CGLUren Kulturaren goi-bileran parte hartuko du Bilboko Udalak
Kultura 2030 Agendaren ezinbesteko dimentsio gisa sartzearen aldeko mugimendu globalaren foro garrantzitsuena da
Bartzelonan ostiral honetatik igandera bitartean, hau da, irailaren 26tik 28ra, egingo den CGLUren (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak, tokiko eta eskualdeko gobernuen antolakuntzarik handiena) Kulturaren seigarren goi-bileran hartuko du parte Bilboko Udalak. Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarria eta Kulturako zuzendari Iñaki López de Aguileta izango dira ordezkariak.
Kultura 2030 Agendaren ezinbesteko dimentsio gisa hartzearen aldeko mugimendu globalaren foro garrantzitsuena da goi-bilera hau. Haren helburuak dira, batetik, lankidetza-plataforma bat izatea, eta, bestetik, kulturari eta jasangarritasunari buruzko politikak eta programak eraginkortasunez txertatzeko konpromisoa duten hirien, tokiko gobernuen eta erakundeen mundu-mailako topagune nagusia izatea.
Bilbo, gaur egun, Kultura Batzordeko presidenteordeetako bat da, eta elkarrizketa-mahai batean parte hartuko du: "Eskubide kulturalak eta garapen iraunkorra. Hirien mezu giltzarriak Mondiacultentzat". Mahai horretan, Bilbo, Mexiko, Bogota, Izmir, Manchester eta Buenos Aires hirietako ordezkari instituzionalak egongo dira.
Bere hitzaldian, Gonzalo Olabarriak Bilbao Balioen Hiria programa nabarmendu du gobernantza eredutzat, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea balio kolektiboen bitartez indartzen dituena. Era berean, gogorarazi du Bilboko Kulturaren Plan Estrategiako 2023-2033 udal programarekin lerrokatuta dagoela, hiriko kultura-politika jasangarritasunerantz, berrikuntzarantz eta gizarte inklusiborantz gidatzen duten helburuak ezarriz.
Era berean, topaketan Cultura 21 Plus aurkeztuko da, CGLUren Kultura Batzordeak prestatutako esparru-dokumentu berria, kulturak garapen jasangarrian eta zaintzan eta ongizatean oinarritutako gizarte batean duen zeregina indartzen duena. Landuko diren funtsezko gaiak honako hauek izango dira: GJHetan kultura-helburu bat sartzeko beharra; zaintzaren eta ongizatearen ekonomiak, CGLUren Tokiko Itun Soziala prestatzeko; kultura, berdintasuna, genero- eta jasangarritasun-politikak; kultura eta ekintza klimatikoa; hiri sortzaileak eta kultura-politikak; eta ondarea, nortasuna eta komunitateak.
Bi urtean behin egiten da. Lehenengo edizioa 2015ean egin zen, Bilbon, "Kultura eta hiri jasangarriak" izenburuarekin. Biltzar hartan, "Kultura 21: Ekintzak" dokumentu ofiziala onartu zen, zeina Kulturaren 21 Agendaren jarraipena baita.
CGLU eta Kultura
CGLU (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) tokiko agintaritzen nazioarteko erakunde bat da, munduko garrantzitsuena, eta Nazio Batuen aintzatespena du. 2004an sortua, Bilbo kide aktiboa da eratu zenetik, eta 2013tik aurrera CGLUren Munduko Kontseiluko kide da.
CGLUren Kulturako 6. Goi Bilerak UNESCOren Kultura Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko Mundu Konferentziaren (Mondiacult 2025) testuinguruan egingo du edizio hau. Bertan, milaka pertsona bilduko dira, gobernuak, gobernuarteko erakundeak, mundu akademikoa, gizarte zibila, gazteria, kulturako profesionalak eta sektore pribatuko bazkideak ordezkatuz. Irailaren 29tik urriaren 1era egingo da, Bartzelonan ere bai.