Síguenos en redes sociales:

Bilbok garbiketako eta hondakinak biltzeko operatibo berezia abiaraziko du Aste Nagusian

Operatiboan seiehun pertsona inguru arituko dira garbiketa-lanetan eta hondakinak biltzen

Bilbok garbiketako eta hondakinak biltzeko operatibo berezia abiaraziko du Aste NagusianB. U.

Astearte honetan goizean, abuztuaren 12an, Bilboko Udalak Aste Nagusian zehar martxan jarriko duen garbiketarako eta hondakinak biltzeko operatibo berezia aurkeztu du. Urtero bezala, hiria bizilagunentzako eta bisitarientzako baldintza onenetan mantentzeko helburuarekin, Udalak operatibo berezi bat abiaraziko du.

Dispositiboaren barruan -indartu egingo da eta espezializatua izango da- giza baliabideak eta baliabide teknikoak egongo dira, eguneroko garbiketa eraginkorra eta sortutako hondakinen kudeaketa eraginkorra bermatzeko. Gainera, herritarrei eskatuko zaie espazio publikoa zaintzen laguntzeko eta jasangarritasuna sustatzeko egun seinalatu horietan.

Langileak eta baliabide teknikoak

620 pertsonak, 120 ibilgailuk eta era askotako makinek osatuko dute dispositiboa.   Langile horietako 270 beren-beregi arituko dira jaietako zerbitzu berezian.

Jaiguneetan hau da, Areatzan, Zazpikaleetan, Erripan, Botikazaharrean, Etxebarria parkean, Europa parkean eta Casilda Iturrizar parkean, arreta berezia jarriko da. Aldi berean, hiriko gainerako auzoetan garbiketa eta hondakinen bilketa egiteko ohiko zerbitzua bermatuko da.

Txupina jaurti ondoren, datorren zapatuan, hogeita hamar bat langilek eta hamabi ibilgailuk ahalik eta azkarren garbituko dute Arriagako gunea. Hurrengo egunean, Balearen Desfile jendetsuaren ostean ere, berdin jokatuko da: 35 lagunez eta 20 ibilgailu eta erratz-makinaz osatutako beste talde berezi batek Kale Nagusiko inguruneak garbituko ditu.

Eguneroko garbiketa-zerbitzua, bestalde, Areatzako gunean hasiko da, goizaldeko 06:00etan, eremua prest eta garbi egon dadin 11:30erako. Plaza Biribilean ere azkar ekingo diote garbiketa-lanei, trafikoarentzat ahalik eta lasterren zabaldu ahal izateko.

Europa parkean, kontzertu egunetan, eguaztenetik eguenera, hirurogei langile eta hamalau ekipo mekaniko egongo dira lanean kontzertuak amaitu eta gero, parkea goizerako behar bezala egon dadin. Bestalde, hamasei langile eta lorezaintzako bost ekipo mekaniko izango dira berdeguneak mantentzeaz arduratuko direnak.

Kaleak garbitu eta zaborrak jasotzeaz gain, Udalak lorezaintza-zerbitzu berezia antolatzen du, 30 langilez osatua, berdeguneak, lorategiak eta parkeak garbitzeko. Zerbitzua Etxebarria parkean ariko da, barrakak martxan daudenean, eta Casilda Iturrizar parkean. Horrez gain, mantentze-lanak egingo dituzte kale hauetako lorategietan: udaletxea, Campo Volantin, Unibertsitate etorbidea, Salbe, Garate Anaiak, Casilda Iturrizar, Botikazar, Abandoibarra, Uribitarte, Venezuela, Albia, Uribitarteko erranplak, Zabalgunea, Lersundi, Moyua eta Jado. 

Hondakinen kudeaketaren bilakaera positiboa

Ingurumenaren gaineko eragin kaltegarria ahalik eta txikiena izan dadila lortzea, hondakinak sortzerako orduan: horra hor ekitaldi handi bat antolatzearen erronka handietako bat. Alde horretatik, Bilboko Udalak Aste Nagusi geroz eta jasangarriago baten alde egiten du, eta, hala, bere esku dituen baliabide guztiak jartzen ditu helburu hauek lortzeko:

  • Sortzen diren hondakinak gutxitzea; batez ere, erabilera bakarrekoak.
  • Hondakinak behar bezala bereiztea, arreta berezia jarriz plastikoa, posible den neurrian, ahalik eta gutxien erabiltzeari.

Hori dela-eta, hondakinen kudeaketa errazte aldera, zaborrontzi eta edukiontzi sorta handia egongo da jai-eremuetan, era bateko eta besteko hondakinak gaika biltzeko.

Hondakin ez-birziklagarriak murrizteak dakarren erronka handiaren arrakasta, eta Aste Nagusia harro egoteko moduko jasangarritasun-eredu bihurtzea, herritar guztien konpromisoaren eta parte-hartzearen araberakoa izango da. Konpromisoa eta parte-hartzea da hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzea; funtsean, edalontziak eta bestelako ontziak, jai-esparru guztietan eskuragarri egongo diren ontzi eta edukiontzietara; beira, behar bezala serigrafiatuta dauden ontzi berdeetara eta igluetara; eta janari-hondarrak eta janariz zikindutako paper eta kartoiak edukiontzi marroietara, gai organikoei dagokiena. Horrela, ia ez da edukiontzirik beharko gainerako hondakinentzat, birziklatu ezin direnentzat.

