Euskadiko eta nazioarteko pertsonaia handiak urian biltzen dituen BilbaoPoseía jaialdia bere programazioaren erdigunera iritsi da. Datorren ostiralean, martxoak 21, Poesiaren Munduko Eguna ospatuko da, 19:00etan, Jessica Zuan suitzarraren, Lauren Mendinueta kolonbiarraren eta Miren Agur Meabe lekeitiarraren eskutik

Bilboko Udalak sustatzen duen BilbaoPoesía literatur jaialdia Bidebarrietako liburutegian egiten da martxoaren 14tik 22ra. Bere 26. edizioan Euskadiko eta nazioarteko eta Estatuko pertsonaia handiak bilduko ditu, hainbat literatur topaketa eta kontzerturen bidez.

Topaketa hau doakoa da, baina sarrera aldez aurretik Bilbao Kulturaren web orrian erreserbatu beharko da.

Lauren Mendinueta gaztelaniazko poesia garaikidearen ahots garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Hainbat sari jaso dituen bere obra poetikoa gai unibertsalei buruzkoa da, hala nola heriotza, mina, bakardadea, denbora, maitasuna eta edertasuna hizkuntza zehatz eta argi batez jorratzen du.

Jessica Zuanek erromantxez idatzitako hiru poema liburu argitaratu ditu, bere herrialdeko lau hizkuntza ofizialetako bat. Romanche la Littertura aldizkariaren egilea da eta hainbat sari irabazi ditu; Suitzako poesia garaikidearen ahots indartsuenetako bat kontsideratzen da.

Horiekin batera, Miren Agur Meabe lekeitiarra izango da Bidebarrietan. Euskaltzain osoa da eta poesiaz gain, narratiba idazten du helduentzat, haurrentzat eta gazteentzat. Bere poesia lanak Kritikaren Saria jaso zuen 2001 eta 2011n, eta Poesiaren Sari Nazionala 2021ean, jatorriz euskaraz idatzitako poema-liburuengatik.

Martxoaren 19tik 22ra bitarteko programazioa

Literatur topaketa honetaz gain, BilbaoPoesía 2025 ekimenaren egitaraua "Visiones y versiones" lanarekin osatuko da. Martxoaren 19an, asteazkena, Sara Herrera Peralta, Aroa Moreno, Ben Clark eta Tere Irastortza izango dira bertan.

Hamahiru poema-libururen egilea, Sara Herrera Peraltak Martín García Ramos Nazioarteko Gazte Poesia Saria, Ana de Valle Saria eta Carmen Conde Saria jaso ditu, besteak beste. Aroa Morenok hainbat poesia liburu argitaratu ditu. Horrez gain, 2017ko Ojo Crítico de Narrativa saria irabazi du "La hija del comunista" eleberriagatik eta Prix Grand Continent 2022 saria "La bajamar" lanagatik. Hainbat sari jaso ditu, baita ere, Ben Clark ibizenkoak, bere obra poetiko nabarmenarekin, horien artean 2017ko Loewe Saria, 2014ko RNE Poesiako Begi Kritiko Saria edo RNE Gazte Poesiako IV. Saria. LHauekin batera, Tere Irastortza poeta gipuzkoarra izango da, euskarazko poesiaren Kritika Sariaren irabazlea. Bere poemak italierara, gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, katalanera eta galizierara itzuli dira.

Ostegunean, hilak 20, Luis Muñoz, Amalia Iglesias eta Maribel Andrés Llamero izango dira protagonista "Lugares para el fuego" errezitaldi poetikoan. Luis Muñoz granadarrak hainbat poesia lan argitaratu ditu eta Ojo Crítico, Generación del 27, Ciudad de Córdoba y Público sariak jaso ditu. Amalia Iglesias palentziarrak lau hamarkadatik gorako ibilbidea egin du kultur kazetaritzan eta poesian eta hainbat sari eskuratu ditu: Adonais 1984an, Alonso de Ercilla 1987an eta Francisco de Quevedo 2006an. 2004an Kordobako Poesiako Errege Akademiako Don Luis de Gongora Urrezko Domina eman zioten bere obra osoagatik. Maribel Andrés Llamero salamankarra Salamankako Unibertsitateko hizkuntza modernoen saileko literaturako irakasle elkartua da eta eta bere poema-liburuek XXXIV. Poesiaren Hiperion Saria jaso dute.

BilbaoPoesiak Manuel Gerenaren kontzertu flamenkoarekin itxiko du 26. edizioa martxoaren 22an, larunbata. 30 disko grabatuta eta 3.000 kontzertu baino gehiago emanda, poesia eta flamenkoa dira sevillarraren bereizgarriak. Plazaz plaza askatasunari abesten jarraitzen dion Kantautore flamenko bezala definitzen da.

Ekitaldi guztiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira 19:00etanMartxoaren 22ko kontzertuak 5 euroko kostua izango du. Programatutako gainerako jarduerak doakoak izango dira, baina aldez aurretik gonbidapenak erreserbatu beharko dira. Sarrerak eta gonbidapenak Bilbao Kulturaren webgunean eskuratu ahal izango dira.

BilbaoPoesíak Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren ildoetako bati erantzuten dio. Plan horren bidez, poesia sustatu eta zabaldu nahi da Bilboko herritarren artean, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko hainbat egileren lanak hurbilduz.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kultura zabaltzeko duen gunea da. Bere helburuen artean literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dago. BILBAOPOESÍAn programatutako errezitaldiak streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.