Udal-tritutu guztiak izoztea eta lehenbiziko aldiz hiri-hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko zerbitzuaren aldiz indarrean jartzea izan dira Bilboko Udalak ostegun honetan, ekainaren 26an, ospatutako osoko bilkuran 2026ko ekitaldirako onetsitako zerga-ordenantza nagusiak.
Tributu hori nahitaez ordaindu behar da Estatuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/851 (EB) Zuzentarauari jarraikiz. Zuzentarau hori Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legera transposatzen da.
Araudi hori toki-entitate guzti-guztiek salbuespenik gabe bete beharreko agindua da, eta, Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak azaldu duen bezala, uko egin ezin zaien hiru printzipio bete behar ditu: "Lehenengoa, funtsezkoena: ezin da defizitarioa izan. Bigarrenik, hondakinen bilketaren, garraioaren eta tratamenduaren benetako kostua islatu behar du. Eta, hirugarrenik, sortzen diren hondakinen araberako ordainketa-sistema bat ezarri behar du, kutsatzen duenak ordaindu egin behar duelako irizpidearekin".
Zinegotziak zehaztu duenez, tasa berri honen sorrera "ez da erraza izan; prozesu luze eta konplexu batean eratu da, gure lantaldeen eta beste sail batzuen inplikazio eta lanarekin. Udal taldeek ere parte hartu dute. Ondu dugun ordenantza, gure ustez, bidezkoa eta orekatua da, eta eboluzionatu egin beharko du. Ordenantzaren muinean jasangarritasuna, bizi-kalitatea eta birziklapena lantzeko filosofia dago, mundu hobe bat uzteko. Lan horretan bat egin beharko genuke denok. Bide hori fiskalitatetik hasten dugu orain, eta jarraitu egin beharko du".
Hondakinen tasa berria 2026ko urtarrilean jarriko da indarrean, Udalak kudeatuko du zuzenean, eta gaur egun Ur Partzuergoak izapidetzen duen zabor-tasa ordeztuko du.
Tasa ordaindu beharko dute hiri-ondasun higiezinen titular guztiek, bai etxebizitza eta bizitegi-erabilerako higiezinen titularrek, bai bizitegi-erabilerarik ez duten higiezinen titularrek.
Honako hauek ez dira zergari atxikita egongo: eremu publikoa garbitzeko udal zerbitzua, udalerriko garbigunean ematen diren zerbitzuak edo jarduerak (indarrean dauden tarifekin jarraituko dute, bidezkoa bada), aurri-deklarazioa jaso duten higiezinak, eta katastro-erabilera hauek aitortuta dituztenak: geltokiei atxikitako nasa estaliak, lorategiak eta espazio libreak, hiri-espazio bereziak (markesinak, sarbideak, bideak etab.).
Kuota kalkulatzea eta aplikatzea
Lan-prozesu luze baten ondoren, Bilboko Udalak kuota bat zehaztu du. Bi osagai izango ditu:
- Oinarrizko osagaia, zerbitzua jasotzeagatik, ahalmen ekonomikoaren printzipioari erantzungo diona. Zerbitzuaren ehuneko berrogei estaliko du.
- Osagai espezifikoa, hondakinen sorrera potentzialaren arabera kalkulatuko dena. Gainerako ehuneko hirurogeia izango da. Osagai espezifikoa modu desberdinean zehaztuko da bizitegi-higiezinen eta bestelakoen kasuan.
Bizitegi-higiezinen kasuan, oinarrizko osagaia katastro-balioa izango da, eta espezifikoa, berriz, etxebizitzan erroldatutako pertsona kopuruaren arabera kalkulatuko da (garaje eta trastelekuetarako ez da eskatuko). Titularra izango da tasa ordaindu behar duena.
Bizitegi ez diren higiezinetan, oinarrizko osagaia katastro-balioa izango da, baina espezifikoa egiten den jarduera motaren eta azaleraren arabera kalkulatuko da (jarduera ekonomikorako erabiltzen diren metro koadroak). Osagai espezifikoa % 50 murriztuko da katastro-erabilera hauek aitortuta dauzkaten higiezinetan: kirolak, estadioak, auditoriumak, liburutegiak, museoak, arte-zentroak eta kultu-zentroak.
Arestian esan dugunez, hondakinen tasa berriaren ordenantza prestatzean, beste berrikuntza bat izan da zerbitzuaren benetako kostua kalkulatu dela (bilketa, garraioa eta tratamendua), kuota ez-defizitario bat ezartzeko. Aurreikusitakoaren arabera, zerbitzuaren kostua 36 milioi eurokoa izango da 2026an.2025ean 31,7 milioi eurokoa da.
