Astelehen honetan goizean, datorren asteburuan, ekainaren 13an eta 14an konkretuki, ospatuko den Gau Zuriaren aurkezpena egin du Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Ekitaldian parte hartu dute Kultura eta Gobernantza zinegotzi Gonzalo Olabarriak eta Gau Zuriako zuzendari Begoña Escribanok.

“Bilbo hiri bizia, irekia eta etengabeko eraldaketan dagoena da, eta bere nortasuna kultura-proposamen berritzaile eta abangoardistei harrera egiteko gaitasunak markatzen du. Gau Zuria horren adibide argia da, eta uriaren 725. urteurrena ospatzeko eszenatoki ezin hobea. Ekainero bezala, Bilbo argiaren eta sormenaren agertoki bihurtzen da, bilbotarrentzat eta bisitarientzat topagune bat izanik, eta munduari hiri moderno eta etengabeko egokitzapenean dagoen baten irudia eskaintzen dio”, azaldu du alkateak.

Ekitaldia datorren asteburuan ospatuko da, ekainaren 13an eta 14an, ostirala eta larunbata, 19:30etik 00:30era. Herritarrek 34 proposamen artistikoz gozatu ahal izango dute, artea, diseinua eta teknologia uztartzen dituzten esku-hartze artistiko, argiztapen-lan, ikuskizun ibiltari eta talde koral nahiz instrumentalekin.

“Publiko guztiei zuzendutako programazioa da, pertsona guztientzat irisgarria, parte-hartzailea eta tokiko garapen iraunkorreko eredu batekin bat datorrena. Jarduera asko berdegune eta gune publikoetan garatzen dira, programa irekia, plurala eta hurbila sustatuz”, gaineratu du Aburtok.

Bilboko kultura-gune nagusiek –Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Uribitarte40 Aretoa, Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum eta Euskalduna Jauregia– hainbat sormen-proposamen hartuko dituzte. Gainera, kaleak, plazak, kaialdeak eta zubiak eszenatoki bihurtuko dira, hiri-paisaia arrunta esperientzia sentsorial eta artistiko bihurtuz. Musikak ere protagonismoa izango du, Bilbo soinuz betez.

Aurten Iberdrola Dorreak bat egingo du arte-esparru gisa, eta Gau Zurian site-specific esku-hartze bat aurkeztuko du, asteburu honetako ibilbide gaueko parte izango dena, beste 27 puntu artistikoekin batera.

Gau Zuria erreferente kultural bihurtu da eta edizio honetan parte hartuko dute munduko argi-festibal ospetsuenetan (Lyon, Australia, Paris, Berlin) presente dauden nazioarteko taldeek, baita nazioarteko proiekzioa duten artista lokalek ere (Logela Multimedia, Javier Riera...).

Begoña Escribanok programazioaren errepasoa egin du eta zehaztu du “publikoak aurreko edizioetako instalazio birformulatuak ikus ditzakeela, hala nola Konstelazioak, Zialumak, Orain, Liluraren Lorategia edo Kolore Biziak. Halaber, GAU ZURIAk Abandoibarrako Itsasargiak eta Santiago Katedraleko portikoan egingo diren talde koral eta instrumentalek emandako emanaldiak berreskuratzen ditu. Hiriko ohiko zarataren artean, gainera, bi ikuskizun ibiltari arituko dira Bilboko hainbat espaziotan”.

Bilboren 725. urteurrena

Gau Zuria Bilbo Fundatu zeneko 725. urteurrenaren ospakizunen barruan dago.

Ekainaren 15ean, igandean, hau da, hiria 1300. urtean sortu zen egunean, Bilboko Banderaren igoera egingo da, alkateak eta Udalbatzako ordezkariek zuzenduta, Plaza Ernesto Erkorekako lorategi nagusietan. Ondoren, Herritarren Lore Eskaintza egingo da Don Diegoren omenez. Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziekin batera, dantzari eta txistulariekin, Udaletxetik abiatu eta Plaza Zirkularrera joango dira, uriaren fundatzailearen estatuaren ondoan, non erromeria egingo den.

Barne-esparruetan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Programa eskuragarri egongo da turismo-bulegoetan eta instalazioak hartzen dituzten zentroetan.