Síguenos en redes sociales:

Bi bidegorri berri eraikiko ditu Bilbok

6,3 milioi euroko aurrekontua bideratuko du, Europako Funtsen finantzaketaren laguntzarekin

Bi bidegorri berri eraikiko ditu BilbokB. U.

Bilboko Udalak 6,3 milioi euroko aurrekontua bideratuko du, Europako Funtsen finantzaketaren laguntzarekin, bi bidegorri berri eraikitzeko. Batak Zumalakarregi etorbidea eta Begoña auzoa lotuko ditu, eta besteak, aldiz, Irala eta Miribilla. Horrekin, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak bidegorrien sarea eta oinezkoentzako sarbideak hobetzeko obrekin jarraituko du.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziaren hitzetan, "Udala erabat konprometituta dago uriko bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustuarekin, bizimodu osasungarriago eta jasangarriago bat sustatzeko funtsezko elementu gisa, uriaren diseinuan ahal diren lekuak oinezkoentzako bihurtzeari lehentasuna emanez".

Zumalakarregi etorbidearen eta Begoñaren arteko lotura bizikleta eta oinezkoentzat

Begoña auzoa urigunearekin eta haren bizikleta-sarearekin batzeko aukera emango duen bizikletentzako eta oinezkoentzako lotura sortzeko, Ernesto Erkoreka plaza eta Guridi Musikariaren plaza lotzen dituen bidegorriaren bigarren faseko obrei ekin zaie.

Ia 3,8 milioi euroko aurrekontua izango da (472.000 euro inbertitu dira bukatutako lehen fasean eta 3,3 milioi izango dira bigarrenean). Bidegorria noranzko biko bidegorri modura hasiko da Ernesto Erkoreka plazan eta Udaletxetik hurbilen dagoen galtzadaren zati bat hartuko du, baina ez du zirkulaziorako erreirik kenduko. Bidegorria bitan banatuko da San Agustin estrataren aurrean dagoen biribilgunera iritsi aurretik, zebra-bidearen parean, eta biribilgunetik igaroko da, noranzko bakarrean. Bigarren faseak norabide bakarreko errei bi izango ditu Zumalakarregi etorbidetik, Guridi Musikariaren plazaren parean dagoenarekin lotu arte.

Bidegorria, luzera osoan, ibilgailuen trafikotik bereizitako errei modura planteatu da. Noranzko bakarreko igoeren kasuan, metro biko zabalera izango du (aurreratzeko aukera izateko) eta noranzko bakarreko jaitsieren kasuan 1,8 metrokoa. Hori egiteko, zirkulazio-errei bat kenduko da, bai igoeran, bai jaitsieran.

Espaloien artean konexio berri bi egingo dira oinezkoen pasabideen bidez, bata Uribarriko metroaren ahoaren parean (Sintrabi parkea) eta bestea beilatokiaren parean (Zumalakarregi etorbideko bihurguneak), Etxebarria parketik jaisten jarraitzeko.

Obra horiek aurtengo urria baino lehen amaitzea aurreikusten da eta hornidura, saneamendu, argiteria eta euri-uren udal-sareak berritzeko edo/eta handitzeko aprobetxatuko dira.

Irala eta Miribilla bidegorriaren bidez lotzea

Egiten hasi den bigarren jarduketa Irala eta Miribilla auzoak bidegorriaren bidez lotzea da, Eskurtze parketik. Bidegorri berria Irala auzoko Díaz Emparanza Doktorearen kaletik abiatuko da, eta parkea zeharkatuz lotuko ditu Miribillako Askatasuna etorbidea eta gaur egungo bidegorria. Bidegorriaz gain, oinezkoentzako hiru bide-zati berri sortuko dira haren ondoan, Miribilla auzotik gertuen dagoen eremuan. Askatasuna etorbidean zirkulazio-errei bat kendu da eta bidegorria espaloitik ahalik eta gertuen egin da, lehendik dagoenarekin lotzeko.

Proiektua fase bitan gauzatzen ari da: lehenengoa, dagoeneko eginda dagoena, Miribilla auzoa eta Eskurtze parkea lotuko dituen bidegorri berriari dagokiona; eta bigarrena, bidegorria eta Díaz Emparanza Doktorearen kalearekin lotuko duena, parkea zeharkatuz. Biek ia 1,7 milioi euroko aurrekontua daukate.

Parkea erabiltzen duten herritarren, bidegorria erabiltzen duten pertsonen eta txakurren arteko bizikidetza egokirako (gaur egun txakurren aisiarako gune bat dago jarduketa-eremuan), guztiz itxitako aisiarako eremu berria egingo da, eserlekuak eta iturri bat barne.

Natura-ingurunea ahalik eta gehien zainduta egingo da obra.

Hobekuntzak Pio X.aren biribilgunean eta bizikleta-erreia Deustuko zubian

6,3 milioi euroko aurrekontu-partida dago uriko hainbat puntu neuralgikotan bizikleten eta oinezkoen arteko konexioak hobetzeko, eta Deustun egindako obrak ere hortxe sartzen dira. Eremu horretan, Pio X.aren biribilgunetik Agirre Lehendakariaren etorbideko eta Agirre Anaien kaleko bidegorriak konektatu dira biribilgune horretatik. Gainera, bidegorri berria sortu da zubitik Euskadi plazaraino, eta Leizaola Lehendakariaren kaletik jarraitzen du Abandoibarra etorbidearekin lotu arte.

Obra horiek guztiak amaituta daudenean, Bilboko bizikleta-sareak 77 kilometro baino gehiago izango ditu eta horietatik 36 inguru bidegorriak edo bizikletentzako soilik diren erreiak izango dira.