Gaur gauean San Mamesen jokatuko den finalaren inguruan antolatutako ekitaldiak ia amaitezinak dira, baina badago bat jendearen arreta piztu duena: eguerdian jokatu den Basque Legends eta UEFA Legends taldeen arteko partida.

UEFAko Europa Ligaren 2025eko finala sustatu duten EAEko erakundeak (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) Arriaga Antzokiaren plazara joan dira Basque Legends taldeari babesa erakusteko.

Imanol Pradales lehendakariaJuan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako lehen Lehendakariorde eta Sailburua, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko Foru Diputatua UEFAk antolatutako ‘Legends Match’ partidan izan dira. Bertan izan dira, halaber, Amaia Arregi, Kontxi Claver, Itxaso Erroteta eta Yolanda Díez Bilboko Udaleko Zinegotziak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria; Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Lehiakortasuneko Zuzendari nagusia, eta Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendari Nagusia.

Basque Legends taldea Euskadiko Futbol Federazioak deitutako zazpi futbolari ohik osatu dute. Euskal Selekzioaren kamiseta jantzi duten jokalari ohiak dira, eta UEFAko Europa Ligako partidak jokatu dituzte euskal taldeekin: Mikel Balenziaga, Beñat Etxebarria, Gorka Iraizoz, Carlos Martínez, Xabi Prieto, Markel Susaeta eta Gaizka Toquero.

Europa Ligaren edizio honetarako UEFAren enbaxadorea den Aritz Adurizek ere partida ikusi du. Arbitroen Euskal Batzordeko Jon Ander Azkuenaga Astorkiza izan da partidako epailea.