Urtero bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu du ostiral honetan goizean, abuztuaren 15ean, Begoñako Basilikaren inguruan Amatxuri bere egun handian egindako omenaldian. Bertan ehunka bilbotar bildu dira, Meza Nagusia eta Aurresku tradizionala ikusteko.
Eguerdiko 12ak baino minutu batzuk lehenago, udal-segizioa, Txistularien Udal Bandak gidaturik, Basilikaren inguruan bildu da, eta bertara bildutako pertsonek hunkituta bizi izan dute ekitaldi enblematiko hori.
Bilboko tenpluaren barruan egindako ospakizun erlijiosoaren ondoren, Udalbatza Basilikaren ondoko zabalgunera joan da, eta Txistularien Udal Bandak "Gernikako Arbola" interpretatu du bertan, Bizkaiko askatasunen eta nortasunaren sinbolo den haritz historikoaren ondorengoa den zuhaitzaren ondoan.
Jarraian, alkateak Ohorezko Aurreskua dantzatu du, Beti Jai Alai dantza-taldearen gidaritzapean, eta era horretan iraunarazi da bizirik tradizio hori, zeina Bilboko herritar guztienganako errespetuzko eta gorazarrezko ekitaldia baita duela hamarkada bi baino gehiagotik.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Juan Mari Aburto alkate jaunak azpimarratu du garrantzitsua dela tradizioak bizirik mantentzea, "batzen gaituzten tradizio guztiak, identifikatzen gaituztenak eta bilbotarren artean lokarri sendoak sortzen dituztenak".
Era berean, gogorarazi du 24 ordu pasatxoan Bilbok ongietorria emango diola Aste Nagusiari Arriaga antzokiko balkoitik. Une horretan hasten dira "munduan parerik ez duten jai batzuk, zeinetan pertsona guztiek baitute lekua, herritar guztiek ondo pasatzeko behar den oinarria aniztasuna eta bizikidetza baitira". Amaitzeko, "Aste Nagusi hau errespetuz bizitzeko deia egin du, edozein erasoren aurrean atzera egin gabe".
Begoñako Ama Birjinaren eta Aurreskuaren Egunaren ospakizunean, urtero bezala, Udalaren Musika Bandak ere parte hartu du, eta euskal musikaren errepertorio zabala eskaini du.