Bilboko Udalaren 'Zibersegurtasuna herritarrentzat' proiektuak saria izan dezake
Sariak bihar, martxoak 18, emango dira, Madrilen egiten den #Aslan2025 Biltzarraren esparruan
Zerbitzu hobeak emateko, eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak optimizatzeko prozesu horietako buru izan diren arduradunen ahalegina aitortzen dituzten @Aslan sarietara nominatu dute Bilboko Udalaren 'Zibersegurtasuna herritarrentzat' proiektua.
Bilbo, hiru finalisten artean egon dena, administrazio publikoaren kategoriaren barruan lehiatu da 61 administrazio eta erakunde publikoren 77 ekimen-proposamenekin. Entitate horiek zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko eraldaketa digitaleko proiektuetan murgilduta daude.
Adimen artifiziala, automatizazioa eta 5G bezalako teknologiak izan dira protagonista edizio honetako proiektu askotan. Antolatzaileen arabera, "Next Generation EU funtsen gauzatze-maila handia da" edizio honetan. Sariak bihar, martxoak 18, emango dira, Madrilen egiten den #Aslan2025 Biltzarraren esparruan.
Kategoria bakoitzeko hiru proiektu finalisten hautaketa prozesu ireki eta garden baten bidez egin da. Prozesu horretan, @aslan enpresa elkartuek eta Administrazio Publikoekiko Harremanetarako Batzordeak parte hartu dute bozketekin.
Ekimen berritzailea Bilbon
"Herritarrentzako zibersegurtasuna" proiektua, hirian joan den otsailetik ezarri dena, ekimen erabat berritzailea da, eta zerbitzu berri eta garrantzitsuak ematen ditu, segurtasun digitala hobetzeko eta ziberdelituen kopurua minimizatzeko. Sistema horrek segurtasun-mekanismoak ditu, udaleko WIFI sarean detektatutako online mehatxuak identifikatu eta blokeatzeko. Aldi berean, mehatxuak eragindako pertsonari bere gailuan mehatxu bat dagoela jakinarazten dio, alerta automatikoen sistema baten bidez. Modu berean, proiektuak soluzio prebentibo bat eskaintzen du. Izan ere, herritarrei prestakuntza emateko programak ditu, mundu digitalean pertsonak babesteko tresnekin ahalduntzeko.
Gogoratu behar da Bilbo dela zerbitzu teknologiko hori duen estreinako administrazio publikoa. Zerbitzua guztiz eskalagarria da eta beste erakunde batzuei aplika dakieke estatuan nahiz nazioartean.
Ez da lehenengo aldia ekimen honek sari bat jasotzen duela. Jada finalista izan zen "Global Mayors Challenge 2021" sariketa ospetsuan. Hasierako fase batean, proiektuaren definizioa aurkeztu zen, eta modu esperimentalean lan egin zen 4 hilabetez, Bloomberg Fundazioarekin batera, arazoa eta konponbidea azken erabiltzailearekin kontrastatzeko, hau da, adinekoekin, ikasleekin, unibertsitateekin eta zibersegurtasunarekin lotutako eragileekin: Udaltzaingoa, Ertzaintza, Basque Cybersecurity Centre, besteak beste.
Ondoren, Udalak Irontech enpresaren "Nuevos Caminos" saria eskuratu zuen, bilbotarren segurtasun digitala hobetzeko egindako lan eta estrategiagatik. 2024ko bukaeran, berriz, "Seoul Smart City" saria jaso zuen hiri horretan, "Human CentriCity" kategorian.
@Aslan
@Aslan elkarteak 35 urtetik gorako ibilbidea du, eta berrikuntza digitalaren eta zibersegurtasunaren industria biltzen du Espainiako estatuan. 100.000 profesionalez osatutako ekosistema bat du, Urteko Jarduera Plana bultzatzen laguntzen duena, teknologia zabaltzeko, erakundeen lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzeko tresna gisa. 2025ean maximo historikora iritsi da, 193 enpresa bazkidetu baitira, azken bi urteetan hazkunde nabarmena izan ondoren. Gaur egun, konpainia askok osatzen dute elkartea (IT fabrikatzaileak, operadoreak, datu-zentroak, integratzaileak, banatzaile handiak eta cloud zerbitzuen hornitzaileak), enpresa bazkidetuen artean harremanak eta negozioa sustatzen dituen ekosistema bat osatuz. Urtero, erreferentziazko ekitaldi teknologikoa den Expo Aslan kongresua antolatzen du.