Zabalik Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontuetako proiektuen bozketa
Bilbotarren urriaren 3ra arte eman ahal izango dute botoa
Gaurtik urriaren 3ra bitartean, Bilboko Udalak parte-hartze bidezko aurrekontuen hamargarren edizio honetan jasotako 492 proposamenen artean aukeratzeko aukera izango dute bilbotarrek.
Proposamen horietatik 39 Haurren Kontseilutik jaso dira, eta udal sailek 197 proposamen bideragarritzat jo dituzte. Jasotako proposamen guztiak aztertu dituzte sailek. Prozesuan ezarritako irizpideak betetzen dituztenak eta ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez dutenak bideragarritzat jo dituzte eta lehenetsi (197 proposamen).
Proposamenekin azken zerrenda bat egin da, arrazoizko proposamen-kopuru batekin, bozketa operatiboa izan dadin, irizpide hauek kontuan hartuta: interes orokorra, udal-estrategia eta egokitasun-arrazoiak. Gainera, antzeko edukia duten proposamenak bozketara aterako den proiektu berean taldekatu dira.
Azkenik, 50 proiektu bozkatu ahal izango dira, aurkeztutako 128 proposamenekin lotuta. Gainera, proiektuetako 2k Haur eta Nerabeen Kontseiluak aurkeztutako 10 proposamenekin zerikusia dute, eta horrela adierazita dago bozketa-inprimakian, herritarrek zeintzuk diren jakin dezaten.
Gaur, aurkeztutako proposamenen zerrenda osoa argitaratzen da, eta, kasu bakoitzean, bozketa-fasera iritsi diren eta horri lotutako bozketa-proiektua zehazten da, edo, bestela, azken bozketa-fasera ez pasatzeko arrazoia adierazten da.
Nork eman dezake botoa eta nola eman daiteke?
Bilbon erroldatutako 16 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute bozketan. Prozesua udalaren webgunearen bidez egingoa, formulario erraz baten bidez. Parte-hartze egokia bermatzeko, sistemak automatikoki egiaztatuko ditu identifikazio-agiria eta jaioteguna udal-erroldan. Behin sarbidea baliozkotuta, pertsona bakoitzak proiektuak aukeratu ahal izango ditu, prozesu honetan aurreikusitako gehieneko zenbatekora iritsi arte (2 milioi euro). Herritar bakoitzak behin bakarrik bidali ahal izango du botoa, nahi beste proiektu hautatuta.
Inprimakia udal-zentroetako BilbaoClick bulego elektronikoetan ere egongo da eskuragarri, eta, behar izanez gero, udal-langileak bertan egongo dira. 2 milioi euroko aurrekontura heldu arte boto gehien jasotzen dituzten proiektuak 2026ko udal aurrekontuen proiektuan sartuko dira.
Bozkatzen diren 50 proiektuak barruti jakin bati edo hiri osoari lotuta daude, banaketa honen arabera: 1. barrutian 9 proiektu; 2. barrutian 7 proiektu; 3. barrutian 1 proiektu; 4. barrutian 5 proiektu; 5. barrutian 5 proiektu; 6. barrutian 1 proiektu; 7. barrutian 1 proiektu; 8. barrutian 5 proiektu eta 16 proiektu Bilbon.
Nola erabili Udalaren urteko aurrekontua
Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontua prozesu irekia da, bilbotarrei aukera ematen diena Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak emateko eta proposamenak egiteko. Bertan, ondokoek parte har dezakete: Bilbon erroldatuta dauden hamasei urtetik gorakoek; Udaleko Herritarren Partaidetzako Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden erakundeek; legez eratuta dauden erakundek (elkarteak, fundazioak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazioak), eta Bilboko ikastetxeek.