Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu Luis Briñas kalea berrurbanizatzeko lanak, 2.572.980 euroko aurrekontua bideratu ondoren. Astelehen honetan goizean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Basurtu auzoa bisitatu du obra horien emaitzak ikusteko. Berarekin batera Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziarekin, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziarekin eta beste zinegotzi batzuk egon dira.

Lanen helburua izan da lehendik dauden espaloiak handitzea, argiteria modernizatzea, zerbitzuak eta zorua berritzea, aparkalekuak berrantolatzea eta landaretza landatzea, kaleari itxura naturalagoa emateko.

Ingeniarien tartea

Proiektuaren fase honetako jarduketa-eremuak Urkixo zumarkalea eta Zunzunegi etorbidea hartzen ditu, hau da, Ingeniaritza Eskolaren ingurua.

Tarte horretan norabide bakarreko hiru errei zeuden, baterian aparkatzeko banda bi, eta espaloi estuak. Egindako obraren ondorioz, Udalak zoladura berritu du bi espaloietan, eta espaloiak zabaldu ditu –5,30 metroraino zenbaki bakoitien espaloia eta 4,10 metroraino bikoitiena–zerbitzu-sare guztiak berritu ditu, aparkalekuen eremua berrantolatu du –bi espaloietan bateriako aparkalekuak eduki ordez, lineako aparkaleku bat egongo da zenbaki bakoitien espaloian–, eta bidegorri bat sortu du Ingeniarien Eskolaren ondoan, aurretik egindako tarteak Luis Briñas kalean lotu ahal izateko.    

Era berean, ur-sareak eta argiteria berritu dira, semaforoak egokitu dira, hiri-altzari guztiak modernizatu dira eta berdegune berriak sortu dira, zintarriaren ondoan espezie berriak landatuz, zuhaitz berriek hazteko espazio gehiago izan dezaten. Parterre horietarako Pertsiako parrotia espeziea aukeratu da; hamabost metroko garaiera izan dezakeen hosto erorkorreko zuhaitz mota bat da hori.

Pérez Galdós - Autonomía tartea

Luis Briñas berrurbanizatzeko proiektuaren bigarren fasean tarte hauek sartu dira: kalearen galtzada Pérez Galdós eta Autonomia arteko tartean, atari bakoitien espaloia, eta atari bikoitien espaloiaren azken zatia Zankoeta eta Autonomia kaleen artean.

Tarte horretan, zirkulazio-erreiak egokitu dira, hiru izatetik bi izatera igaro baitira. Horrek aukera eman du espaloiak zabaltzeko: 7,15 metroraino espaloi bakoitian, Egia Jeneralaren kalearen eta Pérez Galdós kalearen artean, eta 4,60 metroraino Egia Jeneralaren kalearen eta Autonomia kalearen artean. Gainera, aparkalekuak berrantolatu dira.

Era berean, zerbitzu-sareak, bide-zoruak eta zoladurak berritu dira kale osoaren estetika-lerroan, udal-zerbitzuen sareen ordez berriak jarri dira, eta hiri-altzari eta lorategi berriak instalatu dira –horietan olivilla landatuko da, hosto iraunkorreko zuhaixka apaingarri bat–.