'Fan Festival' izena daraman zaleentzako guneak bere ateak ireki egin ditu astearte honetan goizean. Horren helburua asteazkenean San Mamesen jokatuko den Tottenham eta Manchester United taldeen arteko Europa Leagueko finalaren inguruan giroa sortzea da.
Ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputatua eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria. Euskal erakundeetako hiru agintariek Aritz Aduriz izan dute laguntzaile, UEFAren enbaxadorea Europa Leagueren edizio honetarako. Futbolari ohiak eraman du txapelketako trofeoa Fan Festivaleraino.
Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, "ilusioz beteta gaude, eta ekitaldi berri hau hartzeaz harro. Besteek nolakoak garen eta sentitzen dugun grina ikustea nahi dugu, futbolaren eta gure kulturaren balio onak ezagutzea. Ikus dezatela gure Athletic Club-ekiko emozio zuri-gorria emozio indartsua dela, osasuntsua, alaia; bisitatzen gaituztenean konpartitzea gustatzen zaigula, gure hirian futbol ona eta emozio onak edukitzeagatik pozten baikara. Prest gaude, dispositibo guztiak martxan ditugu, baina, batez ere, bisitatzen gaituzten pertsona guztiak besoak irekita hartzeko gertu gaude. Irudi on bat eman nahi dugu, eta horixe eskatzen diogu Bilboko jendeari: goza dezatela, goza dezagula, futbolaren festa delako hau. Mundu guztiak ikus dezala bene-benetakoak garela. Dagoeneko frogatu dugu, Errugbiarekin, Tourrarekin, Emakumeen Txapelketarekin... Eta hau ekitaldi handia da, UEFArekin oraingoan, erakusleiho berri bat Bilbo eta Euskadi erakusteko".
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, "2024ko Emakumezkoen Champions League-ren finala Bilbon jokatu zen. Horrek gure lurraldearen posizioa indartu zuen kirol-ekitaldi handien egoitza gisa. 2023an Frantziako Tourreko Grand Départ ekitaldia antolatzen izandako esperientziak ere lagundu zuen irudi hori sendotzen. Orain maila handiko beste gertakari bat dugu, UEFAren final bat San Mamesen estreinako aldiz. Eta datorren urtean, errugbiko finalak bigarrenez.
Kirol-ekitaldi horiek posizionatu egiten gaituzte, eta erakusten dute Bizkaiak badakiela honelako ekitaldiak baliatzen, ez bakarrik ikuskizun gisa, baita tresna estrategiko gisa ere, bere identitatea indartzeko, turismoa erakartzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko".
Bestalde, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak inaugurazio-ekitaldian esan duenez, "Europa League-ko finala Euskadin hartzea, alde batetik, Euskadi mundura irekitzeko modu bat da: gure nortasuna, izateko era eta egiteko modua agertzea, eta herrialde gisa ditugun balioak erakustea". Bestetik, herrialde gisa lehen mailako ekitaldiak antolatzeko dugun gaitasunaren erakusgarri da, gizarte aurreratua garela erakusten du. Ildo horretan, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza instituzionala nabarmendu nahi dut. Eskutik helduta lan egin dugu, eta frogatuko dugu gure egiteko modua –"made in Euskadi Basque Country"– honelako ekitaldien mailan dagoela".
'Fan Festival' jaialdia espazio neutrala da, leku guztiak bete arte dohainik sartzekoa. Bilboko Areatza osoan zehar hedatzen da, Areatzako kaia, aterpeen eremua eta Arriaga Antzokiko zabalgunea barne. Gaurtik aurrera jarduera ugari egingo dira bertan.
Gaur, maiatzak 20, 11:00etatik 22:00etara egongo da irekita, eta maiatzaren 21ean, partidaren egunean, 11:00etatik 18:00etara. UEFAk antolatutako topagune honen helburua hirian festa eta parte-hartze giroa sortzea da, bai eta adin guztietako herritarrak kirol-ekitaldi historikoaren aurreko orduetan inplikatzea ere.
Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek egin ahal izango dira, besteak beste: UEFA Europa League-ko trofeo ofiziala hurbiletik ikusi eta argazkiak atera; bi talde finalisten kamiseta ofizialak ikusi; futbol-erronketan parte hartu; trofeo erraldoiarekin edo finaleko bankillo bereziekin argazkiak egin; DJ Mimoloco-ren zuzeneko musikaz gozatu; UEFAren denda ofiziala bisitatu, artikulu eta oroigarri esklusiboak erosteko; giroaz gozatu, Kresala eta Sama Siku fanfarrea musika-taldeen eskutik; eta entretenimendu bikaina esparru osoan, herri kirolen erakustaldiarekin, besteak beste.