Zabalik Orkestra Zuzendaritzako Topaketetan izena emateko epea
Hautatutako parte-hartzaileek Bilboko Udal Banda zuzenduko dute ikastaroko eskola praktikoetan
Musika Orkestra Zuzendaritzako Topaketa 2026ko urtarrilaren 27tik 30era garatuko da Bilbao Musikako egoitzan. Bada, dagoeneko zabalik dago topaketa horietan izena emateko epea. Bertan zuzendaritza klaseak eta "IV Bilbao Musika Nazioarteko Zuzendaritza Saria" lehiaketaren garapena uztartuko dira. Finalerdia eta finala Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan egingo dira eta jende guztiarentzat zabalik egongo dira.
Bilbao Musika Orkestra Zuzendaritzari buruzko Topaketen edizio berri baten egoitza izango da. Ekimen honen helburu nagusia orkestra zuzendaritza talde garaikideetan aztertzea da, talde instrumentalen gidaritza garatzeko baliabide tekniko eta artistikoak eskaintzeaz gain.
Hautatutako parte-hartzaileek Bilboko Udal Banda zuzenduko dute ikastaroko eskola praktikoetan. Eskola horiek eta arratsaldeko ordutegian egingo diren teorikoak, lehiaketan izena eman duten guztientzat zabalik egongo dira. Azken faseko irabazleak sari gisa jasoko du Bilboko Udal Bandaren 2026-2027 Denboraldirako zuzendari gonbidatu izendatzea, Tobbias Haussig (2023/2024), Borja Romero (2024/2025) eta Nicolás Serrano Valdizánen lekukoa hartuz.
Aurreko edizioetan izen apartak aritu dira irakasle lanetan: Johan de Meij, Jan van der Roost, Franco Cesarini, Thomas Doss, Bert Appermont, Douglas Bostock, Isabelle Ruf-Weber, Timothy Reynish edota Miguel Etchegoncelay. Oraingo honetan , Alberto Roque portugaldar maisua, Leirako Institutu Politeknikoko zuzendari irakaslea, izango da irakasle gonbidatu eta epaimahaiburua. Eta beste behin, José R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari gonbidatu nagusiak irakasle eta koordinatzaile lanak egingo ditu.
Topaketei bukaera bikaina emango zaie, Bilbao Musika Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketaren amaiera kontzertuarekin, zeinean Udal Banda hiru batuta finalistek zuzenduko duten. Kontzertua, irekia publikoarentzat, urtarrilaren 30ean izango da, 18:00etatik aurrera, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. Programa honako hau izango da:
- Georges BIZET (Arr. Cesarini) L’Arlesienne Suite Nr.2 Ed. Franco Cesarini
- Serge LANCEN Cap Kennedy Ed. Molenaar
- W. Francis McBETH Masque Ed. Southern Music
- Kenneth HESKETH Masque Ed. Faber Music
Lehiaketa 1986ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako zuzendariei irekita dago. Parte hartzeko interesa dutenek izen-emate orria, curriculum vitaea, NANaren kopia eta abonuaren frogagiria (izena emateko kuota: 30 euro ez itzulgarriak) posta elektronikoz bidali beharko dituzte Bilbao Musikara (amaiabilbao@bilbaomusika.eus), 2025eko urriaren 15a baino lehen. Bilbao Musika Nazioarteko Zuzendaritza Sariko lehiakide hautatuei 2025ko azaroaren 1etik aurrera emango zaie informazioa (gehienez 10 pertsona). Lehiaketan parte hartzeko kuota 120 eurokoa da.
Hiru tailer antolatu dira 2026ko urtarrilean
Topaketa horietan programatutako tailerrei dagokienez, zuzendaritza munduan interesa duten guztiei zuzenduta, Bilbao Musikaren egoitzan (Sorkunde, 8 48006 – Bilbo) egingo dira, 17:00etatik 19:30era, 2026ko urtarrilaren 27, 28 eta 29an. Izena emateko epea zabalik da, eta irekita egongo da plazak bete arte. Izena emateko orria eta ordainketaren frogagiria (100 euro) posta elektronikoz bidaliko dira Bilbao Musikara.
Epaimahaiburua eta irakasle gonbidatua: Alberto Roque
SAMPen (Pousos – Leiria) hasi zituen musika-ikasketak, eta, gaur egun, musika-zuzendari gisa dihardu. Orkestrako Goi Mailako Akademia Nazionalean Orkestra Zuzendaritzan lizentziatua, Jean Marc Burfinen sustapenean, Jean-Sébastien Béreau maisuaren promozioan Hobekuntza gradua lortu zuen Dijongo Kontserbatorioan (Frantzia). 1998an, Fundação Orienteko Orkestra Zuzendari Gazteen Nazioarteko Lehiaketan 1. saria jaso zuen. 2004 eta 2021 artean Lisboako Escola Superior de Musicako (ESML) Sopros Orkestrako zuzendari titularra eta Silva Dionísio Sopros Cameratako zuzendari artistikoa izan zen, Haize Orkestren Zuzendaritza Gradua koordinatuz eta emanez. 2016az geroztik, Sherborne School of Music-eko irakasleetako bat da. Zuzendari gonbidatu gisa, Lisboako Orkestra Metropolitarra, Beirasko Orkestra Filarmonikoa, Algarveko Orkestra, Madeirako Orkestra Klasikoa, Portugalgo Banda Sinfonikoa, Lira Açorianako Eskualdeko Orkestra, Madrilgo Banda Sinfonikoa, Israelgo Haize Orkestra Nazionala eta Blasorchester Südwind zuzendu ditu, besteak beste. Ourémeko Haize Orkestrako zuzendari titularra da.
Irakaslea eta koordinatzailea: José Rafael Pascual-Vilaplana
Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko OS, Murtziako OS, Gaztela eta Leongo OS, Bilboko OS, Kanaria Handiko OF, Bukaresteko OS, Suitzako Aulos WB, Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia) Banda, Gran Canaria Wind Orchestra, etab.
Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar. Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza,…) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass LM) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren Euterpe saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen. 2015etik 2025era zuzendari titularra izan da Bilboko Udal Bandan eta aurtengo denboraldian Zuzendari gonbidatu nagusia izango da. 2018tik Bartzelonako Udal Bandako zuzendari titularra da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera.