Astelehen honetan eguerdian, apirilaren 14an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok etxerik gabeko emakumeei laguntzen dien 'Borobiltzen' izeneko bizitegi-proiektuaren lokalak bisitatu ditu. Berarekin batera Gizarte Ekintzako zinegotzi Juan Ibarretxe eta Berdintasuneko zinegotzi Itziar Urtasun egon dira.
Aburto alkatearen hitzetan, "Udalean bazterkeriaren aurkako borrokari heltzen diogunean, zalantzarik gabe, non bizi ere ez daukatenak dira okerren dauden pertsonak. Egoera larri hori are iraingarriagoa da kalean bizi diren emakumeez ari garenean. Erantzun zehatza da hau, ez drama bakoitzari aurre egiteko bakarrik, baita egoera bakoitzerako konponbide pertsonalizatua aurkitzeko ere".
Alkateak Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera egin du bisita, eta Itziar Urtasun besteak beste Berdintasuneko zinegotzi arduradunarekin ere bai, proiektua etxerik ez duten emakumeei soilik eskaintzen baitzaie.
Erantzun integrala
'Borobiltzen' proiektuaren bidez, erantzun integrala eman nahi zaie Bilbon gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeei, bizitzeko leku duin bat izan dezaten, oinarrizko premiak asetzen dituena, eta, hezkuntza-arloko laguntzaren eta babesaren bidez, modu autonomoan bizitzeko behar diren gaitasunak eta jarduna eskura ditzaten.
Hezkuntza-taldeak elkarren artean lotutako bi espaziotan lan egiten du: alde batetik, egoitza-baliabideak (etxebizitzak) eta, bestetik, eguneko zentroa.Emakume horiek udal-aterpetxeetatik, kaleko egoeratik, baldintza ez duinak edo prekarioak dituzten logeletako edo ostatuetako biziraupen-egoeretatik datoz.
'Borobiltzen' proiektuaren helburu espezifikoen artean, honako hauek daude: emakumeen alojamendua ziurtatzea; arreta eta laguntza emateko banakako plan bat garatzea, etxebizitzan gutxienez hiru hilabete bizi direnen autonomia sustatzeko; eta 'Borobiltzen'-ek edo auzoko beste gizarte-eragile batzuek eskaintzen dituzten jarduera interesgarrietan parte hartzea sustatzea.
'Borobiltzen' programa pieza garrantzitsua da Bilbo Balioen Hiria proiektuaren helburua lortzeko, Bilboren Balioen Agirian islatua.