Japoniako Tsuroka hiriko gastronomia- eta kultura-munduko zazpi kidez osatutako ordezkaritza bati harrera egin dio asteazken honetan goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Hiru egunez bisitatuko dute Bilbo, diziplina bi horietan Bilboko hiriarekin lokarriak sendotzeko. Bigarren aldiz etorri da Japoniako hiri horretako ordezkaritza bat Bilbo bisitatzera; izan ere, 2017an, hiri biek chef trukea adostu zuten, bakoitzak bere ezagutza gastronomikoa partekatzeko.
Japoniako ordezkaritzaren buru, Shinichi Abe alkateordea etorri da, eta, Bilboko alkatearekin batera, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia eta Kontxi Claver Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotzia izan dira.
Orduan, Bilboko hiru sukaldari joan ziren Tsuruokara: Álvaro Garrido (Mina jatetxekoa), Sergio Zarate (Zarate jatetxekoa) eta Josemi Olazabalaga (Andra Mari jatetxekoa), bertako ekoizpena, arroz- eta banbu-landaketak, arrantzaleen tokiko merkatuak (hizkera esklusiboa eta sekretua erabiltzen dute arrainaren enkanteetarako) bertatik bertara ezagutzeko, eta Tsuruokako hiru chef ezagutu zituzten, gero Bilbora etorri zirenak: Ryoichi Saito (Shonai Zakko jatetxekoa), Arisaka Kimitoshi (Pomme de Terre jatetxekoa) eta Takehiko Shoji (Riokan Tsukasaya).
Lan-bilera Bisubi Fundazioarekin eta ESHBIrekin
Oraingo honetan, Japoniako ordezkaritza Bizkaiko Sukaldarien Bilkura (Bisubi) fundazioa sortu zuten Bilboko hiru sukaldariekin bilduko da berriro, agenda estu baten barruan. Izan ere, besteak beste, Guggenheim Museora, Bilboko Erriberako Azokara, txakolin upategi batera edo Bizkaiko janari tradizionala dastatzeko aukera emango zaien txoko batera joango dira.
Azkenik, Japoniako 7 ordezkariek topaketa bat egingo dute Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioko (Bisubi Fundazioa) eta Bilboko Goi Mailako Ostalaritza Eskolako (ESHBI) ordezkariekin, zortzi urte geroago, bi hirien arteko harremanei berriro ekiteko eta gastronomiaren bidez ezagutzen eta kulturaren trukea berreskuratzeko. Bihar egingo da topaketa, ESHBIk Erriberako Merkatuan duen prestakuntza-gelan.