bat dira udal honentzat, eta pertsonen bizitza hobetzeko, aukera-berdintasunean aurrera egiteko eta inor atzean ez geratzea bermatzeko aukera ematen digute. Gure hiriak ibilbide luzea du GJHak udal-kudeaketan txertatzen. Epe luzerako estrategia bat dugu, "Bilbo Jasangarria 2030", ekintza-plan zehatzen bidez hedatzen dena", adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.
2025-2027 Ekintza Planak 13 neurri jasotzen ditu, 5 lan-ardatzen inguruan antolatuak:
- Herritar kontziente, aktibo eta protagonistak sortzea.
- Berrikuntza eta gaitasunen garapena bultzatzea.
- Proiektu eraldatzaileak definitzea eta ezartzea, "hiri-misioaren" logikaren arabera.
- Inbertsio publikoa eta pribatua erakartzea garapen jasangarrirako.
- GJHetan oinarritutako narratiba partekatua eraikitzea, nazioarteko ekintzak indartuta.
2030 Agendak tokiko politika guztietan eragina izango duela bermatzeko, Bilboko Udalak zeharkakotasun-tresnak garatu ditu, hala nola:
- GJHen jarraipenerako tokiko borondatezko txostena.
- Udal-aurrekontuak GJHei egiten dien ekarpenari buruzko txostena.
- GJHak agintaldiko udal-planetan sartzea.
- Gizarte- eta ingurumen-klausulak kontratazio publikoan.
Gainera, 2030 Agendako zinegotzigo bat du, 2030 Agendako eta Nazioarteko zuzendaritza espezifiko batekin; horrek Bilboren apustu instituzionala erakusten du.
Herritarren, enpresen eta erankundeen erronka berriak
Bilboko Udalak eraldaketa-prozesu horretan parte hartzera animatu gura ditu herritarrak eta enpresak. Bilbok asmo handiagoko proiektuak garatu nahi ditu, hiri-misio gisa, sektore publikoaren, pribatuaren eta hirugarren sektorearen arteko lankidetzan eraikiak. "Uste dugu horrela bakarrik egin ahal izango dugula aurrera trantsizio justu eta berritzaile batean, pertsonen bizitzan benetako eragina izango duena. Behin baino gehiagotan adierazi dudan bezala, 2030 Agenda ez da helburu bat berez, baizik eta aukera bat gure hiriak birpentsatzeko eta inklusiboagoak, jasangarriagoak eta lehiakorragoak egiteko mundu globalizatu honetan", gaineratu du Aburtok.
Bilboko alkatearen arabera, "Bilbo Euskadiko HUBaren parte aktiboa da, eta maila anitzeko eta eragile anitzeko lankidetzaren adibide da. Gure ustez, hori da biderik eraginkorrena GJHak tokikotzen aurrera egiteko: elkarrekin lan eginez, tokikotik globalera. Erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetzaren bitartez bakarrik erantzun ahal izango diegu gure aroko erronka handiei".