Bilbao Basque Fest jaialdiak jarduera ugari antolatu ditu
Gaur, ostirala, Bilbo agertoki handi eta ireki bihurtuko da berriz ere euskal kulturaren aberastasuna goraipatzeko, Bilbao Basque Fest 2025en programaren barruan antolatutako eta egun osoan zehar egingo diren jardueren bidez. 11:30etik gauerdira arte, tradizioa eta modernitatea, gastronomia, herri-kirolak, musika, antzerkia eta esperientzia paregabeak uztartuko dituzten ikus-entzule guztientzako proposamenak eskainiko ditu uriak, Bilboko Udalak Aste Santuan antolatutako jaialdiaren harira.
Eguna Areatzan hasiko da, dastatzeko gonbita eginda. Gourmet Txokoak gaur ere goizez eta arratsaldez (11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara) irekiko dute, eta bertan dastaketa espresak eta sukaldaritza-tailerrak egingo dira, gerturatzen direnek gure sukaldaritzaren onena ezagutu eta dastatzeko aukera izan dezaten. Edukiera mugatua da, beraz, aurrez aurre eman behar da izena, eta 2 euroko diru-ekarpen sinboliko bat ordaindu behar da dirutan, AmiArte elkartearentzat dirua biltzeko.
Ostiral honetako dastaketa espresak 12:00etan hasiko dira, 1. aretoan, Gorbeialdeko Urigoitiko Txorizoa dastatzeko. 12:10ean, 2. aretoan, Iparraldeko ardi-gazta dastatuko da. 13:00etan, 1. aretoan, Iparraldeko Ezpeletako piperra izango da protagonista eta 13:10ean, 2. aretoan, Uribeko Lezama Txakolina dastatzeko aukera izango da. 14:00etan, 1. aretoan, ardo-dastaketa izango da, Araicoren eskutik (Arabako Errioxa), eta, ondoren, 14:10ean, 2. aretoan, Uribeko gilda-dastaketa gozoa. Arratsaldean, 17:00etan, Tolosaldeko loraldi ezberdinetako eztien dastaketa interesgarria izango da 1. aretoan, eta 17:10ean, 2. aretoan, Uribeko Maruri-Jatabeko artisau-izozkien txanda izango da. Eguna bi proposamenekin amaituko da: 18:00etan, 1. aretoan, Gorbeialdeko Cervus saltsak aurkeztuko dituzte eta 18:10ean, 2. aretoan, oliba-olio dastaketa izango da Arabako Errioxako Erroizen eskutik.
Apirilaren 18ko sukaldaritza-tailerrei dagokienez, 12:15ean eta 13:15ean proposamen zoragarri bat eskainiko da: hegaluze-tosta antxoa marinatuarekin eta piperrada, euskal errezeta-liburuaren funtsaren konbinazio zaporetsua. Arratsaldean, 17:15ean eta 18:15ean, klasiko baten txanda izango da: hegaluzez betetako pikillo piperra, zaporea, tradizioa eta gertuko produktua uztartzen dituen errezeta.
GUSTU GUZTIETARAKO PLANAK
Dastaketak eta tailerrak egingo diren Gourmet Txokotik oso gertu, gaur, Areatzako Kaian, euskal kulturarik benetakoenak hartuko du protagonismoa, 11:30etatik aurrera herri-kirolen jarduera, erakustaldi eta lehiaketak izango baitira. Egunean zehar, lehen mailako aizkolarien desafioaz gozatzeko aukera izango da, mozketa bertikaleko, kolpekako eta abiadurako mozketa-probekin, baita Ipar Euskal Herriko joko tradizionalen ikuskizunez ere, hala nola, lasto-altxatzea eta -jaurtiketa. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, indarra eta parte-hartzea izango dira protagonista: trontza-desafio mistoak (bi bikote) eta sokatira-proba zirraragarriak izango dira, baita munduko txapeldunez osatutako hiru bikoteren erakustaldia ere. Horrez gain, ikusleek ere parte hartuko dute, ikusleen eta tiratzaileen arteko desafioa egongo baita.
