Ostiral honetan eguerdian, uztailaren 18an, uda guztietan bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin die euren harrera-familiekin batera udaz gozatzera Saharatik eta Ukrainatik datozen haurrei. Ekitaldia Arabiar Aretoan egin da, eta alkatearekin batera Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuneko zinegotziak eta Udalbatzako ordezkaritza batek hartu dute parte.
Saharar errefuxiatuen Tindoufeko (Aljeria) kanpamenduetatik etorritako zortzi haur eta Ukrainatik etorritako beste zortzi bildu dira bertan, euren harrera-familiekin batera.
Alkateak ongietorria eman die adingabeei Bilbora, "zuek bezala urtero apur bat gehiago hazten eta hobetzen den hirira", eta hemen egingo duten egonaldia ahalik eta gehien gozatzea opatu die. Aldi berean, familiei eskerrak eman dizkie eskuzabalak izateagatik eta Euskaditik oso bestelako errealitateetatik datozen adingabeei euren etxeak irekitzeagatik. "Honelako keinuak dira egunero Bilbo, balioen hiri hau, eraikitzen laguntzen digutenak", azpimarratu du.
Hirira iritsi diren adingabeek euren garapena eta hazkundea hobetu ahal izango dituzte, bai eta gatazka-eremuetan edo muturreko klima duten eremuetan bizitzearen ondorioak arindu ere.
Alkateak eta Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuneko zinegotziak eskerrak eman dizkiete haurrak Euskadira uda pasatzera etortzea ahalbidetzen duten elkarteei, hau da, Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzari, Panpotx elkarteari, Txernobileko Umeak elkarteari eta Txernobil Elkarteari.
Bilbo, Balioen Hiria
"Egunero, gogotik saiatzen gara hiri hobea, atseginagoa eta oparoagoa egiten; ilusioa da bultzatzen gaituen motorra", adierazi du alkateak, "egunez egun mugitzen gaituzten balioekin". Aldi berean, hainbat balio gogorarazi dizkigu, "pertsona eta herritar hobeak izatera bultzatzen gaituztenak".
Iñigo Zubizarreta zinegotziak, bestalde, nabarmendu du Udalak lankidetzan diharduela adingabeentzako ekimen honetan inplikatuta dauden hainbat elkarterekin, "Bilbao Balioen Hiria" udal-estrategiarekin duen konpromisoaren barruan. Estrategia honen bidez, elkartasuna, konpromisoa, aniztasuna, inklusioa eta berdintasun ezaren murrizketa indartu nahi dira, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz.
Gainera, lankidetza horrek adingabeak babesten eta uriko bizitzan parte har dezaten laguntzen du, Bilbo haurren laguna den neurrian hartutako konpromisoan jasotzen den moduan.
Akordio horien artean, Udalak 1999az geroztik lankidetzan dihardu Fronte Polisarioko Ordezkaritzarekin, Saharako adingabeei zuzendutako "Oporrak bakean - Vacaciones en paz" programan; bestalde, duela 16 urtetik hona, Europa ekialdeko elkarteekin aritzen da Europako ekialdetik adingabeak hartzeko eta lekualdatzeko.
Era berean, Bilbao Kirolak eta Azkuna Zentroa bezalako udal-entitateek, besteak beste, adingabeen eta harrera-familien uda dibertigarriagoa egiten laguntzen dute, igerilekuen erabilera mesedetuz.