Data garrantzitsuak
Hondakinen tasa berria 2026ko urtarrilean sartuko da indarrean. Subjektu pasiboek eskatu ahalko dute urteko kuota hileko sei ordainagiri berdinetan zatitzea, interesik sortu gabe, banku-helbideratze bidez ordainduz. Horretarako, eskaera 2026ko maiatzaren 31 baino lehen egin beharko da, eta neurriak 2026ko ekitaldian soilik izango ditu ondorioak. Datorren urtarriletik aurrera, Udalak, Ogasun Sailaren bitartez, ordaindu beharreko zenbateko osoa bidaliko die bizitegi-higiezinen titularrei. Une horretatik aurrera –gehienez ere maiatzaren 31ra arte– eskatu ahal izango da kuota sei ordainagiri horietan zatikatzea.
Hurrengo ekitaldian, 2027an, tributu hori nahierako ordainketaren sisteman sartuko da. Zerbitzuak aukera ematen du udalaren zergak eta tasak zatika eta banku-helbideratzearen bidez ordaintzeko, errekargurik eta interesik gabe. Bilboko Udalaren tresna honen bidez, tributuak modu eroso eta antolatuan ordain daitezke.
Hobariak: bizitegi-erabilerarako bakarrik
Hondakin organikoen edukiontzi bereziak (edukiontzi marroia edo bosgarren edukiontzia) erabiltzeagatiko hobariak bizitegi-erabilerako ondasunei soilik aplikatuko zaizkie.
Baldintzak:
- 2026ko ekitaldian bakarrik, euren ondasun higiezinei hondakin organikoen programa berezian alta emateko eskaria 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen egin duten subjektu pasibo guztiei aplikatuko zaie bizitegi-eraikinen hobaria. Lehen urte horretan, hobaria kuotaren osagai espezifikoaren % 10ekoa izango da. (*Eskaera egiteko data eta modua iragarriko dira).
- 2027KO urtarriletik aurrera:Osagai espezifikoan % 20ko hobaria egingo da sortzapenaren aurreko urtean etxeko hondakin organikoen edukiontziak gutxienez 36 astez erabili dituztela egiaztatzen dutenentzat. (Hau da, 2026an bosgarren edukiontziari eman zaion erabileraren datuen arabera aplikatuko da murrizketa hori 2027ko urtarrilean).
*Hobari hori ofizioz aplikatuko zaio erabiltzaileen erregistroan aitortutako etxebizitzari, eta hura etxebizitza bakar baterako. Ziurtagiria Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako Sailari eskatu behar zaio, eta sail horrek Ogasunari bidaliko dizkio hobaria jasotzeko baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen datuak.
Bosgarren edukiontzia erabiltzeko modua –webgune baten eta app baten bidez– Udalak udazkenean abian jarriko duen informazio-kanpaina garrantzitsu baten barruan ezagutaraziko da. Kanpaina horrekin, herritarrak kontzientziatu egingo dira ingurumen-erronkei buruz eta kontsumo-patroien eta bizi-estiloen aldaketei buruz, eta, bereziki lehen etapa batean, edukiontzi marroian uzten den materia organikoari buruz.
Kanpaina horretan sartuko dira hobaridun tasa jasotzeko egin beharreko ekintzak, eta sisteman erregistratzeko epeak eta bitartekoak:
- Alta hartzea, aplikazioaren bidez, webgunearen bidez edo aurrez aurre Udalak erabakitako lekuetan.
- Edukiontzi marroia erabiltzen duten pertsonek baimena eman baino ez dute egin beharko, bide telematikoz edo aurrez aurre.
Tributu eta tasa guztiak izoztuko dira 2026an
Hiri-hondakinen tasa berria indarrean jartzearekin batera, 2026an udal-tributu guztiak izoztea onetsi da gaur, aldaketa tekniko batzuk sartuz ibilgailuen gaineko zerga eta gainbalioa arautzen dituzten ordenantza fiskaletan eta ordenantza fiskal orokorrean, batik bat Tributu-neurriak onesten dituen abenduaren 27ko 4/2024 Foru Araura egokitu beharraren ondorioz.
OHZn, gainera, ordenantzaren bi aldaketa onetsi dira:
- Udalak familiei laguntzeko garatzen dituen politiken testuinguruan eta familia ugarien aldeko politika fiskaleko neurri gisa, hobari-portzentajeak gehitzea sartu da, haien ohiko bizilekua den etxebizitzari dagokionez.
- Subjektu pasiboaren bizilekua ez diren etxebizitzen errekarguari dagokionez, I. graduko mendetasuna sartzen da (dagoeneko sartuta dauden II. eta III. graduekin batera) egoera horien ondorioz hutsik geratzen diren etxebizitzei errekargua ez aplikatzeko arrazoi gisa.