Bilboats ontzietan egingo diren ibai-ibilaldi antzeztuetan, Begotxu eta Maitane aktoreek itsasadarrean barrena bidaia dibertigarriak gidatuko dituzte berriz ere, Pio Barojako pantalanetik Carola garabiraino. Ibilbide hauek ordu erdiko iraupena izango dute eta 12 urtetik gorakoentzat zuzenduta daude. 12:00etan, 13:00etan eta 17:00etan gozatu ahal izango da ibilbideez. Sarrerek 3 euroko prezioa dute, leku-kopuru mugatua dutelako, eta webgunean daude eskuragarri, aurreko eguneko 00:00etatik aurrera.
Aurtengo berritasuna izango da Esperantzako Frontoian euskal pilotako tailerrak eta erakustaldiak egingo direla (12:00etan, 13:00etan eta 17:00etan). Zazpi Kaleetan, berriz, ibilbide antzeztua eta oso berezia egingo du Hortzmuga Teatroak, eta Bilboren historia berrezagutzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak, bertako txokorik ezagunenetatik igarota, hala nola San Anton eliza, Plaza Barria eta Areatzako kaia, 12:00etatik 14:00etara.
Antzerkiak eta umoreak ere beren une nabarmena izango dute gaur, ostirala: 18:00etan, Zabalgune eraikinean, Trotamundo Konpainiaren Historias de un baúl antzezlana ikusteko aukera izango dute familiek. 20:00etan, Gurutze Beitia aktore ezaguna igoko da Bilborockeko oholtzara, Yo y mis circunstancias umorezko ikuskizunarekin; 16 urtetik gorakoentzat gomendatuta dago, eta leku-kopurua mugatua da. Horrez gain, 19:00etan, Gasaren Plazan ohiko Dantza Plaza izango da, Gaztedi taldearen eskutik.
MUSIKA GEHIAGO BAZTER GUZTIETAN
Musika oso presente egongo da egun osoan zehar urian zehar banatutako eszenatokietan; Kaia On Set-en: Martzana 16-n DJ Estrella Electrónicaren saioa egongo da 12:00etatik 15:00etara eta arratsalde-gau partean: Medikopan 18:00etatik 21:00etara DJ saioa egongo da; Los Castos taldearen kontzertuak, Dando la Brasan 19:00etatik 20:00etara eta 20:00etatik 21:00etara Peso Neton.
Basque Fest 2025en ostiral gaueko programak emozio biziak eta Uriko hainbat txokotatik igaroko den soinu-banda zirraragarria izango ditu. Hiru gune ikonikok musika proposamen oso ezberdinak baina indartsuak hartuko dituzte, eta abangoardia eta sustraiak uztartuko dituen gaua izango da.
20:30etik aurrera, Areatzako kioskoa soinu inguratzailez eta indar eszenikoz beteko da, OrekaTX taldearen “Koklea” azken ikuskizunarekin: euskal musika tradizionala eta elementu garaikideak uztartzen dituen esperientzia sentsorial paregabea. Kontzertuak 22:00ak arte iraungo du, Itsasadarraren ondoan giro magikoa sortuta. 21:00etan, Azkena Bilbon, ON Taldearen kontzertua izango da, Basque Rock zikloaren barruan, euskal nortasuna duen rockaren zaleek goza dezaten. Eguna Kafe Antzokian amaituko da, eta bertan, 22:00etatik aurrera, Basque Fest Rock City jaialdiak energia hutsezko saio bikoitza eskainiko du, The Inciters eta The Cherry Boppers taldeen zuzenekoekin.
Hala, Bilbao Basque Fest 2025ek ostiralean jaialdiaren arima sentitu, dastatu eta bizitzeko proposamena egingo du bazter guztietan. Kultura-ospakizunaz harago, belaunaldien arteko topagune bihurtuko da, parte-hartzailea eta herritarrei eta bisitariei irekia.
Temas
Más en Bilbao
-
Bilbao La Vieja celebra dos décadas como epicentro de la vanguardia artística
-
Nico Williams, protagonista de un torneo de fútbol cuya final será en Bilbao
-
Concierto de clausura del festival Bilbao Arte Sacro que organiza el ayuntamiento en La Encarnación
-
En imágenes: Concierto de clausura del festival Bilbao Arte Sacro en La Encarnación