Síguenos en redes sociales:

Gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina jarriko du martxan Bilboko Udaltzaingoak

Apirilaren 21etik 27ra bitartean egongo da abian

Gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina jarriko du martxan Bilboko UdaltzaingoakB. U.

Gidarien zein oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera zaintzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, apirilaren 21ean, Bilboko Udaltzaingoak. Bide segurtasunerako arriskua dakarten jokabideak zuzentzea helburu duen kanpaina hau hilaren 27ra arte egongo da martxan.

Adibidez, gauza ziurra da pertsona bat mugikorretik berba egiten badabil gidatu bitartean, ez dela ohartzen trafiko seinale eta adierazpenen % 40az, eta haren batez besteko abiadura gutxitu egiten dela % 12, eta edozein ustekaberen aurrean erreakzionatzeko ahala ere urritu egiten dela.

Nolanahi ere, telefonoz hitz egitea ez ezik, nork deitzen duen begiratzea, mezuak irakurtzea eta bidaltzea eta aplikazioak erabiltzea ere arriskutsua da. Azken batean, mugikorra erabiltzea -eskaintzen dituen aukera guztietako edozein- ez da bateragarria gidatzeko nahitaezko arreta iraunkorrarekin.

Arrisku-egoera bera gertatzen da soinua hartzeko edo erreproduzitzeko aparatuetara konektatutako entzungailuak erabiltzen direnean. Eta hori guztia bizikletak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak, esaterako) gidatzen dituzten pertsonei ere aplikatzen zaie.

Araudiaren aldaketa

Trafiko-istripuak ikertuz, gidatzean arreta galtzea oso garrantzitsua dela eta hori telefono mugikorra erabiltzen denean gertatzen dela zehaztu da. Hori da, hain zuzen ere, bide-segurtasunaren arloko jokabide gaitzesgarrienetako bat.

Hori dela eta, 2022ko martxotik aurrera, gidabaimenean puntu gehiago kenduko dira telefono mugikorra erabiltzen denean (gailua eskuarekin helduz), 6 puntu, hain zuzen ere.

Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa den ibilgailuetan, arau berriaren arabera, telefono mugikorra kaskoaren eta gidariaren buruaren artean doituta erabiltzen bada, 3 puntu kenduko dira.