Kontzertuen guneetan, bestalde, 200 edukiontzi eta ontzi gehiago jarriko dira, hondakin mota batzuetarako eta besteetarako. Eta, horrez gain, langile eta ibilgailu batzuk beren-beregi papera eta kartoia, organikoa eta ontziak bereiz jasotzen arituko dira.

Kontzertuak hasi aurretik, bideo bat jarriko da, ikus-entzuleei gogorarazteko zein garrantzitsua den hondakin bakoitza dagokion ontzira botatzea.

Txosnen gunean, bestalde, 214 edukiontzi jarriko dira, birziklatu ahal diren era bateko eta besteko hondakinetarako; eta tamaina ertaineko beste 250 edukiontzi jarriko dira, jai-eremu guztietan.  

Horren guztiaren bidez, birziklatzea eta hondakinak gaika bereiztea sustatu nahi da. Ildo horretan, bilakaera positiboa ikusten da azken urteetan.  Hala, 2024an 609,90 tona hondakin bildu ziren, 2023an baino gutxiago, urte hartan 691,70 tona jaso baitziren.  Hala ere, gaikako bilketaren ehunekoak nabarmen egin zuen gora 2024an, % 37,4ra iritsi baitzen, aurreko urteko % 32,78ren aldean.

Datu horiek agerian uzten dute 2024an guztira hondakin gutxiago sortu bazen ere, nabarmen hobetu zela hondakinen kudeaketaren eta bereizketaren efizientzia, eta hori aurrerapen garrantzitsua da jai jasangarriagoen bidean.  Aurrerapen horrek azpimarratzen du garrantzitsua dela ekitaldi jendetsuetan hondakinak birziklatzea eta behar bezala kudeatzea sustatzen duten neurriak eta kanpainak bultzatzen jarraitzea.

Aurten beste urrats bat egingo dugu, Udalak Jasangarritasunaren Saria bultzatuko baitu Lehiaketa Gastronomikoan. Ingurumen-hezitzaile batek bertan inskribatzen diren talde guztiei jakinaraziko die garrantzitsua dela janaria maneiatzean sortutako hondakinak jatorrian bereiztea, bereziki zati organikoan utzi beharreko hondakinak. Gainera, poltsa konpostagarriak eta informazio-liburuxka bana emango zaizkie. Gainera, izena ematean entregatutako zaizkien ontziak identifikatu eta erabiliko dituen kuadrillarekin lotuko dira, bertan jasotako hondakinen kantitatea eta kalitatea aztertu ahal izateko. Ebaluazio horri esker, eguneroko "koadrila jasangarriena" saritu ahal izango da, hau da, sortutako hondakinak hobekien bereizi dituena. Hiriko kultura-ekitaldietarako lau sarrera emango zaizkie.

Garbiketa-lanak itsasadarrean

Ontzi bi ibiliko dira itsasadarreko ur-azaleko eta ibaiertzeko beheko aldeetako, kaietako eta eskaileretako garbiketa-zerbitzuan, San Anton zubiaren eta ItsasMuseumaren artean. 2024an, ontzi bi horiek 2,93 tona hondakin jaso zituzten, gehienbat, flotatzen zeuden plastikoak eta beira, 2023an baino % 7,8 gehiago.

Kaietatik ur-azalera sartzeko eskailerak urez garbitu eta desinfektatuko dira. Horrez gain, ur-azalean hesi flotatzaileak jarriko dira, udaletxearen eta txosnen parean, hondakinik itsasoratu ez dadin. Hesi horietan, korronteak arrastatzen dituen hondakinak metatzen dira, eta hondakin horiek, azkenean, bereizita bildu eta tratatzen dira.

Komunak

Aste Nagusian, Bilbon 260 komun baino gehiago egongo dira esparru publikoan herritarrek erabiltzeko. Komun finkoei, -hirurogei baino gehiago daude-, jaietarako instalatzen direnak gehituko zaizkio. Jai-esparru guztietan hainbat neurritako eta formatutako moduluak jarriko dira, eta guztira aldi baterako 200 komun baino gehiago egongo dira; horietako gehienak mota eta edukiera desberdinetako komunak (105) eta ur-komunak (86) izango dira. Komun horiek konketak eta ispiluak dituzte eta garbitzeko eta papera entregatzeko pertsona bat egongo da uneoro; gainera, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako komunak ere egongo dira.

Areatzako txosnen esparruan modulu sanitario inklusibo bat, hau da, genero bereizketarik gabekoa, jarriko da aurten ere. Zazpi komun eta bi konketa izango ditu.

Jaietarako propio jartzen diren komun horiei, urian zehar dauden hirurogei komun iraunkorrak gehitu behar zaizkie.

Aipatzekoa da Etxebarria parkeko barraka gunean komunak barrakak ixten diren egunera arte, abuztuaren 31ra arte, egongo direla zabalik.

GJHen iturriak

Agenda 2030aren esparruan, Pergolako iturriak argi- eta kolore-ikuskizun sorta bat eskainiko du aurten ere, ur-txorrotekin eta GJHen 17 tonalitateekin. Ikuskizunek hamabi minutuko iraupena izango dute eta ordu erditik ordu erdira programatuko dira gaueko ordutegian, su artifizialen aurretik eta ondoren. Zehazki, ordu hauetan: 21:30ean, 22:00etan, 23:00etan, 23:30ean eta 00:00etan.

Berrikuntza gisa, aurten, Moyúa plazako iturriak ordu berberetan Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako argi-ikuskizunak erreplikatuko ditu, eta, horrela, udalak gai horrekin duen konpromisoa berretsiko da.